Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Iritsia da Gipuzkoan aldi berri bat abian jartzeko unea, lurraldeak dauzkan arazo nagusiei irtenbideak emateko
Diputatu Nagusiaren agerraldia 2015-2019 Kudeaketa Plan Estrategikoa aurkezteko
Ohore bat da niretzat zuen aurrean aurkeztu ahal izatea Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2015-2019 kudeaketa plan estrategikoa, legegintzaldi honetan gure jardunaren ardatz izango den oinarrietako bat baita. Jakingo duzuenez, Diputatuen Kontseiluak onartu zuen atzo, eta gaur, zuen aurrean, eztabaida publikora azalduko dugu, dokumentua zuen ekarpenek osatu eta aberastu dezaten.
Bihar ditu 100 egun buru nauen foru gobernuak eta, egon ziur, gaur aurkezten dugun dekalogoa egitea izan da egun horien eginkizun nagusia. Gutako bakoitza zuzenean murgildu da prozesuan, bai baitakigu gure gobernu ekintza izango denaren oinarriak behar bezala finkatzea ezinbestekoa dela markatutako helburuak lortzeko.
Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernukide guztientzat, eta neuretzat, hain garrantzizkoa den une honetan, nolako Gipuzkoa nahi dugun eta hori lortzeko proposatzen ditugun neurriak azaltzen saiatuko naiz. Gainerako batzarkide taldeekin adostasuna ez bada, ulermena bilatzeko benetako gogoz egingo dut.
Uste dugu iritsia dela Gipuzkoan aldi berri bat abian jartzeko unea, hain zuzen lurraldeak dauzkan arazo nagusiei irtenbideak eman ahal izatearren. Horrela eskatu zuten gipuzkoarren udal eta foru hauteskundeetan, joan den maiatzean, garbi gelditu baitzen adostasun aro berri bat lantzeko beharra, gure autogobernu sistema indartu eta aurreratzeko, erakunde demokratikoetan konfiantza jarrita, eta herritarrek erakutsi duten nahia aintzat hartuta, gure lurraldeak bizi izan dituen zatiketa eta gatazkak gaindituz.
Hori dela eta, honako Gipuzkoa lortzeko erronka ezarri diogu geure buruari: Gipuzkoa, lurralde lehiakorra, inteligentea, orekatua eta sortzailea; aberastasun sorrera iraunkorra, pertsonen ongizatea, herritarren arteko elkarbizitza eta hizkuntz eta genero berdintasuna bermatzen dituen lurraldea, gizarte desberdintasunek hedapen txikiena hartzen duten Europako lurraldea bilakatua”.
Garai berri honek eskatzen du Gipuzkoako Foru Aldundi moderno, eraginkor, hurbileko eta apal bat abian jartzea. Horrek oinarrizko printzipiotzat izan beharko ditu, adostasunak bilatzea, aitzindaritza partekatua, austeritatea, Gobernantza Ona eta entzuteko gaitasuna; gainera, ekin beharreko lehentasunak identifikatzeko eta irtenbide eraginkorrak planifikatzeko eta abian jartzeko gaitasuna beharko ditu. Denbora berri bat, lurraldea modernizatzeko aurrean ditugun erronka estrategiko garrantzitsuei ausart eta erabakitasunez heltzeko, eta denok elkarrekin lan egiteko Gipuzkoaren etorkizunerako proiektu ilusionagarri bat eraikitzera begira, betiere lehiakortasun, elkartasun, kohesio, lankidetza, erantzukizun eta ongizate printzipioetan oinarrituta.
Gaur aurkezten dugun planak gidatuko gaitu, amesten dugun lurralde hori lortzeko bidean, bere xedea baita palanka bat izatea, Gipuzkoaren lehiakortasun eta garapen iraunkorrean etapa berri baterantz abiatzeko eraldaketa ekonomiko eta sozialerako. Horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak bere esku dituen lanabes guztiak erabiliko ditu, bereziki araugintza eta zerga bilketa. “Bide orri” estrategiko bat da, azkenean, eta diputatu nagusia eta beronen koalizioko foru gobernua izango ditu aitzindari, horiek gidatu, egituratu eta egokituko baitituzte Foru Aldundiaren lehentasunak legegintzaldian zehar; eta horien betetze mailaren bilakaera ezagutzea ere ahalbidetuko du, Gipuzkoan duten eraginarekin batera.
