Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Goierri-Tolosaldea gida turistikoa eta agenda bateratua aurkeztu dute, bi eskualdeen arteko hitzarmenaren islada
Goierri-Tolosaldea “Euskadiko Bihotza” markapean bi eskualdeen elkarlanaren emaitza berriak aurkeztu dituzte: Goierri-Tolosaldea gida turistikoa eta udarako agenda bateratua. Aurreko gidaren emaitza onak ikusita oraingoan ere esperientzia berri guztiekin gida turistiko bateratua aurkeztu dute itxura berrituarekin euskera-gaztelera bertsioan.
D'elikatuz Zentroan gauzatu dute prentsaurrekoa eta bertan izan dira Olatz Peon, Tolosaldea Garatzen-eko Presidentea eta Tolosako alkatea; Felix Urkola, Goitur-eko Presidentea; Niko Osinalde, Goitur-eko Zuzendaria; Olatz Ilarregi, Tolosaldea Garatzen-eko turismo arduraduna; eta Maite Cruzado, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo Zuzendaria.
Olatz Peon Ormazabalek 2008tik eraginkor izan den elkarlanaren fruituak mahai-gaineratu ditu: “2011etik bat eginik zabaltzen dugu gure lurraldeen aberastasuna. Bat eginik, indartsuago gara” nabarmendu du. Tolosako alkatearen iritziz, turista eta bisitari gehiago erakartzea oinarrizkoa da “promozio turistikoa sustatu, sektorea indartu eta ondorioz, gure lurraldeko garapen ekonomikoa bultzatzeko”. Adierazi duenez, bisitariak helmuga bat aukeratzen du, eta egonaldiak luzatzea da jomuga: “turismo alorretik, helmuga horri balio erantsidun eta ezberdina den eskaintza bateratua gehitu diogu, eta uneko tendentziekin eguneratzen doana”. Bide horretan administrazio ezberdinen, eragileen eta enpresa pribatuen arteko elkarlana “oinarrizkoa” dela gaineratu du.
Gida turistiko berri honi esker, turistak edo bisitariak, Goierri eta Tolosaldeako informazio guztia aurkituko du formato bakar batean. 10.000 ale egin dira euskeraz eta gazteleraz, eta frantsesa-ingelesa bertsioa ere jendearentzako eskuragarri dago. Donostian dagoen San Sebastian Region turismo bulegoan eskuragai dago gida berria, bi eskualdeetako turismo bulego guztietan bezalaxe.
Aurten, gida turistikoaren batera, bi eskualdeon artean egituratu duten udarako agenda bateratua ere aurkeztu da. Agenda honek, uztaila amaiera eta abuztuan zehar bi eskualdeetan dauden ekintza eta herrietako jaiak biltzen ditu, beti ere turista edo bisitarientzat erakargarriak diren txangoak edo festak nabarmenduz, eta Goierri-Tolosaldeara, denbora gehiagorako erakartzeko helburuarekin. Agenda hau www.goierriturismo.com eta www.tolosaldea.euswebguneetan egoteaz gain, bi eskualdeetako turismo bulego eta alojamendu guztietara ere bidali da, baita San Sebastian Region bulegora ere.
“Udara, Euskadiko bihotzean hasten da”
Gida turistiko berri honek bi eskualdeetako produktu turistikoak batzen ditu: gidaren hasierako mapan markaturik azaltzen dira bide berdeak, bidegorriak, informazio bulegoak, Erdi Aroko Multzoak edo alde zaharrak, merkatuak, Santiagoko Bidea eta alojamendu mota desberdinak (hotelak, pentsioak, nekazalturismoak, landetxeak, aterpetxeak eta apartamentu turistikoak). Gida hiru ataletan banatzen da: esperientzia gastronomikoak, naturan oinarriturikoak eta kulturalak, eta bertan, toki eta gai garrantzitsuenak aurkezten dira.
Hasteko, gastronomiarekin zerikusia duten esperientziak azaltzen dira (azokak, gazta, txakolina, sagardoa, txokolatea eta babarrunak). Jarraian, naturarekin lotura duten irteerak aurkezten dira (tontorrik altuenak, Parke Naturalak, Bide Berdeak, Santiagoko Bidea, Trail Estazioa eta errepide panoramikoak); azkenik, kulturarekin bat egiten duen atal bat erakusten da (alde zaharrak, Euskadiko Bihotzera bi bidai, etnografia, artea eta momentu historikoak azpimarratzen dituzten errekurtsoak). Bukatzeko, familia giroan egiteko irteerak eta erosketetarako atalak gehitu dira.
Esperientzia desberdinak aurkeztu ondoren, bi eskualdeetako museo, interpretazio zentro eta turismo bulegoen datu zehatzak txertatzen dira, jatetxeen zerrenda, alojamendu mota desberdin guztiak eta urtean zehar eta bi eskualdeetan gertatzen diren festa, azoka eta jai nagusienak.
10 urte elkarlanean
Goierri eta Tolosaldeako eskualdeek, 46 herri guztira, turismoan batera lan egiteko hitzarmena sinatu zuten 2008ko irailean: kanpaina bateratu bat jarri zen martxan bisitari eta turista gehiago erakartzeko helburuarekin, bi eskualdeok zituzen baliabideak batu eta berriki inauguratu den Trail Estazioa bezalako produktu turistikoak sortzeko asmoarekin.
Goierri eta Tolosaldea elkarlanaren eredu izan dira betidanik turismoan; turismo aktiboan eta museoen dinamizazioan elkarlanean aritu dira edukiak ez errepikatzeko eta eskualde bakoitzean aurrera eraman diren proiektuak bata bestearen osagarriak izan dira. Promozio alorrean, modu bateratuan joan dira turismo azoketara eta baita prentsa bidaietan ere Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin batera.
Goierri eta Tolosaldeak, turismoan, elkarlanaren eredu izaten jarraitu nahi dute aurrerantzean ere, eta helburu nagusiena turistak eta bisitariak erakartzea dela jakinik, produktu turistiko guztiak batera garatuz eta promozionatuz, orain arte baino turista gehiago zenbatzeko aukera dago.
%32 igo da Tolosaldeko bisitari kopurua
Datu ugari ere azaleratu ditu prentsaurrekoan Olatz Peon Ormazabalek: 2017ko lehen seihilabetekoan, 2016arekin alderatuta, %32 igo da Tolosaldeko turismo bulego eta informazio puntuetan jasotako bisitari kopurua. “Udal administrazioak, turismoaren pisu ekonomikoaz jakitun, ekimen berriak sustatzen ari gara Tolosaldea Garatzenekin elkarlanean, gure eskualdeak eskaintzen dituen altxorren ikusmira sortu eta bisitariak erakartzeko helburuz” azpimarratu du.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


