Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/13

Enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea dira Andoaingo EAJ-PNVren lehentasunak

Eragileen eta enpresen ekarpenak jasotzen dituen proposamen ekonomiko zehatza aurkeztu dute jeltzaleek.
Enplegua sortzea eta ekonomia suspertzea dira Andoaingo EAJ-PNVren lehentasunak

Andoaingo Euzko Alderdi Jeltzaleak Udal eta Foru hauteskundeetarako prestatu duen proposamen ekonomiko zehatza aurkeztu du, gaur, Urigain kultur etxean bildu diren herritarren aurrean. Jeltzaleek hilabeteak eman dituzte dokumentua lantzen eragile, enpresari eta langileen eskutik, eta horiek guztien ekarpenak jaso dituzte azken proposamenean. Andoaingo Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Mari Jose Izagirrek, jakinarazi du bere alderdiak lau ardatz finkatu dituela proposamena egiteko: enplegua sortu, ekonomia suspertu, herriko merkataritza lagundu eta turismoa sustatzea.

Jeltzaleek neurri zehatzak mahai gaineratu dituzte enplegua sortzeko helburuarekin. Izan ere, azken datuen arabera, 1.028 andoaindar daude, gaur egun, langabezian, eta horietatik gehienak 45 urtetik gorakoak, emakumeak eta gazteak dira. Horiei guztiei laguntzeko, honako proposamenak egin ditu EAJ-PNVk: Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion eskualdeko garapen agentzia sortu, bai eta udal zerbitzu espezifikoa sortu lana bilatu, enpresak berriak zabaldu eta auto-enplegua nahi duten herritarrentzat. Halaber, langabezian daudenen perfilak aztertzeko konpromisoa hartu dute Izagirre eta bere taldeko kideek, horien guztien gizarteratzea ahalbidetzeko. Horrez gain, obra eta zerbitzu publikoak kontratatzerako garaian langabezian dauden andoaindarrak kontratatzea ahalbidetu nahi dute. Gazte eta emakumeak lan mundura sartzeko bekak eta laguntzak ere proposatu dituzte.

Suspertze ekonomikoari dagokionez, EAJ-PNVk garrantzia handia eman dio jarduera ekonomikoa mantentzeari. Gainera, etorkizunera begira, teknologia espezializatua lortzeko “jauzi kualitatiboa” eman behar dela uste dute jeltzaleek. “Gure arbasoek industria eta zerbitzuetan oinarritutako Andoain eraikitzen jakin zuten, eta, orain, guri haratago joatea dagokigu”, azaldu du Izagirrek. Hori lortzeko proposamen ugari egin dituzte, besteak beste, ekonomia sustatzeko agente ezberdinen mahaia eratzea, lanbide heziketako zentroekin elkarlana bultzatzea, aholkularitza eta mentorizazio zerbitzua eskaintzea enpresa eta ekintzaileei, inbertsio berriak bilatzea, enpresa proiektu berriak garatzeko guneak sustatzea eta enpresa proiektu eta ideia berrientzat izapidetze burokratikoak sinplifikatzea eta erraztea.

Andoaingo merkataritzak azken urteetan jasan duen atzerakadarekin amaitzeko, zenbait proposamen egin ditu Izagirrek. Horien artean daude herriko merkataritzari laguntza eta bultzada ematea, merkataritza ardatz nagusia sortzea, argiztapena eta garbiketa hobetzea, etxebizitza-eraikinetan merkataritza lokalak irekitzea ahalbidetuko luketen aldaketa urbanistikoak egitea, egokitze obrak egiteko erraztasunak ematea eta hutsik dauden lokalen errolda eguneratu ondoren komertzio aukera berriak sortzea.

Azkenik, turismoa sustatzeko, Andoainek kultura, ingurumena eta aisiaren alorrean eskaintzen dituen aukeren berri ematea proposatzen du EAJ-PNVk. Ildo honetan, Leitzarango bailara eta bide berdea ezagutarazi eta bultzatzea, bai eta ostatuen eskaintza egokitzeko eta gutxieneko batzuk bermatzeko nahia azaldu dute jeltzaleek. 

“Hilabeteak eman ditugu proposamen hau lantzen eragile, enpresari eta langileekin. Horiei guztiei eskerrak eman nahi dizkiet gure dokumentuan jaso ditugun ekarpen mamitsuak egin dituztelako. Dokumentu benetan aberasgarria egin dugu. Hori dela eta, bertan jasotzen diren proposamenak errealitatera eraman nahi ditugu”, ondorioztatu du Izagirrek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...