Gainera, plana izango da herritarrekin eta lurraldeko eragile ekonomiko eta sozialekin etengabe elkarrekintzan aritzeko tresna bat, etengabeko hobekuntza lortzeko eta eragile horiek Gipuzkoaren gobernantzan partaide zuzenak izan daitezen. Horrez gain, planak jarraipen eta ebaluazio dinamika bat izango du, helburuen betetze mailaren bilakaera ezagutzea ahalbidetuko duena, Gipuzkoan duten eraginarekin eta ezarritako helburuekiko desbideratzeekin batera, bai gobernu organoetan den talde politikoaren aldetik, bai talde tekniko esperientziadunaren aldetik, horrek ere jokabide garrantzitsu bat izan behar baitu kudeaketa mekanikaren definizioan eta jarraipenean. Plana prestatzeko oinarria bera laneko prozesu partaidetzazko eta transbertsala izan da, foru erakunde osoarekikoa, eta diputatu nagusia eta Diputatuen Kontseilua izan ditu buru. Hainbat metodologia erabiliz (elkarrizketa, lantegiak, eztabaida-saioak, etab.), esparru teknikotik zein politikotik heldutako pertsona kopuru handi baten partaidetza lortu da. Ariketa partekatua izan da, onartu den une beretik Kudeaketaren Plan Estrategikoaren potentziala Aldundiaren kudeaketa estrategikoari laguntzeko tresnatzat aktibatzera bideratua; eta Plana aberasteko eta Planaren beraren ezarpena ahalbidetzeko modua ere izan da. Era berean, kontraste asko egin dira lurraldeko eragileekin, haien ekarpenak jasotzeko.
Hausnarketa hori oinarritzat harturik, agintaldi honetarako bost helburu eta bederatzi proiektu estrategiko finkatu ditugu, berehala xehatuko ditudanak. Proiektu sendo eta egituratzaileak dira, hau da, lurraldea lehiakorrago, sortzaileago eta erakargarriago egiten dute. Beharrezko proiektuak dira, batzuk larritasunez behar dira, etorkizunerako arazo kritikoak konpontzeko giltza baitira, Gipuzkoa aro berri batera eramango dutenak; arnas luzeko proiektuak, argi erakusten dutenak gobernu honen konpromisoa datozen belaunaldiekiko eta gure lurraldearen iraunkortasun ekonomikoaren, sozialaren eta ingurumenekoaren irizpideekiko. Kudeaketa Plan Estrategikoa 2015-2019 osatzen da, gainera, 50 helbururekin foru eta erakundearen parte diren departamentuen lehentasunezko 175 jarduera ildoekin, agintaldian zehar bideratu eta gauzatzen joango direnak.
Agintaldiko helburu estrategikoak
Arestian aipatu dudan bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak datozen lau urteetan bost helburu hauek lortzeko eginkizuna jarri dio bere buruari:
1.- Ekonomiaren errekuperazioa finkatzea, enpresen lehiakortasuna sendotuz horretarako. Gure enpresa-ehunaren eraldaketari lagundu behar diogu, enpresa gipuzkoarraren eredu lehiakor eta dibertsifikatu baterantz jo dezan, presentzia global batez, enpresa-portaera lehiakorrak sustatuz (berrikuntza, internazionalizazioa eta elkarlana), kalitatezko enpleguaren eta pertsonek enpresa-proiektuaren protagonistatzat parte hartzearen alde eginez, eta gure politika industrial eta ekonomikoaren identitate ezaugarriak sendotuz, bai herrialde bai lurralde gisa.
2.- Gure gizarte ongizate eta kohesio eredua sendotzea. Ez dugu krisitik edozein modutan atera nahi. Ongizatezko gizarte eredu baten alde ari gara egiten, hori behar dugula eta gure herriaren eta gure lurraldearen zutabetzat mantendu eta garatu behar dugula uste dugulako, Gipuzkoa elkartasunezko espazio handi eta eragile bihurtuta, gizarte zerbitzu sistema bikain batean oinarriturik, hain zuzen gure herritarren behar nagusien arreta etengabea bermatzeko eta ereduaren eta zerbitzuen hobekuntzan sakontzeko. Era berean, gure erronkak berdintasun politiken arloko erreferentzia bihurtu nahi du Gipuzkoa. Era berean, gure erronkak berdintasun politiken arloko erreferentzia bihurtu nahi du Gipuzkoa.
