Gipuzko Buru Batzarra

Noticias

Compartir
18/05/2015

Villabona eta Zizurkilgo herritarrak entzun eta errespetatuko ditugu

Joseba Egibar itxaropentsu azaldu da, uste duelako gipuzkoarrek aginte maila bueltatuko diotela igandean EAJ-PNVri
Villabona eta Zizurkilgo herritarrak entzun eta errespetatuko ditugu

Gipuzko Buru Batzarreko presidentea, Joseba Egibar, eta alderdiko beste kide ezagun asko Zizurkilen elkartu dira, Villabonako Iban Aguirre eta Maria Angeles Lazkano zizurkildarrari babesa adierazteko. Bi Alkatetzetarako hautagaiek konpromisoa hartu dute Bilduren kudeatzeko moduetatik aldendu eta herritarrak entzun eta errespetatzeko. “Azken lau urteetan, entzungor egin diote herriaren hitzari eta euren proiektuak inposatu dituzte nahiz eta gehiengoa aurka izan. Hortxe daukagu atez atekoaren adibidea”, salatu du Lazkanok.

Jakinarazi du EAJ-PNVk bestelako kudeaketa egingo duela, herritarrengandik hurbil egongo dela eta pertsona guztiak errespetatuko dituela. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkie azken asteotan Zizurkilen zabaldu duten lokalera inguratu diren herritarrek, “ideia eta proposamen oso interesgarriak helarazi dizkigutelako”. Jarraian datorren legealdira begira, lehentasunezkoak izango diren zenbait proiektu aipatu ditu, besteak beste, merkatariekin elkarlanerako batzordea eratzea, kultur etxean igogailua egitea, helduen artean kirola sustatzea, herritarren artean parte hartzea bultzatzea eta langabeziaren aurkako neurriak hartzea.

Iban Aguirre hautagai villabonatarrak ere hartu du hitza, eta ziurtatu du EAJ-PNVren helburua dela “talkekin amaitu eta akordioak bilatzea”. Adierazi du bere taldea oso indartsu datorrela, eta gogotsu daudela herriari behar duen bultzada emateko. “Daukaguna sendotuko dugu eta kemena izango dugu proiektu politak aurrera eramateko. Ez gara konformatu behar daukagunarekin. Herriko jendea gustura egotea da geure helburua, eta hori lortzen saiatuko gara”, adierazi du.

Egibarrek itxi du ekitaldia, eta EAJ-PNV eta Bilduren arteko ezberdintasunak nabarmendu ditu bere hitzaldian. “Haiek garaile izan nahi dute norbait zapaltzeko; guk, berriz, herritarrak errespetatu eta haien beharrei erantzungo diegu”, azaldu du. Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak esan du bere alderdiak badaukala zer eskaini herritarrei. Izan ere, gogoratu du “EAJ-PNV izan dela Euskadin aginte maila handiena izan duen alderdia, eta erabaki estrategikoetan asmatu duela. “Horri esker lortu du Euskadik egun daukan maila”, ondorioztatu du herritarrei, segidan, berriz ere jeltzaleengan konfiantza izateko eskatzeko: “Kudeatzaile onak gara, proposamen zehatzak ditugu,herritarrak errespetatuko ditugu eta ez diegu huts egingo”. Egibar itxaropentsu agertu da uste duelako gipuzkoarrak izango direla EAJ-PNVri aginte maila bueltatuko diotenak.

Eusko Legebiltzarreko presidentea, Bakartxo Tejeria; Jokin Bildarratz senataria; Jaurlaritzako Turismo zuzendaria, Mertxe Garmendia; Iñaki Agirre eta Luke Uribe-Etxebarria legebiltzarkidea; Olatz Peon burukidea eta beste zenbait alderdikide, zerrendaburu eta herritar izan dira ekitaldian.

Compartir

Destacados...

Noticias más vistas...