Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/05/11

Insaustik elkarrizketa kolektiboa aktibatu du datorren hamarkadako Donostia eraikitzeko

Alkateak donostiarrak gonbidatu ditu ideia eta ahots berriak biltzera hiri oparo eta zoriontsua lortzeko helburuarekin
Insaustik elkarrizketa kolektiboa aktibatu du datorren hamarkadako Donostia eraikitzeko

Jon Insausti alkateak gonbita luzatu die gaur donostiarrei "hil honen amaieran abian jarriko dugun ekimen batean parte hartzeko", "zaindu, berritu, aukerak sortu eta komunitatea mantenduko duen" hiri bat definitzeko helburuarekin. Nueva Economia Forumeko hitzaldian azaldu duenez, datozen asteetan "elkarrizketa kolektibo handi bat irekiko da donostiarrok hurrengo hamarkadan nola izan nahi dugun eta nola sentitu nahi dugun azaltzeko".

Alkate gisa daramatzan 195 egunetako kudeaketari errepasoa egin ondoren, Insaustik ondorioztatu du "gure pribilegiorik handiena dela oraindik erabaki dezakegula zein hiri izan nahi dugun eta donostiarrok nola sentitu nahi dugun". Bere desio pertsonala adierazi du, hots, Donostia "bizitza osoan hemen bizi izan denarentzat maitatua izaten jarraitzea, baina era berean baita bere etorkizuna hemen eraiki nahi duenarentzat ere erakargarria izatea. Azken batean, hiri oparoa eta zoriontsua, guztion artean egina". Puntu honetan, "Batera, bagera, Donostiarra Topera" leloa aipatu du.

Jon Insaustik gizartea "bizkorragoa, konplexuagoa, exijenteagoa eta globalagoa" bilakatu dela azaldu du, aldaketa testuinguru baten baitan. Ziur agertu da "aro politiko berri batean sartzen ari garela, non lidergoak ez duen argazkiaren erdigunea okupatzerekin zerikusirik, gaitasunak konektatzea eta adimen kolektiboa aktibatzea baitira gakoak". Zentzu horretan, "gaur egun hobekien funtzionatzen duten hiriak entzuteko, lankidetzan aritzeko eta aliantza zabalak eraikitzeko gai direnak direla" esan du, eta "politika erabilgarria ez dela gehien oihukatzen duena, gehien eraldatzen duena baizik".

Parte-hartze aktiborako deiaren barruan, berretsi egin du "etorkizuna ez dela heredatzen, hamarkada bakoitzean ideia eta ahots berriak dituen belaunaldi bakoitzeko berriro konkistatzen baita". Argi eta garbi adierazi du "Euskadin ardurak hartzeko prest dagoen belaunaldi berri bat dagoela".

Garai honetako kezkekin konektatu nahi izan du eta zenbait datu xehetu ditu. Zahartze-tasa % 26,5era iristen da, hau da, lau donostiarretik batek 65 urte baino gehiago ditu. Bien bitartean, jaiotza-tasak behera egin du, batez besteko adinak gora egin du eta pertsona bakarreko etxekoen unitateak dagoeneko hiru etxebizitzatatik bat dira. Honenbestez, alkateak adierazi duenez, "herritarrek esaten digute etxebizitza bihurtu dela belaunaldien erronka nagusia".

Gaur egungo erradiografiaren arabera, ia 10.000 etxebizitza-eskatzaile daude Etxegintzan izena emanda Donostian bizitzeko, eta, Insaustiren hitzetan, "horrek eskatzen du arin eta ausart jokatzea sustapen berriak garatzeko, alde batetik, eta, bestetik, eraikitako hirian etxebizitzak bereiztea edo lokalen erabilera aldatzea erraztea".

Etxebizitzaren atalean azaldu duenez, "Donostian 1.100 etxebizitza eraikitzen ari gara dagoeneko Ciudad Jardin, Añorga Txiki eta Infernuan. Bestalde, Illarra, Txominenea II eta Jolastokietako eremuetan ia 1.000 etxebizitza gehiago izango dira, eta datozen hilabeteetan hasiko dira garatzen".

Hiri oparoa eta zoriontsua

Alkateak helburu bat sozializatu du Bilbotik: "Donostia Europako hiririk oparoena eta zoriontsuena izatea", eta gogorarazi du "ekonomia indartsu bat gabe ez dagoela ongizate iraunkorrik, ezta justizia sozialik ere". Hiriko adierazle positibo batzuk aipatu ditu, hala nola langabezia-tasa txikiena duen Estatuko hiriburua dela ( % 5,3) edo batez besteko errenta pertsonala 31.000 eurotik gorakoa dela, Estatuko hiriburuen artean altuena, eta zifra horiek "zientziaren, ezagutzaren eta berrikuntzaren aldeko apustuarekin" lotu ditu.

Apustu hori berresten duten hainbat datu ere zerrendatu ditu. Donostiak bere BPGaren % 3,7 inbertitzen du I+G+b-n, 30 erakunde ditu Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareari lotuta, Ibaetako polo kuantikoa errealitate bat da, Columbus Biotech Hub berriak 80 milioi mobilizatzen ditu puntako enpresak erakartzeko, EITBren ikus-entzunezko HUBak bere berrikuntza Miramonen kokatzen du eta Topo berriak mugikortasuna irauliko du.

Aldi berean, gaineratu du "hiri humanoa, berdintasunezkoa eta inklusiboa" nahi dugula, "zoriontasuna" helburu. Ildo horretan, gogorarazi du 2026ko udal aurrekontuak inoizko sozialenak direla, urtero 180.000 familia artatzen dituztela gizarte zerbitzuek, donostiarren % 70ek jarduera fisikoa erregulartasunez egiten dutela eta Donostia Kultura Euskadi osoko klub handiena dela, 130.000 bazkiderekin.

Hala ere, metropoliaren ikuspegia txertatu du, "Donostiaren etorkizuna ezin dela bakarrik ulertu" ondorioztatuz, "Europako euskal metropoli handi baten" alde eginez. "I am Basque, giza eskala galdu gabe globalki lehiatzeko gai dena" aldarrikatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...