3.- Gure lurraldea modernizatzeko gauzatzeko dauden proiektuei ekitea. Ezin ditugu etorkizuneko aukera gehiago galdu, esaterako hiri hondakinen kudeaketan, garraio publikoan, gure errepideen finantzaketan edo kulturaren sustapenean. Urte gehiegi izan dira jada debate itxietan harrapatuta, irteerarik gabeko eztabaidetan murgilduta, lurraldearen etorkizunerako kritikoak diren gaietarako irteera egingarriak bilatzeko lana luzatu besterik egin gabe. Herritarrak irtenbideak bilatzea eskatzen digu, eta horretara jo nahi dugu, dialogo dinamika berri batez, ulerkuntza, lankidetza, kudeaketa eraginkor eta gardentasunez, gauzatzeko ditugun erronka guztiei heltzeko eta lurraldea suspertzeko bidean.
4.- Gipuzkoako gobernua atzera asmatzea, lurraldearen garapen eta eraldaketa bultzatzen duen motorra izan dadin, kultura eta antolaketa mailako aldaketarekiko konpromiso korporatibo eta transbertsal bat, hots, GFAko pertsona eta arlo bakoitzari eskakizun maila bat ezarriko dion bat, finkatuz; herritarren parte hartzerako bide arinak ahalbidetuz, eragileen arteko lankidetzara eta gardentasunera joz, erakundearekiko konfiantza lehengora etor dadin lagundu dezaten; ekintza planak ezarriz administrazioaren arrazionalizazio eta sinplifikaziora begira, gero eta arinagoak eta eraginkorragoak izan gaitezen; gure politika publikoei aplikatzeko moduko plangintza, kudeaketa eta ebaluazio praktika aurreratu berriak zabalduz eta homogeneizatuz; eta gure pertsonen garapen profesional eta kudeaketa politikak berrituz, zerbitzari publiko gaitu eta balioaniztun profil berri bat lortzearren balio publikoa sortzera begira.
5.- Herritarren arteko elkarbizitza finkatzea, ezinbesteko baldintza delako lurraldeko pertsona, herri eta hirien erabateko garapena lortzeko. Indarkeriak lagatako zauri guztiak garai berri honetan pitinka-pitinka sendatzen joan daitezen laguntzea denon eginkizuna dugu, eta erakundeetatik ere sustatu behar dugu. Eta ikuspegi etiko batetik helburu bazterrezina da hori guztia indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiekiko errespetu eta memoriatik eta aniztasuna, kultura demokratikoa eta baloreetako hezkuntza defendatuz egitea. Zeharo gaude konbentzituta elkarbizitza sistemetako aurrerapenak zuzenean lotuta daudela demokrazia sakontzearekin, baina baita herritarren, ordezkari instituzionalen eta gizarte antolatuaren jarrera, balore eta portaera demokratikoetan lortzen diren aurrerapenekin ere.
Helburu horiek lortu ahal izateko, ausartak izan beharko dugu gure politikak diseinatzeko garaian eta hainbat konpromiso hartu beharko ditugu Gipuzkoako gizartearekin.
Justizia soziala: desberdintasun ekonomikoa eta soziala areagotzea izan da krisiaren ondorio txarretako bat. Gipuzkoa elkartasun eta solidaritate espazio eta eragile bihurtzeko konpromisoa hartu dugu, herritarren premia handiei etengabe erantzuten zaiela garantiatzen duen gizarte zerbitzuen sistema bikain bat euskarri eta oinarri hartuta. Gizarte zerbitzuak funtsezkoak dira gizartearen ongizateari, kohesioari eta kapitalari egiten dioten ekarpenagatik, eta sektore estrategikoa direlako ekonomian, erretornu ekonomiko handia dutelako, enplegua sortzeko ahalmen handia eta ekarpen itzela egiten dutelako gure gizartearen lehiakortasunean eta berrikuntzan, inola ere ahaztu gabe Gipuzkoan dugun kapital soziala eta horrek sistemari egiten dion ekarpena. Gainera, hurbileko Ogasun bat sustatuko dugu eta birbanaketa ekitatiboa bultzatuko dugu kudeaketa publikoa berritzeko egin dugun apustuaren oinarri, gainerako administrazio publikoekin batera koordinatuta, fiskalitatea bideratzea eta harmonizatzea bultzatuko dugu aberastasuna modu jasangarriagoan sortzeko eta errenta ekitate handiagoz birbanatzeko. Eta, azkenik, gizarte ekitaterako mekanismoa zerga iruzurrarekiko zero tolerantziaizateko lehendik hartuta dugun konpromisoa berrituko dugu.
