Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/03/21

Aldundiak irailean hasiko ditu Amuteko biribilguneko lanak

Higerreko itsas argira doan errepidea egonkortzeko lanak urtea amaitu aurretik hasiko dira eta Iterlimen eta Lurgorriko bizilaguneei aspalditik eskatzen duten soluzioa emango zaie
Txomin Sagarzazu eta Aintzane Oiarbide

Amuten (Hondarribia), Mendelurako N-638 errepideko bidegurutzean biribilgunea egiteko proiektuaren xehetasunak eman dituzte Bide Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbide eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk. 715.701,86 eurokoa izango da aurrekontua, guztira, eta lanek bost hilabete iraungo dute. Bidegurutze hau trafiko puntu korapilatsua izan ohi da bertan gertatzen diren auto-ilarak direla-eta, udan bereziki, bisitari eta turista asko gerturatzen baitira eskualdera. “Eremu honetan auto-pilaketa handiak egoten dira. Azken urteetan behin baino gehiagotan eskatutako aktuazioa da, eta Foru Gobernuak heldu egin dio. Uste dugu hobekuntza nabarmena ekarriko duela”, azpimarratu du Aintzane Oiarbide. Obrek bost hilabete irautea espero da, eta puntu honetan udan bereziki ohikoak diren auto-ilarak ekiditea ahalbidetuko dute. “Duela urtebete udaletxe honetan izan ginen Amuteko biribilguneaz eta Higerrerako bidearen obraz hitz egiteko eta, gaur esan dezakegu, 2017an Hondarribirako hain garrantzitsuak diren bi lan horiek martxan egongo direla”, gehitu du Bide Azpiegitura diputatuak. “Higerreko itsas argira doan errepidea egonkortzeko lanak urtea amaitu aurretik hasiko dira eta Iterlimen eta Lurgorriko bizilaguneei aspalditik eskatzen duten soluzioa emango zaie”.

Amute auzoan N-638 eta GI-2134 errepideen artean egun dagoen bidegurutzeak zirkulazioa bideratzeko irletak eta semaforoak ditu, eta hainbat fasetan ibilgailuen zirkulazioa erabat eteten dute. Baldintza horietan bidegurutzearen funtzionamendua traketsa eta ahalmen gutxikoa da, eta edukiera egunero gainditzen da, batez ere uda garaian. Kontuan hartu behar da urtean, batez beste, 25.000 ibilgailu igarotzen direla bertatik.  Hori dela-eta, Oiarbidek “lehentasuntzat” jo du obra.

 Bidegurutze horren ahalmen gabezia eta bertan sortzen diren zirkulazio arazoak konpontzeko, Bide Azpiegituretako departamentuko zerbitzu teknikoek biribilgune proiektua idatzi dute, eta esleipena egin ondoren, lanak irailean hasiko dira, trafiko afekzioak ahalik eta txikienak izateko.

Proiektuak, N-638 errepidearen Zubieta eta Amute arteko egungo trazatuan biribilgune zirkular bat zehazten du, 50 m-ko kanpoko diametroa eta hiru bide-adar dituena; Hondarribiranzko bide-adarra egungo bi erreietara egokitzen da, baina Irun eta GI-636 errepiderako bide-adarrek errei bakarra izango dute, egungo sekziora egokitzeko. Sarrerak, berriz, eraztuna baino pixka bat lehenago bi erreira zabaltzen dira, bidegurutzearen ahalmena handitzeko.

Bestalde, proiektuak jasotzen du Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Planean aurreikusitako bidegorriak egitea, eta lanek atxikitako espaloiak eta zerbitzu guztiak berregitea. Proiektua joan den abenduan jarri zen jendaurrean, alegazioak aurkezteko hilabeteko epearekin. Zazpi aurkeztu ziren, eta guztiei eman zaie erantzuna epe eta forma egokian.

Amuteko biribilgunearen aurkezpena egin ostean, Bide Azpiegitura diputatu Aintzane Oiarbidek, eta Hondarribiko alkate Txomin Sagarzazuk, urtea amaitu aurretik hobetze lanak izango dituen herriko beste puntu bat bisitatu dute: Higerrera doan GI-3361 errepidea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...