Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk Mari Jose Izagirre buru duen hautagaitza aurkeztu du, Andoainek behar duen bultzada emateko
Jeltzaleek esperientzia eta gaztetasuna uztartu dituzte herriaren norabidea aldatzeko diseinatu duten zerrendan.
Andoaingo Euzko Alderdi Jeltzaleak Mari Jose Izagirre buru izango duen hautagaitza aurkeztu du, gaur arratsaldean, Bastero kulturgunean. GBBko presidentea, Joseba Egibar, eta Gipuzkoako Aldundirako EAJ-PNVren hautagaia, Markel Olano, ere izan dira bertan, Izagirre eta bere taldeari babesa emateko. Zerrendaburuak ekitaldian azaldu duenez, Andoain “geldituta” dago Bilduk azken lau urteetan egindako kudeaketaren ondorioz, eta EAJ-PNV prest dago herriak behar duen 180 graduko norabide aldaketa emateko.
Jeltzaleen zerrendak esperientzia eta gaztetasuna uztartzen ditu, adin eta lanbide ezberdinetako gizon-emakumeek osatzen baitute. Bestelako Andoain baten alde egiteko grinak batzen ditu denak, Izagirrek adierazi duenez. Jakinarazi du bere taldean arlo pribatuko eta publikoko adituak daudela, bai eta ideia eta ekarpen berriak egingo dituzten gazteak ere. “Punta-puntako lantaldea osatu dugu, eta andoaindarren konfiantza lortuko dugunaren itxaropena dugu”, nabarmendu du.
Izagirreren hautagaitzako kideentzat lehentasunezkoa da Andoainen norabidea aldatzea, herria geldituta baitago Ana Carrere eta Bilduko Udal Gobernuaren gestio kaxkarrarengatik. Izagirrek salatu duenez, alkateak lau urte “galdu” ditu: “Ez du apenas proiekturik abiatu eta beretarrentzat bakarrik gobernatu du, ezker abertzalearen interesekin bat egiten ez zuten intereseko proiektu guztiak baztertu ditu”. Eskualdeko garapen agentzia, hondakinen kudeaketa eta ur hoditeria sarearen adibideak jarri ditu ohartarazteko Carrerek konpondu ez dituen gai zerrenda “benetan luzea dela”. Ildo horretan, ohartarazi du “ez dela aurrera pausorik eman, eta Andoainek, geldituta dagoenez, paralizatzeko arriskua daukala”. EAJ-PNV herriari behar duen bultzada emateko prest dagoela gaineratu du, “geldirik egotea atzean gelditzea delako”.
Gobernatzeko erak aldatzeko konpromisoa ere hartu dute jeltzaleek. “Bilduren Gobernuak Udala erabili du ezker abertzalea asebetetzeko, eta ez ditu kontuan hartu herritarrak. Parte hartzeaz hitz egiten dute, baina, gero, ez dute praktikatzen”, kritikatu du Izagirrek. Jarrera baztertzaile horietatik urrun, hautagaiak aurreratu du bere lantaldeak lanean jarraituko duela herriko eragile eta bizilagunen eskutik, orain arte egin duen moduan. Horretarako, bilerak egiten jarraituko dute herritarren beharrak ezagutu eta gobernu programarako ekarpenak jasotzeko. “Herri bat gidatzeko ezinbestekoa da herria maitatzea eta herritarrak errespetatu, entzun eta beren errealitatea ezagutzea”, erantsi du zerrendaburuak.
Jarraian, Egibarrek hartu du hitza, eta bere alderdiak Herri honetan hartu diren erabakietan “asmatu duela” ziurtatu du. Azaldu duenez, “EAJ-PNVk beti izan du konpromisoa politikarekiko, demokraziarekiko eta etikarekiko”. Ildo horretan, adierazi du “ez dela berdin politika egitea Herri honengan eta herritarrengan errespetua duzulako, eta horiekiko konpromiso etikoa duzulako, edota bide politiko eta demokratikoen alde egitea beste bide batzuk baztertu dituzulako, politikoki eraginkorrak ez ziren estrategiak alboratu dituzulako”. ETAk indarkeria utzi eta hiru urte eta erdi igaro diren honetan, uste du ezker abertzaleak politikarekin bat egin nahi badu modu “serio eta erabatekoan” egin behar duela.
Gipuzkoako Aldundirako hautagaiak, Markel Olanok, Gipuzkoa eta herri hobe batzuk lortzea helburu duen proiektu politikoaren alde egingo duela berretsi du, pertsonak politikaren erdian kokatuko dituena, alegia. “Beste batzuk ez bezala, guk herritarrak entzungo ditugu eta lankidetza bultzatuko dugu herritarrekin, eragile sozialekin eta enpresekin. Inoiz ez dugu inposatuko; eskua luzatuko diegu herritarrei guztiok batera aurrera egin dezagun”, aurreratu du.
EAJ-PNVren Andoaingo hautagaitza honako gizon-emakumeek osatzen dute: Mari Jose Izagirre (zerrendaburua), Imanol Goenaga (arkitektoa), Iñaki Egibar (gizarte baliabideak. Eusko Jaurlaritzako langilea), Gregorio Olasagasti (irakaslea), Ainhoa Elola (abokatua), Joseba Poza (ingeniaria. Salerosketen arduraduna), Andoni Elosegi (taxi gidaria), Xole Irigoras (ingeniaria), Gorka Artola (ingeniaria. I+D+I alorrean aditua), Idoia Mikelez (biokimikan graduatuta), Jose Antonio Rivas (administratiboa), María Soriano (etxekoandrea), Esther Arizmendi (garbitzailea), Aritz Amondarain (mekanikaria), Koldo Huizi (komertziala), Nerea Arregi (komunikazioan eta marketinean aditua), Edurne Britt (garbitzailea), Andoni Baltasar (EAJ-PNVren bozeramailea Udalean) , Iñaki Irulegi (kooperatibista) eta Antonio Guedejo (Andoaingo Juntako presidentea).
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