Industria aurreratua: Giltzarria da duen pisuarengatik, tira egiteko ahalmenarengatik, aberastasuna eta enplegua sortzeko motor nagusia izateagatik (enplegu industrial bakoitzak beste 2-5 enplegu berri sortzen ditu ekonomiako beste segmentu batzuetan), eta nazioartekotzeak eta I+G+Bk egiten duten palanka efektuarengatik. Industria horren eboluzioari sostengua eman nahi diogu, fabrikazioa aurreratuagoa, efizienteagoa, sostengagarriagoa izan dadin, teknologia eta material berriak erants ditzan, berrikuntza erants dezan diseinuan, merkaturatzean, negozio ereduan edo kudeaketa sistemetan. Gure herrian industriaren aldeko gizarte mugimendua lortu behar dugu, enpresa jarri behar dugu aberastasuna sortzeko prozesuaren erdigunean. Balioa aitortu behar diogu egiten duen ekarpen sozial eta ekonomikoari, apustua egin behar dugu ahalik eta enpresa gehienek parte har dezaten, errenta banaketa egokia, proiektu partekatu eta jasangarrien konfigurazioa, ardura pertsona guztien artean banatzea eta ingurunereakin konpromisoa hartzea lehiakortasunaren ezaugarri izan daitezen. Era berean, saiatuko gara gure erakargarritasun turistikoa nabarmen emendatzen duten oinarriak indartzen, lurraldearen BPGan pisu handiena duen bigarren jarduera eta zerbitzu sektorea garatzeko argumentu nagusia izatera iritsi baita turismoa. Garapen ekonomikoaren arloan dugun lehentasunetako bat izango da aberastasun fluxu berri eta hazkor horiek zentzuz bideratzea, Gipuzkoa osoan zehar bana daitezen.
Gizarte ekintzailea: Gure lurraldeak iraganean izan duen mentalitate ekintzailea berpiztu nahi dugu, gizarte gipuzkoar ekintzaileago baterantz jotzeko bidean. Pertsonek, banaka nahiz elkarlanean, premiak edo aukerak akuilatuta, ideiak praktika bihurtzeko lan egiten duten gizarte bat izan dadin, hala moduzko egoera sozial, kultural edo ekonomiko batean ahalik eta emaitza onenak lortzeko. Ekintzailetza aintzat hartzen eta baloratzen duen gizarte batean, ekonomia eta gizartea eraldatzeko benetako palanka izan dadin, balioak eta jarrerak bultzatuz (sormena, tolerantzia, aurrera egin nahia, arriskuak hartzea, jakin-mina, aldaketa eta aniztasuna onartzea, ikasteko grina, etab.) eta enpresa proiektu berriak, berritzaileak eta bideragarriak, garatzeko konpromisoa hartu duten pertsona eta enpresei sostengua emanez proiektu horien fase guztietan.
Herritarren zerbitzurako azpiegiturak: Erabilera publikoko azpiegitura eta espazioen sare zabala dago Gipuzkoan, hainbat erabileratarako azpiegiturak dira funtsezko oinarria lurraldearen lehiakortasun ekonomiko eta gizarte kohesioa ordenatua, baliozkotua eta optimizatua izan dadin. Apustu egiten dugu mugikortasun eta komunikazioko azpiegituren sarea konektatzeko eta osatzeko, eta Gipuzkoako hondakinen kudeaketa eskema ixteko, gizartean sortutako gatazka amaitze aldera. Azpiegiturak eraikitzean zentratutako eredu batetik, zerbitzu integralak kudeatzean oinarritutako beste eredu batera igaro nahi dugu, lurraldearen premiei erantzutera bideratuta eta Gipuzkoako herritar guztien eskura egongo den eredu batera, eskualde eta udalerri bakoitzaren premiak kontuan izanda, eta eraginkortasun, segurtasun eta kalitate printzipioetan oinarrituz kudeatuta.
