Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Udalerri berria eratzen duten erabakiko dute itsasoarrek irailaren 18an
Aldundiak herri kontsulta deitu du egun horretararako, eragile guztiekin hala adostuta
Itsasoren desanexiorako kontsultak badu data finkoa. Aldundiak, Ezkio-Itsasoko Udalarekin, Itsaso Bherria elkartearekin eta Ezkioko Batzordearekin hala adostuta, foru dekretua kaleratuko du kontsulta egiteko irailaren 18an, igandean. Azkenean, foru erakundea izango da kontsultaren antolaketa bere gain hartuko duena, hala eskatu baitiote Ezkio-Itsasoko bizilagunek.
Modu horretan, babesa adieraziko dio hasieratik ezagutu eta erraztu duen prozesuari. “Itsasoko bizilagun guztiei hitza emanez, zirkulua ixten dugu hasieratik adostu genuen moduan. Antolatzailea Aldundia izatearen arrazoia bikoitza da; alde batetik, beharrezko bitarteko eta euskarriak eskaintzea. Eta, bestetik, horrekin irudikatu nahi dugu kontsultak gure babes instituzional osoa duela, eta baita beharrezko berme juridiko eta formalak ere”, nabarmendu du Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak.
Kontsultan parte hartzera deiturik daude Itsasoko lurralde eremuan erroldatuta dauden bizilagunak, kontsulta egunean 18 urte dituztenak. Bertan, erabaki behar dute Ezkiorengandik bereizi eta Gipuzkoako 89. Udalerria eratzen duten ala ez, honako galderari “BAI” ala “EZ” erantzunez: “Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea? / ¿Estás a favor de que Itsaso vuelva a ser municipio?”.
Kontsulta loteslea ez bada ere, Lasak ziurtatu du emaitza errespetatu egingo dela. Itsason bertan egingo da galdeketa, 9:00etatik hasita 20:00etara. Hautestontzian sartu beharko duten txartelarekin batera, bizilagunen eskura esku orri bat jarriko da, udalerri berria sortzeko bete beharreko baldintzekin, eta honek edukiko dituen ezaugarriekin.
Ahalik eta parte-hartze handiena izatea da deialdiaren helburua. Bozkatzera deituta dauden herritarren zerrendak Ezkio-Itsasoko udaletxean jarriko dira ikusgai. Halaber, jakinarazpena bidaliko zaie postaz, eta irailaren 16ra arte erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte. Irailaren 18a baino lehen bozkatzeko aukera ere izango da, Ezkio-Itsasoko udal idazkariaren bitartez.
Galdeketaren mahaiak Aldundiaren Herritarren Partaidetzako zuzendaritzako ordezkari bat edukiko du lehendakari. Ezkio-Itsasoko udaleko idazkariak idazkari lanak egingo ditu, eta zozketaz aukeraturiko Itsasoko bizilagun bat izango da bokala. Kontu-hartzaile gisa parte hartuko dute Ezkio-Itsasoko Udalak, alderdi politikoek, Itsaso Bherria elkarteak, eta Ezkioko Batzordeak –azken hau gonbidatu gisa-.
Zenbaketa publikoa izango da eta bozketa amaitu bezain pronto egingo da, emaitzak irailaren 18an bertan ezagutaraziko direlarik. Itsasoarren iritzia jasotzeko balioko duen kontsultaren bitartez, amaiera emango zaio 2011n hasitako prozesuari. Emaitza baiezkoa baldin bada, Aldundiak espedientea burutuko du, desanexiorako foru dekretua kaleratuz. Datozen udal hauteskundeak bitarte, batzorde kudeatzailea eratuko da Itsason, eta gaur egun Ezkio-Itsasoko Udabatzarrean Itsasok dituen bi ordezkariek Ezkioko biri utziko diete kargua.
