Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Deskarga: konejurik gabeko Bilduren xistera
Aintzane OiarbideLegealdia amaitzear dagoen honetan azaldu da Bildu/Sorturen bigarren iruzur handia, hondakinen gaiaren ondoren, Deskargako errepidearen gaia, Larraitz Ugarte departamentuaren arduradunak nahi ez arren eta, oharkabean pasatzeko ahaleginak eta bi egin dituen arren.
Tamaina handiko obra bakarra, bukatuta egon beharko lukeen obra hori, eraginkortasun ezaren eta inefizientziaren adibide argia da, zentzugabekerien historian sartzeko modukoa, eta, gainera, hori hala dela ezkutatzeko, propagandaren erabilera publiko eta guzti, hori bai, herritarren lepotik ordainduta.
Legealdiaren lehen egunetik hasi ziren, buru-belarri, lurraldeko ahalmen handiko errepideak eraikitzeko kontuetan akatsak aurkitu nahian, baina ez dute ezer aurkitu, eta gaur egun bukatuta egon behar zuten errepideak, bukatu gabe segitzen dute.
Ezpondak erortzeagatik eraikuntza-enpresek proposatutako “aldaketak” onartu baino lehen, Antzuola-Bergara zatia (Deskarga bezala ezagutzen duguna) eraikitzeko kontratua bertan behera uztea erabaki du aldebakartasunetik (hori da jokatzeko duten estiloa) Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aldebakarreko erabakiak erakusten duena da kudeaketa barregarria egin dutela Foru Aldundiko kudeatzaileek, Ugarte buru, zeinak behin eta berriz esaten zuen dena ondo zihoala, epeetan, kostu gehiagorik gabe, ezustekorik gabe, baina azaro aldera, txipiroiak botatzen duen tintaren antzera jokatzen hasi ziren, hala nola, obrako langileek fitxatzeko makina “berritzaile” bat jarriz (enpresek ez diezagutela ziria sartu, badaezpada ere) eta…15 egunen barruan, ERE batekin 100 langile kaleratu zituzten. Erabaki horren ondoren, 150 langile izango dira etxean geratuko direnak. Eta Ugartek, orain, beste lizitazio bat atera nahi du, justu, Bidegiko Kontseiluak onartu duenean 2007an emandako proiektua idatzi zuen ingeniaritza taldearen aurkako ekimenarekin hastea, “proiektua gaizki idatzita omen zegoelako” eta horren eraginez, GI-632 errepide-zatia bukatzeko kostu gehigarria ekarri duelako.
Duen obsesio horren harira, obra guztietan “aldaketak” egin izana leporatu dio EAJ-PNVri. “Non da dirua?” galdetzen zuen Ugartek. Jakin badakigu gure lurraldearen orografia zein den, zein erliebe duen, zaila oso. Baina orain, kontrako bidetik arrazoitzen da, beti defendatu dutenaren kontrako bidetik, esanez, ezpondak “erori” egiten direla. “Bilduri ezpondak “erori egiten zaizkiola” eta EAJ-PNVri ez, EAJ-PNVk “apropos botatzen zituela” pentsatzen du eta hori esan nahi izan du?” Egoera surrealista erabat, eta are gehiago larritzen da esaten duenean “ez dela kostu gehiagorik izango” eta hori adierazteko, gaztelaniaren hiztegiak ematen duen adiera erabiltzen du. Itxuraz, kontratua hausteko erabaki horrekin, Ugartek nahi duena da, obra bakarra, bitan edo hiru lizitaziotan banatu, eta azken lizitazio bat gehitu, inola ere, horietako bakoitzean kostu gehiagorik egon ez dadin…, baina azken kostu totala, obra bakar batean egiteko lizitazioa bikoiztuko duen arren. Hiztegiaren erabilera, hori bai, arrazoirik ez duena arrazoitzen saiatzeko erabilera korapilatua.
Eraikitzeko kontratua desegin nahi du Ugartek, lasai-lasai alde egiteko eta errua datorrenari egozteko. 16 milioitan desbideratze omen da proiektu berria (%33 esleipenaren gainean), baina desegindako zatian larriki haziko da, ez baita ahaztu behar erabaki hori hartzeko aurretik izan duten desadostasuna, hau da, egindako lanak ze kostu duten enpresaren ustez eta Ugartek horiengatik ordaintzeko prest dagoen arteko desadostasuna. Eta hori, zalantzarik gabe, auzitegian amaituko da. Ugarte abokatuak pentsatuko duen bezala, hobe auzi on bat esku artean, akordio txar bat baino.
Gutxienez bi urteko atzerapena obra hori bukatzeko aurreikusitako epeetan, proiektua idatzi, lizitatu, obraren esleipena egin eta obra bera egiteko. Bidegiren diru kutxarentzako horrek guztiak ekarriko duen urritzea ahaztu gabe. Berdin da. Bera ez da egongo. “Zenbat eta okerrago, hobe” pentsatzen duen horietakoa baita.
“Iragarritako porrotaren kronika” hori disimulatu nahian ibili da Ugarte, eta ez zuen espero hauteskundeak pasatu arte azalduko zenik. Aurkari politikoa lohitzen ahaleginak eta bi egin ditu, EAJ-PNV lohitzen, eta bat bera ere ez bere gaiak aurrera eramateko. Eta horretarako, iazko azaroan, Bidegiko obra batean lan egin zuten hiru teknikariren aurkako kereila aurkeztu zuen, obra bateko lur-mugimenduetan aldeak zeudelakoan. Susmoak barreiatu nahian.
Kereila horrek egingo du bere ibilbide judiziala. Eta etorriko dira, ala ez, epaileek erabakitzen dituzten erantzukizunak. Baina askoz ere areago zegoen ezker abertzalearen helburua. Txipiroiaren taktika horrekin, beren kudeaketa-gabeziak estali nahian, gertatu ez den zerbaiten inguruko erantzukizun politikoak aurkitu nahian dabiltza. PPren hala beharrezko laguntzarekin, Bildu eta biek, beren lotsak ezkutatzeko helburu bakar eta berarekin, ikerketarako batzordea sortzea lortu dute Batzar Nagusietan, nahiz eta jakin ez duela behar den bezala burutzeko denborarik ematen. Eta zirrikituak ezagutzen dituzten horiek ez direla joango jakinik, prozesu judizial batean murgildurik egongo direlako.
Udal eta Foru hauteskundeak iragartzen dituen Batzar Nagusien desegitea gertatuko da martxoaren 31n. Aurretik egin izan diren ikerketa batzordeek ongi erakutsi dute, urtebete inguru behar dela gauzak behar bezala egiteko.
Ugartek denborak kalkulatu ditu. Ez dio axola kereilen emaitza. Susmoak zabaltzen segitzea da helburu bakarra, berehala desegiteko jaioko den batzorde horren helburu bakarra.
EAJ-PNVtik konpromisoa hartu dugu, gu geu izango garela batzordea sortzeko bultzatuko dugunak, tramitatzen ari diren kereila horietan delituren zantzuren bat egongo balitz.
Ez dago konejurik Bilduren xisteran. Are gehiago, Deskargak argi utzi du xisterarik ere ez duela
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