Iraunkortasun integrala: Gaur egungo jasangarritasun kontzeptuak barne hartzen ditu giza bizitza baldintzatzen duten faktore guztiak, ez bakarrik faktore naturalak, baizik eta baita ere sozialak, ekonomikoak eta kulturalak. Iraunkortasunaz hitz egitea gure bizi panoramaz hitz egitea da, gure eguneroko jarduerak egiten ditugun testuinguruaz, horrek baldintzatzen baikaitu, eta, aldi berean, guk ere baldintzatu egiten baitugu. Gipuzkoaren baliabideak ez dira mugagabeak, jarduera ekonomikoa irizpide ekonomiko soiletan oinarritzeak ingurumen arazo larriak dakartza maila lokalean nahiz globalean. Ingurumenaren oraingo egoera, larrialdi edo krisi egoera da maila globalean, baina, hala ere, gure portaerak eta bizi izateko modua aldatzeko aukera izan liteke. Gurea bezalako gizarte moderno batek ahalik eta efizientzia handienaz erabili behar ditu baliabideak eta lurraldearen aberastasun naturala eta kulturala gordetzen eta balioesten jakin behar du.
Bizikidetzaren eta balioen kultura: Gipuzkoa bezalako lurralde plural eta anitz batean, kultura oso eremu egokia da gure ustez, gogoko ez ditugun errealitateak aldatzeko, inklusioa lortzeko eta balioak transmititzeko. Ekintza publikotik abiatuta, altxor dugun pluraltasun aberatsa balioan jartzen lagunduko duten kontakizun eta adierazpen artistikoei eta tradizio, identitate eta sentimendu desberdinen arteko elkarbizitzari laguntzeko konpromisoa hartzen dugu.
Hizkuntzen elkarbizitza berdintasun planoan: Pertsonak gero eta eleaniztunagoak diren mundu honetan, zorte handia da bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean bizi izatea, horrek burua irekitzen laguntzen duelako, eta konplexutasuna kudeatzen. Egoera horri ahalik eta probetxu handiena ateratzeko, bi hizkuntzen oinarrizko ezagutza unibertsalizatzea lortu behar da, eta hiztunen arteko simetria linguistikoa sustatzea, pertsonen elebitasun funtzionala sustatuz. Foru Gobernua aktiboa izango da hizkuntza berdintasuna sustatzen, eta, kontrakorik adierazi ezean, euskararen erabilera lehenetsiko du, hiztunen aukerak berdintzeko estrategia egokia delakoan.
Lurralde oreka: Gipuzkoa lurralde orekatua da eta hori du, hain zuzen ere, indargune handienetako bat. Hirien garapena, landa eremuko eta kostaldeko eskualde eta udalerrien garapena, gobernu honen lehentasunetako bat da, mendialdea eta itsasaldea Gipuzkoaren balio funtsezko gisa ikusten baititu, bai ekonomiari eta enpleguari egiten dioten ekarpenagatik eta baita identitate sozialarekin, kultura, gizartea eta paisaia mantentzearekin duten lotura estuagatik ere. Horregatik segurtatu behar dugu eremu horien etorkizuna, produkzio eredu desberdinak konbinatuz eta indartuz eskualde eta udalerri bakoitzari egokituta, jarduera horiekin dugun belaunaldi arteko konpromisoaren bidez, eta kontuan hartuta pertsona edozein kontsiderazio politiko, ekonomiko edo sozialen gainetik dagoela beti.
Mundu guztira irekitzea: gizarte gisa dugun erronka handienetakoa nazioartera gehiago irekitzea eta konexio handiagoa lortzea da, bai gure organizazio eta enpresei dagokienez, eta baita gure administrazio publikoei eta herritarrei dagokienez ere. Nazioartean eskualde gisa lehiatzeko gai izateak, inguruan dugun mundu globalera irekitzea, mugikortasuna eta konexioa lortzea eskatzen du, batez ere eta bereziki, datozen hamarkadetan munduko garapena lideratuko duten herrialde, eskualde eta eragileei erreparatuta. Alde horretatik, Gipuzkoako gizarte osoa nazioartekotzeko neurri eta aliantza berriak sustatzeko konpromisoa hartzen dugu, Eusko Jaurlaritzarekin eta haren Basque Country estrategiarekin lerrokatuta, Gipuzkoaren etorkizuneko lehentasunezko eremuak sustatzeko oinarri gisa.
