Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2015/03/24

Bildu gezurretan ari da, Buruntzaldea eskualdeko garapen agentziak eratu gabe jarraitzen du

Ezker Abertzalearen aldebakartasunetik urrun, EAJ-PNV proposamen parte hartzaile eta bateratzailea prestatzen ari da. Ondoren, eragileekin egiaztatuko du.
Bildu gezurretan ari da, Buruntzaldea eskualdeko garapen agentziak eratu gabe jarraitzen du

Buruntzaldeako EAJ-PNVren ordezkariek agerraldia egin dute, gaur, Astigarragan, Bilduk eskualdeko Beterri garapen agentziari buruz esandakoak gezurtatzeko. “Erakunde hau ez da eratu, ez dago martxan, eta udalbatzek ez dute agentzia eratzea onartu”, ziurtatu du Urnietako alkateak, Mikel Pagolak. 

Salatu du Bildu “herritarrak eta enpresak nahasi nahian dabilela” eskualdeko agentzia eratuta dagoela eta forma juridikoa zehaztea bakarrik falta dela adierazi duelako koalizioak. Argitu du agentzia eratzea udalbatzen eskumena dela, eta eskualdeko sei herrietatik batek berak ere ez duela erabaki hori hartu, nahiz eta Bilduk hori esan etekin politikoa ateratzeko. Pagolak jakinarazi du gaia Hernani, Astigarraga eta Usurbilen bakarrik eztabaidatu dela, hau da, ezker abertzaleak gehiengo absolutua daukan herrietan. Gaineratu du hiru kasuetan erakundeak izango lituzkeen estatutuak bakarrik onartu direla, eta, beraz, ez dela erakundearen sorrera inondik inora onartu.

Hiru herriek aldebakartasunetik aurrera egitea erabakiko balute ere, arazoa konpontzeke egongo litzatekeela ere zehaztu du. Izan ere, Garbitaniarekin egin zuten bezala, gardentasun ezaren ildotik lan egiten jarraituko balute ere, Urnieta, Lasarte-Oria eta Andoain ez lirateke erakunde berrian sartuko, ezker abertzaleak ez duelako gehiengorik hiru herri hauetan. Hori gutxi balitz, Andoainek beste arazo bat dauka: zor handia daukanez, ezin da proposatzen denaren moduko erakunde baten kide izan. “Egoera horren aurrean, zer saldu nahi du Bilduk? Agentzia ez da eratu, eta ezingo da egin, baldin eta koalizioak atzera egin eta gainerako alderdiekin adostasuna bilatzen ez badu”, gehitu du Pagolak.

Urnietako alkateak esan du Bildu “gezurretan” ari zaiela herritar eta enpresei Beterri agentzia eratuta dagoela esatean. Argudiatu du eskualdeko sei herriek lankidetza akordioak sinatu zituztela duela urte asko, eta proiektu mordoa egiten dituela elkarlanean turismoa, enplegua eta merkataritza sustatzeko, besteak beste. Salatu du lankidetza akordio horiek erabili dituela orain Bilduk Beterri agentzia eratuta dagoela iragartzeko.  “Aurkeztu dutena ez da berria. Lankidetza hori abian dago aspalditik”, zehaztu du.

EAJ-PNVren ordezkariek gogor kritikatu dute Bildu aldebakartasunetik ari dela, eta koalizioak hauteskunde bezperan “etekin politikoa” lortzeko asmoa daukala uste dute. Horregatik, Buruntzaldeako sei ordezkari jeltzaleek mozioa aurkeztu dute euren Udaletan Beterri agentzia eratu dela gezurtatzeko eta Bilduri eskatzeko errespeta ditzala udalen erabakitzeko organoak, horiei baitagokie tamaina honetako erabakia hartzearen ardura. EAJ-PNVk atzera egiteko eskatu dio Bilduri, eta ez ditzala eskualdeko agentzia eta Udalak erabili etekin politikoa lortzeko.

Halaber, jakinarazi dute diskrezioarekin lanean jarraitzen dutela Buruntzaldearako proposamen parte hartzaile eta bateratzailea egiteko. Hilabetetan lanean aritu ondoren, jeltzaleek datozen asteetan aurkeztuko dute proiektua. Aurreratu dute eskualdeko eragile eta elkarteekin egiaztatuko dutela edukia. Guztiek -baita Bilduk ere- izango dute iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera, EAJ-PNVren helburua Buruntzaldea osoari zerbitzua emango dion agentzia eratzeko  ahalik eta adostasun handiena bilatzea baita. “Herri guztiak batuko dituen agentzia nahi dugu: ezker abertzaleak gehiengorik ez daukan herriak eta baita arazo ekonomikoak dituztenak ere batuko dituena, argi baitaukagu eskualdeko agentzia on batek bailarako herritarrei onura besterik ez diela ekarriko”, ziurtatu du Pagolak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...