Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/05/14

Eneko Goiak Donostia ireki eta interkonektatuaren defentsa egin du, Bilduren itxikeria gainditzeko

Alkatetzarako hautagai jeltzaleak nabarmendu du beharrezkoa dela EuskoTrenek eta Renfek bat egitea Loiolako Erriberetako geltoki intermodalaren bidez
mugikortasuna

Donostiarako Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Eneko Goiak, “Bilduren itxikeria alde batera utzi eta Donostia “hiri ireki eta interkonektatu bilakatzeko” prestatu duen proposamena eman du ezagutzera. “Kanpora proiektatzen den hiri ireki eta ondo konektatu bat nahi dugu, eta ez Bilduren eredua: itxia, endogamikoa eta zilborrera begira dagoena”, ziurtatu du.

Jakinarazi du konektibitatearena dela, hain zuzen ere, Donostiaren erronka handienetako bat. Eta, hori lortzeko, uste du ezinbestekoa dela EuskoTrenek eta Renfek bat egitea, Loiolako Erriberetan aurreikusita dagoen geltoki intermodalaren bidez. 

Halaber, Loiolako Erriberetan zegoela probestuz, bertako trenbidea estaltzeko apustua egin du. Izan ere, gogoratu du Bilduk proiektu hau “erabat baztertuta” izan duela azken lau urteetan. “Trenbidea estaltzeak Loiolako Erriberetako parkea handitzea ahalbidetuko luke, hasierako proiektuan aurreikusten zen bezala, eta, gainera, auzoa Amararaino luzatuko genuke”, argudiatu du.

Bi adibide horiekin, Goiak konektibitatearen garrantzia azpimarratu du, uste baitu ezinbestekoa dela hiri baten garapen ekonomikoa eta etorkizuna bermatzeko. Arrazoitu du hiri baten irisgarritasunak eta atzerriko konexioek lotuta zuzena daukatela turismoa, merkataritza eta gainerako sektore ekonomiko tradizionalekin. Gaineratu du konektibitateak eragin positiboa daukala baita ere zerbitzu eta teknologia alorretan.

Azpiegiturek garapen ekonomikoan eta lehiakortasunean daukaten eraginaren eztabaidaren aurrean, jeltzaleak argi dauka kalitatezko komunikazioak onura ekonomikoa ekartzen duela. “Garapen ekonomikorako ez da nahikoa abiadura handiko trena, jarduera ekonomikoa daukan portua eta aireportua  ondoan izatea, baina beharrezko baldintzak dira garapen ekonomikoa lortzeko”, erantsi du.

Jarraian, EAJ-PNVk konektibitatea hobetzeko proposatzen dituen proiektuak zehaztu ditu:

  • Salbuespena lortu eta Hondarribiko aireportua mantendu. Instalazioak modernizatu eta pista ordenatu. Aireportua lehiakorragoa egin, hegaldi komertzialak eta pribatuak sustatzeko. Arreta berezia eskainiko diogu Donostiarekin lotura bermatzeari.
  • Biarritzeko aireportua gertu dagoela, Iparralderekin dugun lotura eta aireportu hartako erabiltzaileen %30 gipuzkoarrak direla kontutan hartuta, Aldundiarekin batera autobus zerbitzua sustatuko dugu, Loiuko aireportuarekin egin zen moduan.
  • Abiadura Handiko Trena: Euskal Y Bilbo eta Gasteiz modu azkarrean lortzeko sistema garrantzitsuena da, bai eta Europarekin modu azkarrean lotzekoa ere. Guk honakoa bilatuko dugu:
    • Proiektuaren  garapena bermatu: hirugarren hariaren bidez, Donostia eta Hendaia 2018. urterako konektatu.  
    • Madrilekin konexioa 2019. urterako egitea lortu.
    • Proiektuak bideratu merkantziak hiritik igaro behar ez daitezen eta abiadura handiko trena erabil dezaten.
    • Gainerako erakundeen parte hartzea sustatu abiadura handiko geltokia, Tabakalera eta autobus geltokia lotzeko.
Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...