Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/01/20

EAJ-PNVk salatu du udal aurrekontu proiektuak ez diela Eibarko arazo garrantzitsuenei erantzuten

Eva Juez bozeramaile jeltzaleak nabarmendu du aurrekontuek egungo krisi ekonomiko larriari erantzun beharko liekeela. EAJ-PNV udal taldeak osoko zuzenketa aurkeztuko dio aurrekontu proiektuari.
EAJ-PNVk salatu du udal aurrekontu proiektuak ez diela Eibarko arazo garrantzitsuenei erantzuten

Eva Juez bozeramaile eta alkategai jeltzaleak gaurko agerraldian azaldu du, gobernu sozialistak aurkeztutako aurrekontu proposamenak ez dituela lehentasunak zehazten egungo krisi ekonomikoari erantzuteko eta epe motzera begirako eta itxurazko proiektua dela ere gaineratu du. Jeltzaleen aburuz, aurrekontuek ez diete Eibarko benetako arazo garrantzitsuenei irtenbiderik ematen.

Langabezia tasa gehien igo den EAEko udalerria da Eibar, “2014. urtean langabeziak %5,63 egin zuen gora, 120 langabetu gehiagorekin” adierazi du Juezek. Jeltzaleen hitzetan, “Eibarrek egitura arazo larria du eta egoerak okerrera egin du krisiaren ondorioz; azken urteotan saltokiak itxi eta lanpostuak galdu dira, horregatik beharrezkoa da epe luzerako estrategia landu eta zehaztea eta aurrekontu hauetan ez dago horrelakorik”. Aipatu datuak kezkagarriak dira EAJ-PNVrentzat eta kezkagarriak izan beharko lukete udal gobernuarentzat, “aitzitik, arazoa areagotu ez dadin, udal gobernuak ez ditu krisiaren aurkako neurriak jaso 2015erako aurrekontuetan” aitortu du Juezek. “Udal gobernuak botoak erakartzen dituzten obrei eman die garrantzia, eibartarren benetako beharrei erantzunik eman gabe” gehitu du. “Aurkeztu dituzten proposamenek ez diete hiri proiektu jakin bati erantzuten, ez dute enplegua sustatzeko, industria bultzatzeko ezta behartsuenei laguntzeko neurririk aurkeztu; modu berean, ez dago herritarren bizi kalitatea hobetzeko eta gazteak Eibarren gera daitezen lortzeko hirigintza proposamenik ere” azaldu du Juezek.

Antzina, industria zen Eibarko ekonomiaren motore nagusia, horregatik, jeltzaleen ustetan edozein erakundeek, kasu honetan udal gobernuak, lehentasuna eman beharko lioke alor honi, langabezia murrizteko eta ekonomia sustatzeko politikak martxan jarriz; “gure kasuan, ezinbestekoa da Eibarko industria sareari babesa eta laguntza ematea, izan ere, azken urteotan hainbat enpresa lekualdatu egin dira edota beren ateak itxi dituzte eta horrek asko arduratzen gaitu” esan du Juezek. “Horregatik oso kezkatuta gaude PSOEk aurkeztu duen aurrekontu proiektuarekin ez baititu jasoak autoenplegua edota enpresen lehiakortasuna sustatzeko diru partidarik, ezta egungo egoera baretzeko neurririk ere” gaineratu du. Hori dela eta, EAJ-PNVk beharrezkotzat jo du aurrekontuetan Matsaria moduko eremuak eraberritzeko diru partidak sartzea, ekintzailetasuna sustatzeko eta enpresa berriak Eibarrera etor daitezen bultzatzeko.

“Matsaria, Txonta, Ibur Erreka, Otaola… eremu degradatuak dira, baina ahalegin berezia eginda eta udaletik horiei bultzada ekonomikoa emanda eraberritu eta berrerabil daitezkeen espazioak dira” azaldu du bozeramaile jeltzaleak, “espazioa optimizatu beharrean gaude herritarrei hiri atseginagoa eskaini ahal izateko” gehitu du.