Gobernantza ona: Laneko kultura berrirantz pixkanaka aldatuz joateko, Gipuzkoako sistema instituzionalean apustu egiten dugu arrazionalizazioaren, sinplifikazioaren, irisgarritasunaren eta gardentasunaren alde, Gobernantza Onaren oinarrizko printzipio gisa, eta erakundearen eguneroko kudeaketa ikuspegi korporatibo zalu, eraginkor eta efizientetik egitearen alde, herritarrengandik eta gizarte zibil antolatutik ––horrekin jarduten baitu interakzioan politika publikoak definitzen eta sorten– hurbil eta ateak zabalik mantentzeko behar diren teknologia eta tresnekin. Gobernantza Onaren aldeko apustuan urrats bat gehiago egitea da, beti gobernantza onaren printzipioen eta erakundeen integritate balioen esparruan diharduen GFA eredugarri baten identitate ikur gisa.
Proiektu estrategikoak
Agintaldi honetarako finkatutako bost helburu estrategikoak lortzeko, Kudeaketa Plan Estrategikoak bederatzi proiektu estrategiko zehazten ditu:
1. Ekonomia Suspertzen Laguntzeko plana
Gipuzkoako Foru Aldundiak ekonomiaren suspertzearen elementu aktibo bilatu behar du, lehiakortasun faktore guztiak bultzatzen lagundu behar du eskura dituen tresnen bitartez, bereziki, fiskalitatearen eta ekonomia sustatzeko politika publikoen bitartez. Gure lehentasunetako bat enpresei sostengua ematea da enplegua mantentzeko eta sortzeko. Ekonomia Suspertzeko Planaren bidez, urtero 50 milioi euroko partida bat jarriko dugu Gipuzkoako enpresen eta ekonomiaren espezifikotasunetara bideratutako jarduketa lerroetarako, hala nola gazteentzako eta zailtasunak dituzten kolektiboentzako enplegua sortzeko, industria 4.0ri laguntzeko “Smart Gipuzkoa” estrategiaren baitan, langileek enpresan parte hartzea sustatzeko, ETEei laguntza teknologikoa emateko, turismo sektorearen handitzea kudeatzeko, nekazaritza eta basozaintzako lehiakortasuna hobetzeko, konpetentziak eskuratzen eta ezagutza garatzen eta transmititzen eta garapen endogenoan laguntzeko, eta eragileen artean (enpresa, erakunde, berrikuntza teknologikoko zentro, unibertsitate, lanbide heziketako zentro, garapen agentzia, etab.) interrelazioa eta lankidetza sustatzeko.
2. Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapa
Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapak Gipuzkoako errealitatera ekartzen ditu EAEko 2015-2018 Gizarte Zerbitzuen Plan Estrategikoan ezarritako plangintza irizpideak, eta zerbitzuak nola hedatu proposatzen du, 2019an orain dagoen arreta estalduraren mailari eusteko. Horretarako, Mapan aurreikusten da arreta premiak handiagotu egingo direla, Gipuzkoan gizarte zerbitzuek estalitako kontingentziaren batek potentzialki ukitutako biztanleriaren eboluzioaren ondorioz. Hainbat faktore daude oraingo arreta sistema indartzea eskatzen dutenak, besteak beste, 65 urtetik gorako biztanleen pisu erlatiboa gero eta handiagoa izatea, gaixotasun mentalen intzidentzia areagotuz joatea edo gizarte bazterkerian edo babesgabezian erortzeko arriskua emendatzea. Alde horretatik, Mapan aurreikusitako zerbitzuak eta prestazioak hedatzea funtsezko estrategia da Gizarte zerbitzuen legeak aurreikusitako unibertsaltasuna, eskubide subjektiboa 2017rako garantizatzen duena, betetzeko bidean aurrera egiteko.
3. Hondakinen kudeaketa
Aurreko lau urteetako kudeaketaren ondoren, jarduketa lerro desberdinei berehala ekiteko konpromisoa hartzen dugu, informazioa partekatuz eta erabakiak guztien artean adostuz, hala nola hondakinen balorizazio energetikorako planta eraikitzea GHHKPOn aurreikusitakoaren arabera edo, behar izanez gero, azpiegitura premien aurreikuspen berriari egokituta, egiten den prognosiak hala gomendatzen badu; GHKren kontuen eta kudeaketaren auditoria eta sartuta dagoen prozedura judizialen analisia; GHHKPOren Aurrerapen Dokumentua eguneratzea; Hondakinen Azpiegituren LAP egokitzea/aldatzea; eta hondakinak kudeatzeko aldi baterako soluzio iragankorrak bilatzea, behin betiko azpiegiturak gauzatu arte.
