Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2014/06/24

Azpeitiko EAJk Soreasuren aldeko erabateko inplikazioa eskatzen du

Azpeitiko EAJren udal taldeak Soreasuren aldeko erabateko inplikazioa eskatu dio Udalari “Azpeitian kulturaren arloan lan egiten ari diren erakunde guztien erreferentzia-gune eta topaleku bihur dadin behingoz”.
Azpeitiko EAJk Soreasuren aldeko erabateko inplikazioa eskatzen du

Aitor Gorrotxategik, bozeramaile jeltzaleak, adierazi du mailarik goreneko kultura-azpiegitura bat dela, onartzerakoan eta exekutatzerakoan Udal osoaren aldeko onarpena izan zuena, baina gero, Bilduren gobernuak “hiru urte hauetan bazterrean utzi duena. Orain, eta EAJk behin eta berriro eskatuta, lortu dugu 2014ko aurrekontuetan 150.000€ko partida bat jartzea, eraikin horretan dauden espazioak behingoz egokitzeko, horrela Azpeitiko kultura-erakunde eta taldeak poliki-poliki eraikin horretara joan daitezen”.

Horrela, gogorarazi du bere taldea hiru urte hauetan planteatzen aritu dela 2011, 2012 eta 2013ko aurrekontuetan partida zehatzak jar zitezen “eraikin moderno horrek bere baitan dituen espazioak epeka-epeka prestatzeko, gaur egunean ia bere osotasunean martxan egon zedin”. “Baina –azpimarratu du– urte hauetan guztietan jaso izan dugun erantzuna 'ezetza' izan da, gainera 'lan faraoniko' moduan kalifikatuz eraikin hori, gaitzesteko, eta Sanagustinen aldeko apustua bakarrik eginez”.

Alde horretatik, bere bultzada osoa eman dio talde jeltzaleak defenditu duen aurrekontu-partida exekutatzeari, Soreasuk, lehenengo fase batean, Musika Banda eta Julian Barrenetxea abesbatza har ditzan bere baitan “kulturgune horrek dituen ahalmenak aprobetxatzeko lehenengo urrats moduan, eta han dauden espazioak edukiz betetzeko, Azpeitian elkarte-dinamika handia baitago kulturaren arloan aritzen direnen artean”. Horrela, eskatu du “beharrezko diren erabakiak har daitezela diru-partida hori erabili ahal izateko, urtea amaitu baino lehen bai Musika Bandak, bai Abesbatzak, beren egoitza berria estreinatu ahal izan dezaten”.

Ildo beretik, defenditu du Soreasu eta Sanagustin “erabat osagarriak direla eta bi erreferentzia-puntu izan behar dutela, kultura-mugimenduak berrindartzeko, horiek, ondorioz, jarduera berriak sortuko baitituzte”.

Azkenik, adierazi du Udalak “ahalegin guztia egin behar duela Soreasu barruko espazioak eta ekipamenduak osatzeko, kultura-azpiegitura honen eta Sanagustinen artean jarduerak, kontzertuak, erakusketak eta abar bultza ditzaten, hirigune historikoa bera ere berrindartzeko baliagarri izateko”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...