Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/09/11

“"Euskaldunon eta katalanen erabakia errespetatu eta aintzat hartu beharra dago", defendatu du Egibarrek

Diada dela eta, EAJren Gipuzkoako hautagai eta alderdizaleak Donostiako Katalunia Plazan elkartu dira, Kataluniako prozesuari babesa adierazteko eta aldarrikatzeko herritar euskaldun eta katalanek libre eta demokratikoki erabakitzen dutena errespetatzea eta gauzatzea.
“

Joseba Egibar zerrendaburu jeltzaleak nabarmendu egin du katalanak eta euskaldunak batzen gaituena honakoa dela: helburu berak eta Estatu bera aurrez aurre. "Agerikoa da tentsioa dagoela Kataluniako errealitate politiko eta sozial nagusiaren eta ateak ixten dituen Estatu baten artean, kontsultak debekatzen dituenEstatua, eta baita Kataluniako liderrak edo ordezkari instituzionalak prozesatzen dituena", adierazi du. "Bakoitzak bere ibilbide orria du -Catalunya, Euskadi eta, bere kasuan, Galiza, bere nazio burujabetza prozesuari ekiten dionean- baina elementu amankomun bat daukagu: Estatu bera aurrez aurre", berretsi du. 

"Politikan, erabakiak hartzea bezain garrantzitsua da horiek denboran mantentzea" -katalanak egiten ari diren bezalaxe-, adierazi ondoren, gaineratu du "legegintzaldi honetan izandako eztabaida guztietan, badaudela bi kontu behin eta berriro errepikatzen direnak: legalitate-printzipioa eta printzipio demokratikoa. Eta gaur egun, nazio desberdinen harreman politikoetarako formula berriak bilatzeko prozesu guztiek euren garapena oinarritzen dute printzipio demokratikoan", nabarmendu du, "alegia, ez da nahikoa euskal edo katalan herritarrek erabakitzen dutena errespetatzea, aintzat hartu beharra ere dago; eta betebehar konstituzionala dago libre eta demokratikoki adierazitako borondatea testu juridiko berrietara eramateko", esan du. ”Legalitatea, momentu bakoitzean, legitimitate demokratikotara moldatu behar da”, gaineratu du.

"Hori da espainiar Estatuak ukatzen duen printzipio demokratikoa", ohartarazi du Legebiltzarreko EAJren bozeramaileak. "Printzipio demokratiko horri uko egiten diote baita ere espainiar batasuna ordezkatzen duten alderdiek -PSOE, PP, Ciudadanos eta Podemos-". 

Egibarrek baieztatu du inork ezin dizkiola "euskal gizartearen borondate demokratikoari mugan inposatu". Ildo horretan, azaldu du "EAJk proposamenak egin bai, baina erabakia euskal herritarrei dagokiela". "Eta, arau bera jarraituz, PPren, PSOEren, Podemosen edo Ciudadanosen pentsamenduak ezin dira muga izan, ez euskal herritarren borondatearentzat, ez herri honen garapen politikoarentzat", gaineratu du. 

"Erabakitzeko eskubidea nahi dugu", adierazi du. Eta, jarraian, zehaztu du erabakitzeko eskubideak dakarrela "lehenik eta behin, subjektu politiko eta juridiko bat dagoela aitortzea, euskal nazioa, Euskal Herria; eta, baita, herritarren bizitzan eragina duten politika guztien garapena". Hau da, erabakitzeko eskubideak bi aurpegi ditu: "herri baten etorkizunari buruzko ariketa da", baina badauka "beste aurpegi bat" ere, herri honen garapen sozial eta ekonomikoari dagokiona. Horrek esan nahi du "herritarren bizitzarengan eragina duten gai guztietan eskumena edukitzea".  "Gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta horrekin batera, gai horien kudeaketarena ere bai: hasi Hezkuntzatik, Osasunetik edo gizarte arretatik, Justizia, azpiegiturak, enplegu-politika guztiak edo beste euskal herrialdeekin harremanak, zein gure herriaren nazioarteko harremanak”, laburtu du. 

"Hori da legegintzaldi honetan aurre egin beharreko definizioa", jakinarazi du. Definizio horrentzat "EAJk badu hamaika oinarritan definitutako proiektua", hauteskunde-egitasmoan jasota dagoena. "Oinarri argiak: subjektu politiko eta juridikoaren -Euskal Herriaren- aitortza, erabakitzeko eskubidearekin, eta eskubide horren gauzatze zehatza proposatzen dugu", sintetizatu du. 

"Horixe da gure posizioa eta -desberdintasunak eta errealitateak salbu- baita Catalunyaren posizioa ere", esan du, eta jarraitu du "eztabaidak sortzen ari garela, alderdi espainiarrak behin betiko gogoeta horretan sar daitezen, nazioen, herrien arteko elkarbizitza politikoa ezin daitekeelako inposatu, pertsonen arteko elkarbizitza ere inposatu ezin daitekeen bezala". "Inposiziotik dependentzia-harremanak baino ez dira sortzen, menpeko harremanak, eta guk berdinen arteko harremana nahi dugu, batak bestearen nazioa errespetatuko dena", argitu du, "hori da benetako aldebikotasuna". “Herriak du hitza eta erabakia. Beraz, Visca Catalunya lliure! Gora Euskadi askatuta!”, amaitu du. 

 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...