Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/18

Bilduk nahita gezurretan jarraitzen du, EAJ-PNVren izen ona eta irudia hondatzeko

Beasaingo Uri Buru Batzarrak adierazi du, Bista Alai kasua, EH Bildu, herritarrak nahasteko eta arerio politikoa erasotzeko helburu soilarekin, EAJ-PNVren aurka gauzatzen ari den “matonismo politiko”aren beste adibide bat dela. Jeltzaleek gaia amaitutzat ematen dutela azpimarratu dute, fiskaltzak kasua artxibatu eta prozesu administratiboa martxan jartzeko epea agortuta dagoelako.
Argazkia: Goierriko Hitza

EAJ-PNVko Uri Buru Batzarrak prentsa ohar bidez erantzun ditu gobernu taldeak Bista Alai gaiaren inguruan egindako adierazpenak eta EAJ-PNVren izen ona eta irudia hondatzeko helburuz, EH Bilduk nahita gezurretan jarraitzen duela salatu du. Adierazi dutenez, EH Bilduk kide jeltzaleak era guztietako akusazio eta difamaziopean jarri ditu, inongo oinarririk gabe eta kalumnia erabiliz justifikazio bitarteko gisa, kontutan eduki gabe pertsona horien atzean familiak ere badirela. “Gobernatzen duten erakundea erabili dute arerio politikoa erasotzeko, Udalaren bitartekoak, Udaletxeko webgunea kasu, era alderdikoian erabiliz gainera” gehitu dute.

Jeltzaleek adierazi dute, Bista Alai kasua EH Bildu, akusazio faltsuekin beasaindarrak nahastu eta arerio politikoa erasotzeko asmo bakarrarekin, EAJ-PNVren aurka egiten ari den “matonismo politiko”aren beste adibide bat dela. “Ezker Abertzalea berriz ere herritarrei gezurretan dabil, “sorgin ehiza” eta gure alderdiaren aurkako errelatoa elikatzeko, justifika ezinak direnak justifikatu nahirik” diote.

EH Bilduk aipatutako eta Gobernu taldeak eskatuta udal diru-kutxetatik 18.000 eurotik gorako kostua izan zuen txostenak iradokitako erantzukizun penal nahiz administratiboak ezerezean geratu dira” gehitu dute. Udal taldeak epaitegietan jarritako salaketaren ondoren, fiskaltzak kasua artxibatzea erabaki zuen, Beasaingo udalak, Patxi Plazaola buru zuelarik, era zuzenean jokatu zuela iritzi zuelako. “Gobernu taldeak iragarritako prozesu administratiboa martxan jartzeko epea agortu dela onartu dute, beraz, nola liteke epea amaitu dela onartu eta iraungita ez dagoela esatea? “Sorgin ehiza”rekin jarraitu behar al dute oinarririk ez duten argumentuak aitzakiatzat hartuta?” galdetzen dute.

Gaia guztiz argitze aldera eta EH Bilduren gezur handia argitara emateko xedez, Uri Buru Batzarrak hainbat puntu zehaztu ditu. Aditzera eman dutenez, ez da inoiz “udal idazkaritza txostenik” izan “sustatzaile bati 230.000 euro oparitu zitzaizkiola” jasotzen duenik, azken prentsa oharrean EH Bilduk hori adierazi bazuen ere. “Era berean, gezurra da “sustatzaile” bakar bat zegoela, kaltetuak izandako 28 familiak izan baitziren Bista Alaiko garapenaren sustatzaileak” zehaztu dute. Bestalde, jakinarazi dute EAJko zinegotziek eskatuta egin zen txosten juridikoak prozesu administratiboa iraungita dagoela aitortzen duela eta bertan jasotzen denez, alkate jauna behartuta dago legez prozesua agortuta dagoela adierazten duen ebazpena aurkeztera.

“Epearen iraungitzea justifikatzen saiatu dira, udaletxeak nahikoa bitarteko juridiko nahiz giza baliabide ez dituela esanez; zergatik iragarri zuten ba hainbesteko zalapartaz prozedura hori hasi behar zutela? eta, zergatik ez zituzten kanpoko bitartekoak erabili, eraso, salatu eta izen ona hondatzeko erabili duten txosten hori eskatzerakoan egin zuten modura?” gehitzen dute.

Uri Buru Batzarraren hitzetan, “berriz ere, gertaerek eta denborak arrazoia eman digute, eta argi ikusi da, EH Bilduren helburu bakarra Bista Alai kasuan min egitea izan dela”. Halaber, Udal taldeari gonbita egiten diote, aldarrikatzen duten gardentasunaren mesedetan, azal diezaietela beasaindarrei zenbat diru xahutu duten helburu alderdikoekin aurrera eraman duten akusazio eta difamazio prozesu honetan.

Azkenik, jeltzaleek errepikatzen dute, gaia amaitutzat ematen dute, ondo egindako lanaren harrotasunez, gainerako alderdiekin batera, erantzukizun eta gizarte sentsibilitatez jokatu eta Bista Alaiko bizilagunek beren etxebizitzekin zuten arazo larriari irtenbidea emanaz.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...