EAJ-PNVko udal taldearen iritziz, gobernuak aurkeztu duen proiektuak ez ditu lehentasunak zehazten, bereiziki egoera ekonomikoari dagokionean, baina modu berean, ez die hirian egun dituen hainbat arazoei ere irtenbidea ematen, “arazo horiek denboran luzatu ezkero, geroz eta zailagoa izango da horiei irtenbidea ematea” aitortu du Juezek. EAJ-PNVko alkategaiak nabarmendu du badirela hainbat proiektu denboran gehiegi luzatu direnak, hala nola, Birjiñapeko igogailuarena, Mekolako eskailerena, Ubitxako aldaparena, Bidebarrieta eta Errekatxu arteko igogailuarena edota debekatutako hiriaren mapan zehaztuak dauden eta oraindik irtenbiderik eman ez zaien puntu beltzena.

Jeltzaleen hitzetan, gobernuak erabakitasun eza du baita Eibar zerbitzu eta merkataritza hiri gisa birplanteatzerakoan ere, izan ere, “kale garbitasunari, trafikoari, aparkalekuari, aisiari eta gune berde gabeziari lotutako hainbat arazo ditugu Eibarren” esan du. “Udalak hirigintza jasangarriago baten alde egin beharko luke, bisitariak ekartzeko eta hiritarrei bizi kalitate eta hiri atseginagoa eskaintzeko” azaldu du Juezek. Horregatik, jeltzaleek salatu dute gobernuak hiriarentzat garrantzitsuak diren proiektuak atzeratu dituela, adibidez: Eulogio Garate eta Arane arteko bidea (Kalbetoi kaleko trafikoa desbideratzeko beharrezkoa dena) edota San Juan kaleko espaloiak zabaltzea (oinezkoen-ardatza/ Urkizu-Egogain bidegorria). “Udal gobernuak ez ditu hiriko egoera hobetzeko helburuz proposatu ditugun ekintza txikiak ere aurrera eraman nahi izan, horren adibide ditugu seinaleztapena eta kale garbiketa hobetzeko egindako eskaerak edota Urkizu eta Barrenan paperontziak jartzeko proposamena” gogoratu ditu.

Eibarko etorkizunari erreparatuz, zein lehentasun ditu gobernuak? galdegin dute jeltzaleek. “Eibar, berriz ere, eskualdeko hiri garrantzitsuena izatea lortu nahi dugu, horretarako ekonomiaren oparotasuna sustatu eta ekintzailetasun izpiritua berreskuratu behar ditugu eta bisitariei giro ezin hobea eskaini; hori lortzeko egun ditugun espazio eta pilaketa arazoei eta hiriak ematen duen gris itxura horri irtenbidea eman behar diegu” azaldu du Juezek. Horregatik, alkategaiak azpimarratu du PSOEk aurkeztu duen aurrekontu proiektuak ez diela eibartarren benetako arazoei erantzuten; “PSOEk ez ditu argi bere helburu eta lehentasunak, ez daki zein hiri eredu nahi duen, beren proiektuek ez dute etorkizunerako ikusmirarik eta epe laburrera begira egindako proposamenak dira guztiak, Eibarrek antzina izandako indarraren inertziaz bizi dira, zoritxarrez egun egoera asko aldatu da eta egungo Eibar ez da garai batean izan zena” gaineratu du bozeramaile eta alkategaiak.

“Eibartar familien etorkizuna bermatu behar dugu, baita udalerriaren etorkizuna ere; Eibar oparo baten alde egin behar dugu lan, berriz ere eskualdeko hiri garrantzitsuena izan dadin eta gazteak bertan gera daitezen, horretarako trafiko arazoei konponbidea eman eta hiri garbiago eta berde-gune gehiagoko hiria eraiki behar dugu; EAJ-PNVn argi ditugu gure lehentasunak eta argi dugu horiek lortzeko zer egin behar dugun ere” aitortu du Juezek. Horregatik, “akordioetara iristeko borondatea izan badugu ere, ezin izan ditugu herritarren benetako beharrei erantzuteko beharrezkoak diren aldaketak egin aurrekontu proiektuari, ondorioz, ezin ditugu aurrekontuak onartu eta osoko zuzenketa aurkeztuko dugu” amaitu du Juezek. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...