Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/23

Errenteriarako EAJren hautagaitzak gaztetasuna, ilusioa eta kudeaketarako esperientzia uztartzen ditu

Maite Peña zerrendaburuak bere taldearen ezaugarri nagusi gisa azpimarratu ditu, Errenteria eta errenteriarren alde lan egiteko gogo eta ilusioa, eta baita gobernatzeko eta herriak behar duen aldaketa lidertzeko gaitasuna
Errenteriarako EAJren hautagaitzak gaztetasuna, ilusioa eta kudeaketarako esperientzia uztartzen ditu

Errenteriako EAJ-PNVk ezagutzera eman du, datorren maiatzeko udal hauteskundeetara aurkeztuko duen zerrenda. Maite Peña zerrendaburuak azaldu du, bere taldeak gaztetasuna, ilusioa eta kudeaketarako esperientzia uztartzen dituela. “Talde anitza dela azpimarratu du Maite Peñak, afiliatuz eta bai eta independente ugariz osatua, hauen artean Eusko Alkartasuna eta Hamaikabateko kide izandakoak, Errenteria eta errenteriarren alde lan egiteko nahiak batzen dituena”. “Herritarren benetako beharrei erantzuten dien hautagaitza da, Errenteria gobernatzeko eta herriak behar duen aldaketa lidertzeko gai dena; kudeaketa ona, gardentasuna, gertutasuna oinarri izango dituena eta  errenteriarrei etengabe entzungo diena” azaldu du. Maite Peñak azpimarratu nahi izan du bere taldearen lehentasuna ekonomia dela, gure herriaren antzinako izaera industriala indartu eta berreskuratu eta kalitatezko lanpostuak sortzeko. Horretarako, Errenteriak erakundeen arteko elkarlana bultzatuko duen, Aldundiarekin nahiz Eusko Jaurlaritzarekin batera lan egiteko gai izango den eta lan politiko eraginkorra gauzatuko duen gobernua behar du. Aipatutako guztia ez da izan Ezker Abertzalearen Gobernuaren jardunaren ardatza inondik inora.

Maite Peña buru duen talde aurkeztu berriak bere lana orain hilabete batzuk hasi zuen, “Zure Errenteria” ekimenaren barruan, herriaren egoeraren, auzoen eta herritarren beharren analisia egiten; norbanakoen nahiz elkarteen iritzi eta ekarpenak jasotzen eta eragile desberdinekin elkartzen, guztion artean Errenteria eta errenteriarren behar errealen diagnosi bat egiteko asmoz. “Gure helburua, herritarren behar eta eskaerak kontutan hartu eta hauei erantzuten dien programa bat aurkeztea da, proposamen eta proiektu berriekin eta herritarren ongizatea eta bizi kalitatea hobetuko dituzten ekintzekin” adierazi du.

Bere perfil eta lan ibilbideengatik, dio hautagai jeltzaleak, esperientzia eta kudeaketarako gaitasuna duen taldea da; “krisi garai honetan, ilusioa, ideia berriak eta irtenbideak ekarriko dituen talde sendo bat osatu dugu”, gehitu du Maite Peñak.

Hautagaitzaren buruan Maite Peña, egungo udal talde jeltzalearen bozeramalea, EAJ-PNVko lurralde zuzendaritza-batzordeko kide eta lanbidez abokatua dena. Honen atzetik, lehen hamabi postuetan, Manu Franco, Industri Ingeniari Teknikoa eta Ingurugiroan Masterra; Garbiñe Oyarbide, arkitektoa; Marta Barea,  zinegotzia eta estetikako profesionala; Ivan Salvador, Enpresen Zuzendaritza eta Administrazioan Lizentziatua; Eli Murua, Biologian Lizentziatua eta Irakaskuntzan Masterra; Juan Mari Iñiguez de Heredia, Medikuntza eta Kirurgian Lizentziatua, ospitale larrialditako medikua; Edurne Azpitarte, administraria; Jose Mari Burgos, Maisu Industriala; Imanol Cidoncha, Industri Grafikoko langilea; Zuriñe Alijostes, Zuzenbidean Lizentziatua; eta Iñaki Olaizola, merkataria.

Amaitzeko, berak eta bere taldeak orain arte bezala Errenteria eta errenteriarren alde lanean jarraituko dutela adierazi du Maite Peñak, eta datozen egunetan, ezagutzera emango dute azken hilabeteetan jaso dituzten herritarren ekarpenekin osatutako programa. Peñaren hitzetan “galdutako denbora berreskuratzeko garaia da, egungo udal gobernu taldearen kudeaketarako ezgaitasuna eta ekimen ezari aurre egiteko garaia; EAJ-PNV ilusioz betetako proiektu sendoarekin eta gobernatzeko eta aldaketa lidertzeko talde batekin aurkezten da datozen hauteskundeetara” amaitu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...