4. Donostialdeko metroa
Etorkizuna beti izan da trena. Abiadura handiaren bidez hegoaldearekin eta iparraldearekin konektatuko gaituen trena, eta baita ere Donostiari eta bere eskualde metropolitanoari halakotzat funtzionatu ahal izateko aukera emango dion tren soziala. Intercity metro bat, biztanle gehien dituzten auzoak konektatuko dituena, Irun / Donostia konurbazioaren mutur biekin. Kalitateko hiriarteko garraio bat, zalua, erosoa, teknologia mugikor berriei zukua aterako diena eta automobila uzteko gogoa emango duten tarifak eskainiko dituena. Deliberatuki egiten dugu apustua Donostialdeko metroaren alde, Gipuzkoa ekialdeko korridoreko tren konexio izan dadin, eta proiektuaren kofinantzaketan eta kudeaketan parte hartuko dugu EJrekin batera.
5. Pasaialdea biziberritzea
2015eko irailean onartutako programa integral bat eta jarduketa zehatzen egutegi bat garatzeko asmoa dugu, Portuko Agintariekin eta inplikatutako Udalekin lidergoa banatuta, etorkizunean kanpoko portu hipotetikoa egitea baztertu gabe, epe labur eta ertainean portuaren jarduera komertziala eta lehiakortasuna bultzatzeko, eta degradatutako hiri espazioak eta ekipamenduak zaharberritzeko eta berreskuratzeko, Pasaialdeko herritarren premiei erantzunez, lurraldearen garapenari eta biztanleen ongizateari laguntzeko, Pasaia ekonomiaren, hirigintzaren, gizartearen eta kulturalen aldetik biziberritzeko helburu globalaren baitan.
6. Tabakalera eta Gipuzkoako kulturaren ekosistema
Gobernu honek Tabakalerari emango dion bultzada, zentroa martxan jartzearekin eta orientazio kulturala ematearekin hasten da, errentagarritasun soziala segurtatzeko eta, maila handiko gaikuntzaren bitartez, ikus-entzunezko industriei lotutako edukiak sortzen laguntzea lortzeko, horien garapena lideratu nahi baitu Gipuzkoak Euskadin. Hori dena ikus-entzunezko industrien teilakatzetik abiatuta, eta talentua, pentsamendu kritikoa eta ikus-entzunezko eduki lehiakorrak, euskarazkoak bereziki, sortzeko bokazio bereziarekin. Lurraldeko eragile kultural berri honen orientazio egokiak eraman behar gaitu, halaber, beste kultura erakunde batzuek tradizionalki jokatu duten papera birpentsatzera, kultura baliabideen jasangarritasunari erantzuteko helburuarekin.
7. Gipuzkoako biribilgunea
Bere burua modernotzat duen hiri edo eskualde orotan bezala, Gipuzkoan ere komunikazio orekatuak behar ditugu eta lurralde osora iritsi ahal izan behar da, aukera berdintasunean, oreka horri eutsi nahi bazaio. Eremu Funtzionalen burualdeen arteko konexioak bide eraztun bat sortzen du, biribilgune moduko bat, eta horrekin egituratzen da lurraldea bide komunikazioaren ikuspegitik; eraztun horretatik ateratzen dira euskal hiriburuen arteko konexio ardatzak eta kanpoaldearekin konektatzekoak (mendebaldean AP-8 Bilborantz, hegoaldean AP-1 Gasteizerantz, iparraldean AP-8 Behobiako mugarantz, ekialdean A-15 Iruñerantz, hego-ekialdean N-1 Altsasurantz) eta horrela konfiguratuta geratzen da Gipuzkoako kapazitate handiko sarea, Gipuzkoako biribilgunea esaten zaion hori. Eskualde arteko konexio hori burutzea, Gipuzkoako Biribilgunea amaitzea alegia, Gipuzkoarentzako proiektu kritikoetako bat da inolako zalantzarik gabe, funtsezko tresna baita lurraldeko mugikortasunari, irisgarritasunari eta antolaketari dagokienez, eta garapen ekonomikoaren funtsezko eragilea gainera.