Lasa pozik agertu da deialdiarekin, haren ustetan, Itsaso udalerri izateko desioa “beti egon baita present, batzuetan indar gehiagorekin, eta bestetan gutxiagorekin”, eta borondate hori bideratzeko emandako pausoak “eredugarriak” izan baitira, kontsentsuan, eta eragile eta erakundeen arteko elkarlanean oinarritutakoak. “Momentu oro, Aldundiaren eta bere zerbitzu juridikoen, zein Udalaren eskutik joan dira sustatzaileak. Egindako guztia adostasunetik abiatuta egin dute, hausturarik gabe. Beti egon gara harremanetan Ezkio-Itsasoko ordezkari tekniko eta politikoekin, sostengua emanez”.
Azpimarratu du ere, prozesu guztian zehar, herritarrak izan direla protagonista nagusi. Hau horrela, “naturalena” da prozesua burutzeko itsasoarrek haien borondatea adieraztea, galdeketaren bitartez. “Hasieratik, prozesu parte-hartzailea mamitu zen, zeinean aintzat hartu ziren iritzi eta ekarpen guztiak. Sakonki aztertu zen desanexioa bideragarria zen ala ez. Eta txostenari hasiera eman zitzaion sinadura bilketa batekin”.
Diputatuaren arabera, prozesuan parte hartu duten eragileek, eta “batez ere” ezkiotarrek eta itsasoarrek, ezinbesteko bi osagai erakutsi dituzte: “Sukalde lan handia, eta elkarrizketarako borondate politikoa. Jakin izan dute bestearen lekuan jartzen, eta desadostasunak ganditzen. Eredugarria izan den prozesu hau borobiltzeko eta amaierarik onena emateko modua izango da galdeketa”.
2003ko martxoaren 17ko 2/2003 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorrean dago desanexiorako oinarri juridikoa. Gipuzkoako udal esparrua arautzen du. Xedapen honen arabera, 60ko hamarkadan bat egin behar izan zuten udalerrien kasuan, bertako bizilagunen iritzia kontuan hartu gabe, aurreko araudia aplikatuko zaie, desanexioa gauzatu eta bategitearen aurretik zituzten ezaugarri historikoak berreskuratu nahi izanez gero. Hau da, horretarako ez dute gutxienez 2.500 biztanle edukitzeko baldintza bete behar.
Kronologia:
1964: Ezkio eta Itsaso bat egitera derrigortzen dituzte, Frankismoa indarrean zela.
2011: Partaidetza prozesua hasten dute itsasoarrek. Bi aldeak –Ezkio eta Itsaso- ordezkatzen dituen batzordea sortzen dute. Batzorde honek alor juridiko, logistiko eta administratiboak aztertzeari ekiten dio, eta baita Baliarrain, Orendain e Ikaztegieta, Gaztelu-Leaburu edota Itsasondo-Arama bezalako aurrekariak ere –bere garaian bide bera hartu zuten herriak, guztiak-.
2014: Azterketa bana egiten da desanexioaren bideragarritasun juridikoaren eta ekonomikoaren inguruan, bizilagunek hala eskatuta. Sinadura bilketa hasten da bereizketa espedienteari hasiera emateko. Honen bitartez, argi gelditzen da itsasoarrek prozesuari bide emateko duten borondatea -102 sinadura jasotzen dira, 68 baino behar ez baziren ere-.
2015: Joan den martxoaren 16an egindako Osoko Bilkuran, Ezkio-Itsasoko Udalak Itsasoko udal eremuaren desanexioa onartzea eta udalerri gisa eratzea onartu zuen, zegokion xehetasun guztiekin batera –jarraitu beharreko urratsak, mugak, ezaugarriak, etab.- Erabaki honen inguruko espedientea Foru Aldundiari helarazi zion, joan den irailaren 4an. Inplikatutako eragileek hainbat elkarrizketa eduki ondoren, erabakitzen dute Aldundiak deitzea herri galdeketa, prozesua berresteko.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


