Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/18

Andoaingo EAJ-PNVk dekalogoa prestatu du herriko eragileekin egindako parte hartze prozesuan jasotako ideiekin

Jeltzaleek kopromisoa hartu dute Andoaini behar duen bultzada emateko; pertsonen babesa eta ekonomiaren suspertzea izango dira lehentasunak.
Andoaingo EAJ-PNVk dekalogoa prestatu du herriko eragileekin egindako parte hartze prozesuan jasotako ideiekin

Herriko eragileekin egindako parte hartze eta alderatze prozesua amaitu ondoren, Andoaingo EAJ-PNVk maiatzeko udal eta foru hauteskundeetarako prestatu duen dekalogoa aurkeztu du. Andoaingo Alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Mari Jose Izagirrek, aurreratu du  helburua honakoa izango dela: norabidea aldatu eta herriari behar duen bultzada ematea. Izan ere, Andoain geldituta dago Bilduren kudeaketa kaxkarraren ondorioz. Hori dela eta, herria berpiztea izango da jeltzaleen erronka nagusiena, bai eta pertsonen babesa eta ekonomia suspertzea ere.

EAJ-PNVren dekalogoaren puntu garrantzitsuenak honakoak dira:

Pertsonak babestea izango da geure lehentasuna

Kalitatezko gizarte zerbitzuak bermatuko dizkiegu andoaindarrei. Herritarren bizi baldintzak hobetu nahi ditugu, eta, horretarako, babes sistema indartuko dugu, duintasuna, solidaritatea eta giza eskubideak oinarri hartuta.

Zerbitzu sozialen mapa eguneratu eta behar berriei erantzungo diegu

Gero eta bizilagun gehiagok jotzen dute gizarte zerbitzuetara egoera ekonomikoaren eta gizartearen zaharkitzearen ondorioz. Arreta berezia jarriko dugu gizarte-bazterketa arriskuan daudenengan eta menpekotasun egoeran bizi diren adinekoengan.

Eskualdeko garapen agentzia eratuko dugu Buruntzaldeako gainerako herriekin

Buruntzaldeako herri guztiei zerbitzua emango dien eskualde agentzia integratzailea eratuko dugu, ekonomia garatu eta enplegua sustatzeko. Andoaingo herriaren partaidetza aktiboa ahalbidetuko duten ekimen bateratuak bultzatuko ditugu.

Andoaindarrentzat lan aukerak berriak eta enplegua sustatuko ditugu

Lanbiderekin bitartekaritza zerbitzua eratuko dugu behar handienak dituztenentzat. Denbora luzean langabezian egon direnengan ipiniko dugu arreta. Kontratazioetan andoaindarrek lehentasuna izatea bermatuko dugu, familia kontziliazioa erraztu eta gazteentzako lehen aukera bekak martxan ipiniko ditugu.

Enpresen jarduera eta garapen ekonomikoa ahalbidetzeko ingurune egokiak sustatuko ditugu

Ekonomia sustatzeko foro bat eratuko dugu, lanbide heziketako ezagutza enpresa sareetara bideratzea bultzatuko dugu eta enpresa jarduera berriak gauzatzeko inguruneak sortuko ditugu. Enpresa haztegiak, coworking-a, aholkularitza eta tutoretza zerbitzuak bultzatuko ditugu, besteak beste.

Bertako merkataritza sustatu eta Andoaingo kaleak suspertuko ditugu

Merkataritza-ardatza bultzatuko dugu, ingurune urbano erosoak sortuz eta jarduera ekonomiko berriak ezartzea erraztuz. Hutsik dauden lokalen alokairua bultzatuko dugu, erreformak egitea ahalbidetuz eta baimenak erraztuz. Garbitasuna, argiztapena, azpiegitura eta kaleen mantenua bermatuko ditugu. 

Kultura, ingurugiro eta aisialdirako turismoaren erreferente bilkatuko ditugu Andoain eta Leitzaran

Leitzaran bailara sustatuko dugu kirola, formazioa eta aisialdiko jardueren bidez. Herriko ostatu eta alojamendu eskaintza zabalduko dugu turismo ekologikoa, gastronomikoa eta kulturala eskaintzeko.

Ur sarean hobekuntza lanak egingo ditugu

Ur hornidura sarearen fasekako hobekuntza progresiboa gauzatuko dugu; funtzionaltasun, ingurugiro eta ekonomiaren ikuspuntutik zerbitzu optimizatu bat bermatzeko.

Txipadun edukiontzi marroia ezarriko dugu eta hondakinen bilketari soluzioa emango diogu

Organikoaren bilketa selektiboa gauzatzeko bosgarren edukiontzia ezarriko dugu herri osoan; bizilagunen artean sailkatze eta birziklapenaren kultura hedatuko dugu. Kanpaina ezberdinak abiatuko ditugu herritarrak sentsibilizatu eta gehien birziklatzen dutenei onurak emateko.

Andoain aktibo eta dinamikoa berreskuratuko dugu herritarren eskutik

Andoain erakargarria, aktiboa eta bizia bultzatuko dugu; ilusioa sortuko duena, irekia, jasangarria, baloreetan aberatsa, humanoagoa eta erosoa. Herritarrekin lankidetzan gobernatuko dugu, modu ireki batean.


“Hilabeteak eman ditugu herriko eragile sozial eta ekonomikoekin lanean. Andoaindarren behar eta lehentasunak ezagutu ditugu, beraz, prest gaude herriak behar duen norabide aldaketa gidatzeko”, ondorioztatu du Izagirrek. Hautagai jeltzaleak EAJ-PNVren hautagaitzaren indarra eta ahalmena nabarmendu ditu, taldeak esperientzia eta gaztetasuna uztartzen dituelako, adin eta lanbide ezberdinetako gizon-emakumeekin. “Bestelako Andoain baten alde egiteko grinak batzen gaitu denak”, erantsi du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

YouTube