Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/05/26

Aldundiaren eredugarritasuna zainduko duen Etika Batzordea aurkeztu da

Juana Goizueta, Belen Altuna eta Gurutz Jauregi izango dira, Imanol Lasa eta Goizeder Manotasekin batera, Jokabide eta Praktika Egokien Kodea betearazteaz arduratuko diren kanpo adituak
Aldundiaren eredugarritasuna zainduko duen Etika Batzordea aurkeztu da

Etika Instituzionaleko Batzordeko kideak aurkeztu ditu gaur Foru Aldundiak. Foru gobernuak martxan jarri duen Zuzentasun Intstituzionaleko Sistemaren berme organua da batzordea, gobernantza etikoaren alde egiten ari den apustuaren barruan –ordezkari publikoen zintzotasunean, prestutasunean eta eredugarritasunean oinarritutakoa-. Juana Goizueta, Belen Altuna eta Gurutz Jauregi izango dira batzordeko hiru adituak. Beste bi kideak, Goizeder Manotas Modernizazio zuzendaria eta Imanol Lasa Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua izango dira. Guztiek bilera egin dute gaur Markel Olano diputatu nagusiarekin. “Balio eta printzipio sendoetan” oinarritutako kudeaketa publikoa finkatzeko organu berri honek duen garrantzia azpimarratu du Olanok.

Gaur aurkeztu diren hiru adituek, kanpoko kideen gehiengoa bermatzen dute Batzordearen erabakien bozketan. Estatu mailan apustu aitzindaria dela, eta horrek  batzordearen “indepentzia funtzionala eta autonomia” bermatzen dituela azaldu du Lasak. “Jokabide eta Praktika Egokien Kodea onartu genuenean, argi utzi genuen ez zela asmoen deklarazio hutsa, exijentzia praktikorik gabekoa, eta ondoriorik gabekoa arau hausterik izanez gero. Ez dira hitz soilak. Gure jokabidea eta ekintzak kanpo organu batek fiskalizatuko ditu, eta Kodea betetzen dugula bermatuko du. Apustu ausarta eta arnas luzekoa da”, esplikatu du. Diputatu, zuzendari nagusi, eta aholkulari guztiek onartu behar izan dute Kodea, sinaduraren bitartez.

Horrela, foru kargu publikoak bere egin dituzte honako printzipioak: ordezkaritza, zuzentasuna, eredugarritasuna, zintzotasuna eta berekoikeriarik eza, erabakiak hartzeko objektibotasuna –bereziki izendapenak, kontratazioak eta diru-laguntzak tarteko badira–, profesionaltasuna, eraginkortasuna kudeaketan –eralgitzea eta xahutzea saihestuz–, bizikidetza eta errespetua.

Esaterako, besteak beste, kargudunek saihestu egin beharko dute interes gatazka dakarren edo ekar lezakeen edozer; ez dute erakundearen kreditu txartelik edukiko, eta aldez aurretik ordainduko dute kargua dela eta izandako edozein gastu; egiten diren bidaia eta otordu instituzional guztien erregistroa egingo da, gaia eta gastua adieraziz beti; eta auto ofizialak joan-etorri instituzionaletarako baino ezingo dituzte erabili. Era berean, ez haiek, ez haien familia hurbileko kideek edo izatezko bikoteek ezingo dute onartu inolako oparirik, gonbidapenik, bidaiarik, otordurik edo ordain ekonomikorik haien funtzioak gauzatzeari lotuta emandako hitzaldiengatik edo komunikabideetan parte hartzeagatik, baldin eta horiek bere zintzotasuna zalantzan jartzen badute, edota parte hartzeko prozesua baldintzatzen dutela pentsa badaiteke.

Diputatuak nabarmendutakoaren arabera, kode hau betetzen dela ziurtatzeko  aukeratutako hiru adituek ibilbide luzea eta sona handia dute etika, filosofia edo zuzenbidea bezalako arloetan: “Beraien gaitasunaren inguruan ez dago zalantza izpirik ere”. Juana Goizueta (Lesaka, 1969) Zuzenbidean lizentziatua da Nafarroako Unibertsitatean (1992) eta Doktorea Euskal Herriko Unibertsitatean (2006). UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko dekanoa da. Gurutz Jauregi (Urretxu, 1946) Zuzenbide Konstituzionaleko katedraduna da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta 14 banakako libururen eta 50 liburu kolektibo baino gehiagoren egilea da. Belen Altuna (Zarautz, 1969) Filosofian doktorea, eta UPV/EHUko fakultateko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologiako saileko irakaslea da –ikus atxikitako kurrikulumak-.

