Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/17

Gipuzkoarrak, boza emanda, izango dira aldaketaren protagonistak

EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigaiak herritarrei dei egin die hurrengo igandean bozkatzera joateko eta, bereziki, ingurukoak konbentzitzeko Gipuzkoak aldaketa behar duela.
Markel Olano

EAJ-PNVren Gipuzkoako Diputatu Nagusigai Markel Olano Zumaian izan da gaur goizean. Bertan, Eider Mendoza eta Xabier Ezeizabarrena hautagaiekin, Zumaiako (Oier Korta) eta Zestoako (Joxe Mendizabal) alkategaiekin, Lehiakortasuneko eta Garapen Ekonomikoko sailburu Arantza Tapiarekin eta Urola Kostako boluntarioekin batera, honakoa esan du: “Gipuzkoarrak, boza emanda, izango dira aldaketaren protagonistak”.

Horren harira, Markel Olanok esan du, inkesten arabera herritarrek aldaketa nahi dutela Gipuzkoan, eta gipuzkoarren parte-hartzeak, bai norbanakoa, bai kolektiboa, bultzatuko duela aldaketa. Hortaz, Olanok segidakoa azpimarratu du: “Egun hauetan boluntarioekin ari gara Gipuzkoa osoan zehar gure proposamenak aurkezten eta, hainbat herritan galdetu digute nola lagundu dezaketen aldaketa lortzen. Ondo da, laguntzarik onena parte-hartzea da, hain zuzen ere, herritar guztiak bozkatzera joatera animatzea, Gipuzkoan aldaketa lortu ahal izateko. Hau da, herritarren parte-hartzeak egi bihurtuko du aldaketa”.

Era berean, EAJ-PNVren Diputatu Nagusigaiak azken lau urteotan Gipuzkoan gertatu denari buruzko hausnarketa egin du: “Azken lau urteotan Bilduk eta ezker abertzaleak bizkar eman diete herritarrei, langileei, enpresei; ez diote ekonomiari garrantzirik eman; bere iritzia behin eta berriro inposatzen saiatu dira, eta inposizio horren ikurra izan da atez ateko bilketa-sistemaren inposizioa Gipuzkoako hainbat herritan”.

Hortaz, Markel Olanok azpimarratu du, EAJ-PNVk gobernatzeko beste modu bat martxan jarriko duela: “Guk herritarrak entzungo ditugu, haiekin egongo gara, martxan jarriko ditugun gauzetan parte-hartzeko aukera izango dute eta, batez ere, ez diegu bizkarra emango eta ez diegu gure iritzia inposatuko, baizik eta elkarrizketa eta elkarlana bultzatuko ditugu”.

Eskualde indartsuek egiten dute Gipuzkoa indartsu

EAJ-PNVren Diputatu Nagusigaiak, halaber, konpromisoa hartu du, Gipuzkoako oreka sustatzen jarraitzeko eta, horretarako, aditzera eman du, herri txikiei laguntzeko – 2.000 biztanle baino gutxiagoko herriei – programa berezia egingo dutela, hain zuzen ere, lehengo legealdian martxan jarri zutenaren antzeko programa – gogoratu behar da, lehengo legealdian jeltzaleen aginteko Foru Aldundiak Landa Gipuzkoa 32 programa egin zuela 1.000 biztanle baino gutxiagoko herriei laguntzeko –. Izan ere, hautagai jeltzalearen ustez, eskualde indartsuek egiten dute Gipuzkoa indartsu.

Horrenbestez, Markel Olanok honakoa esan du: “Lurraldearen garapen orekatua sustatuko dugu eta, horretarako, konpromisoa hartzen dugu, Gipuzkoan ekonomia-garapen eta bizi-kalitate orekatua sustatzeko”. Olanoren iritziz, baldin eta Gipuzkoan eskualdeek ekonomia indartsua badute, Gipuzkoak ere ekonomia indartsua izango du, eta gauza bera gertatuko da bizi-kalitatearekin. Hori dela eta, Markel Olanok konpromisoa hartu du, lan egiteko Gipuzkoak eskualde indartsuak izan ditzan.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...

Blogosfera

Blogosfera

Gipuzkoako Blogosfera

YouTube