Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/04/12

Markel Olano: gazteen etorkizuna industriari zuzenean lotuta dago kalitatezko lan egonkorra bermatzen duelako

GBBko presidenteak, Joseba Egibarrek, ziurtatu du “Gipuzkoak norabide aldaketa behar duela herritarrek ez dutelako bat egiten ezker abertzalearen proiektu politikoarekin ez eta bere gobernatzeko moduekin”.
Markel Olano

Gipuzkoako Euzko Alderdi Jeltzalearen ordezkariak Tolosan izan dira gaur eguerdian maiatzeko hauteskundeetarako EAJ-PNVren Tolosaldeako hautagaiak aurkezteko. Ekitaldian, Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak, Markel Olanok, bere alderdiak industria sarea babesteko daukan konpromisoa berretsi du, etorkizuneko belaunaldientzat berebiziko garrantzia daukalako sektore honek. “Gazteen etorkizuna industriari zuzenean lotuta dago kalitatezko lan egonkorra bermatzen duelako”, argudiatu du.

Ohartarazi du Tolosaldeako enpresak egoera ekonomikoaren ondorioak jasaten ari direla, eta “egoera larrian” daudela krisia hasi zenetik sei urte igaro diren honetan. Hala ere, “itxaropenerako zantzuak” daudela adierazi du, sektorea jarduera eta lanpostuak bermatzeko ahalegin izugarria egiten ari delako. Olanok   jakinarazi du, egoera honetan ezinbestekoa dela administrazioak enpresen ondoan egotea eta babesa ematea. Salatu du ezker abertzaleak ez duela hala egin, azken lau urteotan frogatu den bezala.

Ezker abertzalearen utzikeria jarrera horren aurrean, EAJ-PNVk enpresa sarea babesten jarraituko duela ziurtatu du, hala egiteak “onurak ekartzen dizkielako herritar guztiei eta gizarte osoari”. Zentzu horretan, gogoratu du gizarte zerbitzuak industriari lotuta daudela: “Enpresak indartsuak badira, aberastasuna sortzen dute eta kalitatezko gizarte politikak bermatzen dira”.

“Euskadin eta Gipuzkoan solidarioak gara gai garelako aberastasuna sortu eta era solidarioan banatzeko”, zehaztu du, eta erantsi du Gipuzkoako gizarte zerbitzuak “Europako herri aurreratuenen mailan eta Estatukoenen oso gainetik” daudela.

Arlo horietan sakontzen jarraitzeko eta gipuzkoaren ongizatea bermatzeko konpromisoa azadu du Olanok, eta, hori egin ahal izateko, babesa eskatu die gipuzkoarrei EAJ-PNV izango delako herritarrek eskatzen duten aldaketa gidatuko duena: “Aldaketa antzematen da; ezker abertzalearen politikak iragana dira, eta EAJ-PNVrenak, etorkizuna”.

Ildo berean mintzatu da Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar: “Gipuzkoak norabide aldaketa behar du herritarrek ez dutelako bat egiten ezker abertzalearen proiektu politikoarekin, ez eta bere gobernatzeko moduekin”. Salatu du “ezker abertzaleak ez daukala herritarrengan konfiantzarik, eta horregatik jotzen duela kontrolera eta inposiziora”.

EAJ-PNVk kontrakoa egiten duela nabarmendu du. Izan ere, “alderdiak beti izan du konpromiso sendoa politika, demokrazia eta etikarekin, eta Herri honen eraikuntza herritar guztien giza eskubide guztien eta Euskadirekiko errespetutik abiatu du”.

Egibarrek gogoratu du alderdi guztiek ez zutela  jeltzaleen bide bera hartu, eta baten batzuk pentsatu zutela “beste estrategia” batzuk ere uztar zitezkeela. Zoriononez indarkeria amaitu zela esan du, baina ETAk iragarri zuenetik hiru urte eta erdi igaro diren honetan, iraganaren irakurketa kritikoa egin behar dela nabarmendu du, bai eta gure Herriaren izenean urratu ziren giza eskubideen ardurak argitu ere.

Egibarrek jakinarazi du EAJ-PNVren beste indargune bat dela bere alderdiak nazio eraikuntza “egunez egun” egin duela, eta, beste batzuk ez bezala, “jeltzaleak ez direla askapenerako egun handiaren zain egon eta ez dituztela alderdiaren interesak herritarrenen aurretik jarri”. Bere ustetan, “ezker abertzaleari boterea kontrako eztarritik joan zaio bere agenda iraganeko estrategia oker eta ankerraren ondorioez beteta dagoelako”. Zentzu horretan, erantsi du “EAJ-PNV Herri honi aurrera egitea ahalbidetu dioten erabakiak hartzen ari zen bitartean, ezker abertzalea ez dakit zein iraultzaren zain zegoela, eta ez zuela parte hartzen Herri honen aldeko eztabaida eta gaietan”. “Urtetan beste nonbait egon ondoren, Aldundira iritsi dira eta guk baina hobeto egiten dutela diote, baina argi gelditu da ez daukatela benetako programa alternatiborik”, zehaztu du. “Iraganean asmatu genuen beti errespetatu izan ditugulako gure Herria eta herritarrak”, amaitu du argi uzteko “EAJ-PNVk gure Herria ez duela behin ere irteerarik gabeko kalezulotan sartu”.

Tolosako EAJ-PNVren hautagaiak, Olatz Peonek, egin ditu anfitrio lanakekitaldian, eta bertan izan dira bailarako beste zenbait hautagai: Zizurkilgoa (Marian Lazkano),  Anoetakoa (Kepa de la Iglesia), Irurakoa (Ana Leunda), Ibarrakoa (Itziar Jauregi), Asteasukoa (Luke Uribe-Etxebarria)eta Ikaztegietakoa (Patxi Uranga).

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...