Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Eneko Goiak Donostiako Udaleko kudeaketa eraldatuko du, gardenagoa eta irekiagoa bilakatzeko
Alkatetzarako hautagai jeltzaleak gobernu onaren proposamena aurkeztu du, inprobisazioa, obskurantismoa eta inposizioarekin amaitzeko
Donostiako Alkatetzarako EAJ-PNVren hautagaiak, Eneko Goiak, Donostiako Udaleko kudeaketa hobetzeko proposamena aurkeztu du, uste baitu “erakundea donostiarren zerbitzura egon behar dela, eta ez alderdikerien menpe”. Herri Administrazio eta Justizia sailburua, Josu Erkoreka, ondoan zuela, Goiak udaleko kudeaketa eraldatzeko konpromisoa hartu du, erakunde garden eta ireki bat lortu eta Bilduko Gobernuaren ezaugarri izan diren “inprobisazioa, obskurantismoa eta inposizioarekin” amaitzeko.
Juan Carlos Izagirreren Gobernuaren inprobisazioa adierazteko zenbait adibide jarri ditu Alkategai jeltzaleak. Esaterako, autobus geltokiaren kokalekua azken orduan aldatzea; Karlos I.goaren inguruan egindako eta behin ere bete ez dituzten promesak; Arte Ederren eraikina bota behar zela esan, eta gutxira babestearen alde egitea; 2016 Hiriburutzaren kudeaketa; Peskaderia eraikinaren jabeekin adostasuna bilatzeko sortu dituzten zailtasunak; Lasala plazako eraikinaren salmenta; eta Bakearen Usoa Saguesera eramatea.
Bilduk azken lau urteetan erakutsi duen “obskurantismoa eta inposizioa” ere salatu ditu Goiak. Ildo horretan, salatu du Udal Gobernuak Udalbatzara eraman dituen gaien berri azken orduan eman diela oposizioko taldeei eta hedabideei. “Gogoratuko duzuen bezala,aurrekontuak Gabon bezperan onartu ziren, eta horien inguruko informazioa ez genuen Erregeak arte jaso”, ekarri du gogora. Hori gutxi balitz, erantsi du Izagirreren Gobernuak ez dituela bete oposizioa aurkeztu eta onartutako dituen mozioak. Izan ere, ezker abertzalearen ikuspegiarekin bat ez zetozen. “Mespretxatu egin dute Udalbatzako gehiengoaren borondatea, alegia, donostiar gehienen borondatea ordezkatzen duen erakundea”.
Eredu horren aurrean, hautagai jeltzaleak “gardena, irekia, dinamikoa eta eraginkorra” izateko konpromisoa hartu du. Eta horretarako, jarraian zehazten diren bost lan ardatzeak diseinatu ditu.
1.- Gardentasuna. Informaziotik ezagutzara.
Udal berriak eskainiko duen informazioak, honako ezaugarriak eduki beharko ditu: erabilgarritasuna, ulerterraztasuna, garrantzia, kalitatea eta fidagarritasuna.
o Udal berriaren web orriaren edukia eta diseinua eraberritu, informazio guztia modu pedagogikoan erakutsiz, eta herritarrak informatzeko eta beraien iritzia ezagutzeko zerbitzu publikoa izatera bideratuz.
o Alkatearen eta Udal Gobernuko beste ordezkarien agenda publikatu.
o Informazio publikoan, elkarte eta erakundeekin adostutako dirulaguntzak eta hitzarmenak txertatu, helburuak, aurreikusitako ekintzak eta dagozkien memoriak zehaztuz.
2.- Plaza irekia. Komunikazio bide berriak.
Herritarrekin komunikaziorako kanal berriak ezarriko ditugu, modu egituratu eta sistematikoan.
• “Entzuten” egitasmoa martxan jarri, ondorengo ekintzekin:
o Alkateak zein Zinegotzi Delegatuek asteko egun bat finkatuko dute hala eskatzen duten bizilagunekin biltzeko, aurretiazko hitzordu sistemaren arabera.
o Hiriaren egoerari buruzko eztabaidan, mahai gainean jarriko da zer gaiei buruz egingo diren herritarren partaidetza prozesuak eta herri-galdeketak.
•Mugikorretarako plataforma, aplikazio eta bestelako komunikazio sistemak jarriko dira martxan ideiak, proposamenak edota ohartarazpenak jasotzeko, udal zerbitzuen funtzionamendua hobetze aldera.
3.- Praktika egokiak kontratazioan
Gobernu Onak finkatzen dituen betebeharrak betetzeko neurriak hartu.
• Kontratazioaren barruan, eta publizitaterik eta konkurrentziarik gabeko prozeduren bitartez esleitu daitezkeen kontratu txikiei dagokienez, udal erregistroa zabaldu, Udalak kontratatu edo eros ditzakeen ondasun eta zerbitzuak eskaintzen dituzten pertsona fisiko eta juridikoekin. Erregistro hori hiriko enpresa txiki, ertain eta autonomo guztiei ireki, aipatutako kontratuen esleipendunak izateko aukera eduki dezaten.
4.- Herritarren partaidetza
Hauexek dira gure proposamen eta konpromisoak:
• Hiruko Kontseilu Sozialari eta egungo Aholku Batzordeei rol aktiboago bat eman.
• Altzako Barrutia eratu, Barrutiko Batzordea sortu, Barrutiko zinegotzi Presidentea izendatu, Barrutiaren eskumenak finkatu, eta horren funtzionamendurako baliabide ekonomikoak, materialak eta pertsonalak aurreikusi.
• Igeldori dagokionez, epaitegien epaia desanexioaren aurkakoa baldin bada, Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren sorrera bultzatuko dugu, gainerako udal taldeekin eta Igeldoko bizilagunekin elkarrizketa eta akordio prozesua zabalduz. Tokiko Entitate Txikia indarrean sartzen denean, konpromisoa hartzen dugu lau urteko epean herri-kontsulta antolatzeko.
• 'Auzolanean' egitasmoa abian jarri, hiriko elkarte-sarearen eta Udalaren arteko lankidetza eta harremana bideratzeko.
• Hiriko egoeraren eztabaidaren barruan, Urteko Partaidetza Plana aurkeztu. Plan horrek jasoko ditu partaidetza prozesuak, beharrezko baliabide ekonomiko eta pertsonalak, eta aurreikusten diren herri-kontsultak.
5.- Udal eraginkorra eta berritzailea. Udal-sarea.
• Urtero Kudeaketa Plana osatu, estrategiak, departamendu bakoitzeko lan-ildo nagusiak, eta inbertsio eta obra inportanteenak jasotzeko. Plan hori aurrekontuetan islatu beharko da. Halaber, planaren ebaluazio eta kontu-emate egokiak bermatzeko helburuak eta neurgailuak zehaztuko dira. Hiriko Kontseilu Sozialaren aurrean zein Udalbatzarran aurkeztuko da Kudeaketa Plana eztabaidatu eta onartzeko.
• Herritar kolektiboekin elkarlanean, Udalaren Berrikuntza Plana garatu, udal administrazio moderno, sortzaile, berritzaile eta irekirantz pausoak emateko. Udal administrazioaren funtzionamenduan eta kulturan aldaketak bultzatu, herritarren eskari berrietara egokituz.
• Gobernu Irekiaren, Gardentasunaren edota Kontu-Ematearen aldeko estrategiak bultzatzen dituzten sare interesgarrietan modu aktiboan parte hartu, erkidego, estatu zein nazioarteko arlokoak izan.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