8. Gobernantza Onaren estrategia
Gobernantza Onaren praktika gure ezaugarri eta identitate ikur eta GFA berriaren etorkizunerako proposamen izatea nahi dugu, jakin baitakigu gobernatzeko ekintzaren edukia bezain garrantzitsua dela gobernatzeko modua. Herritarrak eta gizarteko eragile eta aktore nabarmenenak sartu nahi ditugu deliberazio publikoan, politika publikoak garatzeko eta Aldundiak eskaintzen dituen tramiteak eta zerbitzuak hobetzeko prozesuetan, eta parte hartzeko eta komunikatzeko bide berriak ireki. Gainera, foru erakundearen laneko metodoak eta kudeaketa sistemak hobetzearen eta modernizatzearen aldeko apustua egiten dugu, erabat modu transbertsalean lan eginez, eta GFA zerbitzari publiko gisa ahaldunduko dugu, organizazioa eta dituen gaitasun eta ahalmenak pixkanaka eraldatuz joateko esparrua bultzatuz, aldaketaren protagonistak pertsonak direla kontuan hartuta.
9. Kultura Politikoa eta Demokrazia Sakontzeko programa
Elkarbizitza sistemetan egindako aurrerapenak zuzenean lotuta daude demokraziaren sakontzearekin eta herritarrek, erakundeetako ordezkariek eta gizarte antolatuak jarrera, balio eta portaera demokratikoetan egindako aurrerapenekin. Horregatik planteatzen dugu debaterako eta etengabeko elkarrizketarako foro bat sortzea Gipuzkoako Batzar Nagusietan ordezkaritza duten alderdi politikoen artean, lurraldeak kultura politikoaren aldetik dituen erronkei heltzeko, elkarrizketa oztopatzen duten egoera koiunturalak gaindituta.
Planaren gobernantza
Foru gobernuaren ardura hartu genuenetik behin eta berriro esan dugun legez, egiten denak adina garrantzia du hura egiteko moduak. Horrexegatik, nahiz eta gehiengo absolutua izan, ez dugu inposizio jarreratan aritzeko huts egitea egingo; lidergo partekatuko gobernantza berriaren filosofia jarraituko dugu, eta elkarrizketa eta lankidetza jarreran arituko gara, atez barrura bezala atez kanpora.
Filosofia hori aplikatuko da Kudeaketa Plan Estrategikoan, bi dimentsiotan: barnera eta kanpora.
Kanpora begira, herritarrekin, eragile ekonomikoekin eta sozialekin, gainerako administrazio eta alderdiekin egingo da kontrastea, eta horretarako dokumentuan bertan zehazten diren zenbait ekimen eta programa abiaraziko dira: “Guztion Gipuzkoa” hiru hilabetez behin kontu eman eta ideiak eta proposamenak jasotzeko argitalpena, “Gipuzkoa Taldean”, eztabaida publikorako programa, edo “Gipuzkoa Eraikiz”, honen bidez errokizuneko estrategia eta proiektuak aztertzeko. Horrez gain, etengabeko harremana izango dugu udalekin, Eusko Jaurlaritzarekin, Espainiako Gobernuarekin, Europarekin eta gainerako erakundeekin.
Erakunde barruan Aldundiko departamentu ezberdinen artean plangintzaren garapena koordinatzeko mekanismoak -prozesu horretan garrantzia handia izango dute langileek-, hala nola bere jarraipena ebaluazioa eta eguneratzea bermatzeko mekanismoak ezarriko dira. Izan ere, plangintzak bere betetze maila neurtzeko mekanismoak eta konpromiso zehaztuak jasotzen ditu, neurtzaile eta adierazpide zehatzekin. Hitzak ezik, ekintzak dira. Hauxe da herritarrekin konpromiso, konfiantza eta gardentasunezko harremana sendotzeko proposamena.
Amaitzeko, berriro nabarmendu nahi nuke plangintza honen garrantzia, gure lan tresna nagusia izango baita, tresna soil bat baino askoz ere gehiago: aro berri bati ekiteko baliatzea nahi dugu lehiakortasunari eta Gipuzkoa eramangarri bati begira. Eginkizun horren zerbitzukoak izango dira gure baliabide eta politika guztiak, arauen garapena eta politika fiskala barne.
Horregatik, foru gobernua eta batzar taldeak ahalegina egin eta elkar ulertzea lortzeko gai izatea espero dut. Elkartuta ahalmen gehiago izango dugu Gipuzkoa sendotzeko eta lurraldeari behar duen bultzada emateko.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