Batzordearen xedea izango da sustatzea eta bermatzea Kodean jasotako balore, printzipio eta jokabide arauak hedatu, barneratu eta behar bezala betetzen direla, eta kargu publikoen jardunean sor daitezkeen jarrera desegoki hipotetikoen prebentzioa, era horretan, Foru Aldundiaren irudia eta klima etikoa babestu eta bermatzeko. Halaber, kargu publikoek egindako kontsultak eta azaldutako zalantza eta dilema etikoak, eta jokabide arauak ez betetzeagatik aurkezten diren kexa edo salaketak bideratu eta horiek ebatziko ditu.

Urtean behin, Batzordearen jarduerari buruzko urteko txostena egingo du, eta Kodearen Aplikazio Gida osatuko du, non jokabide arauak zehaztuko diren, Batzordeak urtean zehar jasotako kontsultak, egindako ebazpenak eta behatutako ebidentzia enpirikoak oinarritzat hartuta. Orobat, etika publikoaren inguruko prestakuntza eta gaitasun programak proposatuko ditu, kargu publikoentzat derrigorrezkoak izango direnak. Sei hilabetean behin elkartuko da Batzordea, gutxienez, baina edonola ere, ezagutu beharreko gai edo kontsulta bat dagoenean, bilkura deialdia egingo da. Bilkurak aurrez aurrekoak edo bitarteko elektronikoen bidezkoak izan daitezke.

Batzordean kontsultak, kexak edo salaketak egiteko prozedurak errazak eta exijentzia formal berezirik gabekoak izango dira, bere jarduna “arintzeko”. Modu elektronikoan egin ahal izango dira, zuzentasuna@gipuzkoa.eus helbidea erabiliz, eta baita fisikoki ere, herritarren informazio eta arreta bulego zentralan dagoen formularioaren bitarte, foru jauregian. Zuzentasunari buruzko web atal berezia zabaldu da -www.gipuzkoa.eus/eu/aldundia/zuzentasun-sistema-. Bertan, Batzordeak emandako ebazpenak argitaratuko ditu, konfidentzialtasuna zainduz beti ere. Izendatua izan zenetik, pasa den maiatzaren 3an, bi kontsulta jaso ditu.

Batzordeak ofizioz edo kexa ala salaketa bidez jardun ahal izango du, eta mota desberdinetako ebazpenak emango ditu. Ondorioei begiratuta, ez-betetzea ez bada oso nabarmena, ebazpena gaitzestekoa izango da. Ez-betetzea nabarmena bada, ebazpena egindakoagatiko ardurari buruz ohartaraztekoa eta gaitzestekoa izango da. Eta oso nabarmena bada eta eragin instituzional oso larriak sortzen baditu, ebazpenak kargu publiko hori kargutik kentzeko proposamena jasoko du. Bi ebazpen jasotzen badira, ohartarazteko eta gaitzesteko ebazpena emango du Batzordeak. Hirugarren gaitzespen ebazpen batek kargutik kentzeko proposamena ekarriko du. Ohartarazteko eta gaitzesteko bi ebazpen jasotzeak ere kargutik kentzeko proposamena daraman ebazpena ekarriko du.

Administrazio zigorra edo zigor penala merezi duten jokabideak eskumena duen organoari jakinaraziko zaizkio lehenbailehen. Arau hausteak baloratzerakoan, jokabide edo jarrera pertsonalaz gain, kontuan hartuko da erakundearen irudiari egindako kalte objektiboa. Kodea indarrean dagoen lehenengo urtean, Batzordeak gaitzespen ebazpenak bakarrik eman ahal izango ditu. Hala ere, norbait kargutik kentzea eskatzen duen egoera objektiborik sortzen bada, hori ebazpenean zehaztuko du, eta bere iritzia izango da erabakiak hartzeko “erreferentzia nagusia”, Lasak ziurtatu duenez.

“Argi daukagu gobernantza ona gure nortasun ikur bihurtu nahi badugu, ez dela nahikoa legea betetze hutsarekin. Gobernu moldeak eraldatzeaz ari garenean, zer bezain garrantzitsua da nola egiten dugun. ‘Gipuzkoa eredugarria’ eraikitzen jarraitu nahi dugu, filosofia hau Lurraldeko erakunde eta entitate publiko guztiekin partekatuz. Eta horretarako, Aldunditik hasten gara. Solik horrela, egunero eredu emanez, lortuko dugu gipuzkoarron aurrean erakundearekiko konfiantza eta sinesgarritasuna indartzea”, amaitu du Diputatuak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...