Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/14

Eneko Goiak esan du Bilduk ez duela proiekturik Donostiako etorkizunarentzat

Hautagai jeltzaleak hirian beste gune erakargarriak sortzearen alde egin du: “Horrek azpiegiturak egiteko esfortzuak egitera behartuko gaitu, besteak beste, Donostialdeako Metroa, hain zuzen ere, hiriko mugikortasuna eraldatuko duen azpiegitura”.
Eneko Goia

EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak ETB1eko Egun On Euskadi saioan parte hartu du gaur goizean eta, bertan, Donostiako hainbat gai jorratu ditu eta legealdiaren balantzea egin du. Horren harira, Goiak esan du, legealdia ez dela ona izan eta agerian gelditu dela Bilduk ez duela proiekturik Donostiako etorkizunarentzat. Lau urteotan, Bilduk oinak lurrean jarri behar izan ditu eta erakutsi du ez duela gaitasunik kudeatzeko. Dogmatismoa, sektarismoa eta inposizioa izan dira Bilduren aginteko udal gobernuaren ardatzak, izan ere, Bilduk 27 zinegotzietatik 8 baino ez ditu izan eta bere iritzia inposatzen ahalegindu da.

Hortaz, EAJ-PNVren Donostiako alkategaiaren ustez, hurrengo legealdian, lehenik, donostiarron iritzia ezagutu beharko dugu eta, ondoren, adostasun handia lortu beharko dugu, hain zuzen ere, Donostiaren egonkortasunari mesede egingo dion adostasuna. Izan ere, egonkortasun handiena lortzen duenak gobernatuko du Donostiako Udala hurrengo lau urteetan”.

Era berean, Eneko Goiak, hirian beste gune erakargarriak sortzearen alde egin du: “Horrek, azpiegiturak egiteko esfortzuak egitera behartuko gaitu, besteak beste, Donostialdeako Metroa, hain zuzen ere, hiriko mugikortasuna eraldatuko duen azpiegitura”. Hortaz, Goiak Donostialdeako Metroaren proiektuarekin jarraitzearen alde egin du, izan ere, nahiz eta Donostiak autobus zerbitzu ona duen, hainbat muga ditu. Horiek horrela, EAJ-PNVren hautagaiaren ustez, Donostialdeako Metroa ezinbestekoa da mugikortasunaren eraldaketa hori lortzeko.

Hautagai jeltzaleak, halaber, honakoa adierazi du: “Nahiz eta Donostiak berak turismoa erakartzeko gaitasuna duen, urtaroko izatea du. Hau da, apiriletik urrira bitartean turista asko etorzen dira Donostiara, baina azarotik martxora bitartean ez hainbeste. Hori dela eta, oso garrantzitsua da beste gune erakargarriak sortzea”.

Eneko Goiak bere buruari kritika egin dio ere: “Baldin eta turismoa kontuan hartzen badugu, hiriak une gozoa bizi du, baina asko dago egiteko Donostia nazioartekotzeko. Beraz, hiri-anaituekin harremana indartu behar dugu eta, era berean, Donostiaren tamaina antzekoa duten hiriekin sarea sortu behar dugu, elkarlanean aritzeko eta Donostia gehiago ezagutzera emateko”.

Anoetako Estadioa, Igeldo eta kultura hiriburutzari buruz ere hitz egin du EAJ-PNVren Donostiako alkategai Eneko Goiak. Anoetako Estadioari buruz, Eneko Goiak segidakoa azpimarratu du: “Baldin eta Udalak estadioa birmoldatu nahi badu, gehiago inplikatu behar du. Udalak ezin du proiektua hirugarren baten eskutan utzi, baizik eta argi izan behar du zer egin nahi duen estadioarekin eta, ondoren, ikusiko du nola egiten duen”.

Igeldori buruz, Goiak berretsi du legealdiaren hasieran esandakoa: “Debak Itziarri egindako proposamena egingo dugu, hain zuzen ere, Igeldo Tokiko Entitate Txikia izateko proposamena, betiere, Igeldo errealitate eta nortasun berezia duela onartuta. Baina aitzitik, egun gaia epaile baten esku dago eta, beraz, errespetatzen dugu Igeldoko Herri Kontseiluak ez duela horri buruz hitz egin nahi epaia egon arte. Dena dela, baldin eta epaiak Igeldo udalerri izatearen aurkakoa bada, EAJ-PNVk berriro ere  Tokiko Entitate Txikia izateko proposamena egingo du, izan ere, uste dugu egokiena dela”.

Azkenik, kultura hiriburutzari buruz, Eneko Goiak segidakoa esan du: “2016ko hiriburutzak aukera bat izan behar du hiriarentzat, hain zuzen ere, Donostia bere kulturagatik ezagutzera emateko aukera. Hori dela eta, egun garrantzitsuena da Donostia 2016ko taldeari lan egiten uztea, izan ere, taldeak gaitasuna du proiektua osatzeko eta garatzeko”. Era berean, Hiriburutza eta Kontseiluaren hitzarmenari buruz, hain zuzen ere, 2016an hizkuntz txikien kongresua egiteko hitzarmena bertan behera uzteko aukerari buruz, Eneko Goiak adierazi du: “Garrantzitsuena da ekimena egingo dela bermatzea. Beraz, baldin eta epaileak hitzarmena bertan behera uzten badu, beste aukera batzuk prest eduki behar ditugu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...