Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hiri-segurtasunaren gaia jorratu zuen Irungo EAJ-PNVk Batzokian egindako mahai-inguruan
Hiri proiektua burutzeko eta partekatzeko helburuarekin Irungo EAJ-PNV gauzatzen ari den ekimenen baitan, atzo arratsaldean jeltzaleek hiri-segurtasunaren gaia jorratu zuten Batzokian egin zuten mahai-inguruan. Josu Zubiaga Eusko Jaurlaritzako Segurtasun saileko sailburuordeak, Rodrigo Gartzia Segurtasun Koordinazioko zuzendariak eta Gervasio Gabirondo Ertzaintzako zuzendariak hartu zuten parte topaketan. Xabier Iridoy Irungo alkatetzarako EAJ-PNVko hautagaiak moderatzaile lanak egin zituen, eta segurtasunak gure hirian kezka sorrarazten duela adierazi zuen.
Azken hogeita hamar urteetan polizia autonomoaren ibilbidea azaldu zuen Josu Zubiaga sailburuordeak, eta «Euskadi zerbitzatzeko bokazioa duen polizia» dela adierazi zuen. Urte hauetan guztietan, eta ETAk indarkeriaren amaiera iragarri arte, talde armatuak Ertzaintzaren funtzionamendua markatu duela baietsi zuen. Halaber, Eusko Jaurlaritzak Ertzaintzaren sorrerako baloreak berreskuratzeko egin duen apustua azpimarratu zuen, balore horiek hurbiltasuna, konfiantza, konpromisoa, taldea eta eboluzioa direlarik.
Rodrigo Gartzia Segurtasun Koordinazioko zuzendariak Irun Euskal Autonomia Erkidegoko sei hiri nagusien artean −50.000 biztanletik gorakoak− dagoela esan zuen eta, ondorioz, Segurtasun sailetik arreta berezia eskaintzen diotela hiriari. Bere azalpenean, 2007tik hona sinatutako protokolo eta hitzarmenei esker, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko koordinazioan eman diren aurrerapausoak nabarmendu zituen.
Bestalde, Gervasio Gabirondok gure hirian azken urteetan izan den delinkuentzia estatistikak birpasatu zituen, non hainbat hobekuntza eman diren. Azaldutakoaren arabera, Segurtasun sailetik bultzatutako kanpainei esker, 2013 urtearekin alderatuta, 2014ean %45ean murriztu ziren Irungo etxebizitzetan izandako lapurretak; hala ere, trasteleku eta garajeetan izandako lapurretak gora egin du, besteak beste, zaintza eta babes gutxiagoko tokiak direlako. Era berean, udalerrian izandako estafen kopuruaren beherakada azpimarratu zuen, 2013an 104 izatetik, 2014an 33 izatera pasa baitziren. Indarkeriarekin lotutako delinkuentziari dagokionez, indarkeria eta larderia erabilitako lapurretek %35ean gora egin dutela nabarmendu zuen, 37tik (2013an) 50era (2014) pasaz. Horretaz gain, droga trafikoaren igoera eta alkoholaren eta drogen eraginpean gidatzen dutenen kopuruaren gorakada aipatu zuen, eta horren harira, kontzientziazio kanpainak areagotzeko asmoa iragarri zuen.
Amaitzeko, segurtasunaren hobekuntzan parte hartzeko deia egin zien Gabirondok hiritarrei eta elkarteei. «Lurraldeak eta hiriak duen elkarte-aberastasunaz baliatu behar gara haien eta gutako bakoitzaren laguntza eskatzeko. Denon artean Irun hiri seguruagoa, atseginagoa eta lasaiagoa egingo dugu» amaitu zuen.
Atzo burututako mahai inguruaren ostean, eta hiriari dagozkion datuak ezagututa, EAJ-PNVk Irungo segurtasuna nola hobetu aztertuko du. «Hiri-segurtasuna gure hiri proiektuaren ardatz estrategikoen artean dago eta gai hau nola hobetu dezakegun aztertuko dugu, batez ere, irundarrentzat eragin berezia duten arloetan» adierazi zuen Xabier Iridoyk.
Nabarmenak...
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
ERRENTERIA
2026/05/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


