Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2020/11/27

Behar-beharrezkoa da errealitate berria gizarte-justizian, hazkunde ekonomikoan, elkartasunean eta askatasunean oinarrituz eraikitzea, azpimarratu du Joseba Egibarrek

EAJ-PNVko Herrialde Batzarrak GBB eraberritua eta eskarmentuduna hautatu du, Joseba Egibar buru
Behar-beharrezkoa da errealitate berria gizarte-justizian, hazkunde ekonomikoan, elkartasunean eta askatasunean oinarrituz eraikitzea, azpimarratu du Joseba Egibarrek

Argazkiak...

Argazkia

2020/11/27

Datozen lau urteetan Gipuzko Buru Batzarreko burukide izango diren gizon-emakumeak aukeratu ditu Gipuzkoako Herrialde Batzarrak arratsaldean. Lurralde Zuzendaritzako buru Joseba Egibar Artola izango da, Batzarrak aho batez babestuta. Presidenteaz gain, Uri Batzarretako ordezkariek hamalau burukide aukeratu dituzte.

Berritua hartu du GBBk, eskarmentua duten andre-gizonek osatzen dute, parekidea da, euskalduna eta Gipuzkoa guztiko ordezkariak daude. Burukideak bailara guztietakoak dira; denak euskaldunak; gehienak emakumeak –zuzendaritzako hamabost kidetik zortzi emakumezkoak dira–. Eraberritze nabarmena egin da gainera, izan ere hamalau burukidetik bederatzi lehen aldiz sartuko dira Gipuzkoako EAJ-PNVko Zuzendaritzan. Adin guztietako pertsonak daude GBB berrian, alderdian ibilbide luzekoak eta eskarmentua dutenak.

Zuzendaritzako burukideak hauek dira:

Presidentea:

Joseba Egibar Artola

Andoain 23 de noviembre de 1959

  • Euzkadi Buru Batzarreko burukidea.
  • 1990tik legebiltzarkidea eta 1998tik EAJren taldeko bozeramailea Eusko Legebiltzarrean 

Burukideak:

Itxaso Agirre Loiarte 

Aitor Aldasoro Iturbe

Saioa Bandres Moneo 

Irune Berasaluze Lazkano 

Edurne Egaña Manterola 

Idoia Elorza Gurrutxaga 

Ion Jauregi Bereziartua  

Lourdes Jauregiberri Goenaga 

Imanol Lasa Zeberio

Mikel Lete Txintxurreta 

Gorka Ocio Larrañaga 

Olatz Peon Ormazabal 

Arantza Rojo Gomez 

Jon Andoni Urdangarin Urrutia 

Joseba Egibar, berriz aukeratua izan ondoren, Batzarrari mintzatu zaio eta Gipuzko Buru Batzar berriak helduko dien erronkak aletu ditu. “Behar-beharrezkoa da errealitate berria gizarte-justizian, hazkunde ekonomikoan, elkartasunean eta askatasunean oinarrituz eraikitzea”, azpimarratu du. 

“Normaltasun zaharraren zain egoteak ez du ezertarako balio, ez baita itzuliko” esateaz batera, GBBko presidenteak ohartarazi duenez “funtsezko erabaki zuzenak hartzen ez badira, osasun, ekonomia eta gizarte krisiak areagotu egingo ditu berdintasun eza eta era guztietako arrakalak, eta noraez politikoaren arriskua gertatuko da.”

Testuinguru honetan, Egibarrek adierazi du “EAJ, bere neurriaren eta erantzukizunaren arabera, konprometitua dagoela herri honekin eta bertako jendearekin, ekonomia, justizia soziala eta burujabetza politikoa oinarri hartuta, aurrera atera gaitezen, hiru ardatz horiek ezinbestekoak baitira  Euskadi bidezkoagoa eta askeagoa eragiteko.”

“Euskadin, gizarte eredu justu bat lortzeko, funtsezkoa da politika publikoen aldeko apustu argia egitea eta ondasunen sortzea eta banatzea elkarri lotzea”, izan ere “berdintasun eza ezabatzeak ondorio baikorra ekartzen du, ez justizia sozialerako bakarrik baizik eta baita hazkunde ekonomikorako ere”, erantsi du. Hori horrela, “Euskadi solidario baten alde” egin du, “bertan elkartearen zentzua nagusi izan dadin, krisi guztiek eragiten duten eredu indibidualista zabaltzen eta sendotzen ez uzteko”. Era berean, “ekonomiaren hazkunde eta garapeneko eredua dela eta, kalitatezko enplegua sortzeaz gain, gizarteko oparotasuna eragingo duen eredua behar da gizarte ongizatearen antolaketari eusteko”.

Halaber, Egibarren ustez “zalantza egoera honek ematen digun beldurra eta paralisia gainditzeko, beharrezkoa dugu baita ere autogobernu estatus berri bat partekatzea eta egia bihurtzea, Euskadiri eta bere erakundeei norabide politiko eta estrategikoa markatzen utziko diena, eta euskal herritarren eskubide politiko, ekonomiko eta sozialak nahiz hizkuntzari eta kulturari dagozkion eskubideak bermatu ahal izateko”.

Gaur Miramonen elkartu den Lurralde Batzarrak Gipuzkoako hogeita bost ordezkariak ere aukeratu ditu Aberri Batzarrerako, hala nola Gipuzkoako Herrialde Epaitegiko hiru kideak ere. Halaber, egin dira EBBko presidentea eta zortzi burukideak aukeratzeko bozketak ere.

Honenbestez, burutu da Eusko Alderdi Jeltzalearen barne aukeraketa prozesua Gipuzkoan. Aberri mailako barne prozesua Aberri Batzarrarekin amaituko da, litekeena abenduaren 10ean izatea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube