Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/19

Gipuzkoak ez du oraindik hondakinen kudeaketaren azken fasea egiteko sistemarik

Xabier Ezeizabarrenak Iñaki Errazkini gogorarazi dio, Bilduk lau urte eman dituela Foru Aldundiaren agintean eta instalazio bakarra tramitean dagoela: Bergarako Epele auzoko konposta egiteko instalazioa. Horrek erakusten du Bilduren gaitasun eza eta kudeaketa kaos bat izan dela.
Xabier Ezeizabarrena

Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Iñaki Errazkinek Batzar Nagusietako izen bereko batzordean parte hartu du gaur goizean eta, bertan, EAJ-PNVren sei galderei erantzun behar izan die; hain zuzen ere, Xabier Ezeizabarrena batzarkide jeltzaleak azaldu duenez, 2014ko martxoan egindako galderei. Atzo iritsi ziren erantzunak, nahiz eta EAJ-PNVk hainbat alditan erantzunak eskatu behar izan dizkion. Beraz, jeltzaleek salatu dute, beste behin, Bilduk ilun kudeatu duela.

Horren harira, EAJ-PNVren batzarkide Xabier Ezeizabarrenak salatu du, Bilduk ez dituela egoki kudeatu hondakinak eta ondorioz egoera larria dela, eta ezker abertzaleari leporatu dio instalazioak atzeratu izana, hain zuzen ere, gehiengoak onartutako instalazioak; izan ere, bakarrik Bergarako Epele auzoko konposta egiteko instalazioa eraikitzen ari dira eta, gogoratu behar da, instalazio hori egiteko lehenengo urratsak lehengo legealdian egin zirela.

Horrenbestez, Ezeizabarrenak segidakoa salatu du: “Legealdia bukatzear dago eta Gipuzkoak ez ditu, oraindik, hondakinak kudeatzeko behar dituen instalaziorik, ezta azken fasea egiteko sistemarik ere. Eta horren erantzulea Bildu da, bere kudeaketa kaos bat izan delako eta ez delako gai izan gaia kudeatzeko. Beraz, Bilduk lau urte galdu ditu eta hori oso larria da, izan ere, arazoa konponduta egon beharko luke, betiere, instalazioak martxan jarrita eta zabortegiak itxita”.

Era berean, EAJ-PNVren batzarkideak honakoa esan du: “Bilduk argitu beharko du zer egin duen, izan ere, ez du arazoa kudeatu nahi izan eta, are gehiago, konponbidea atzeratu du, jarrera arduragabea izan duelako eta guztia epaitegietara eraman duelako. Laburbilduz, Bilduren apustua irreala, eginezina eta oso garestia da eta, beraz, Bilduk finantza eta kudeaketa arazoa sortu du Gipuzkoan”.

Azkenik, hona hemen Xabier Ezeizabarrenaren hitzak: “Bilduren konponbidea ez da egokia; hau da, konponbidea ez da zabortegiak berriro irekitzea edo berriak egitea, ezta hondakinak beste lurraldetara eramatea, horrek duen kostuarekin eta autogestioaren zuzentarauaren aurka. Konponbidea idatzita dago Gipuzkoako hondakinen plangintzan, hain zuzen ere, Bilduk bete nahi ez duen plangintzan. Eta plangintza horrek segidakoa dio: lehenik, hondakinen sorrera gutxitu behar da; bigarrenik, gero eta hondakin gehiago birziklatu edo berrerabili behar dira; eta, azkenik, Zubietako energia balorizatzeko plantak hondakin hondarra tratatu behar du. Izan ere, hori da herrialde aurreratuenek erabiltzen duten sistema eta, ondorioz, ingurugiro eta ekonomia kostuak ez dira handituko”. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...