• 31 UZT 18

    EAJren balio abertzale eta sozialak dira populismoaren aurkako tresna eraginkorrena

    Urteroko ohiturari jarraituz, Euzko Alderdi Jeltzalearen sorreraren urteurrenean ekitaldi politikoa egin du gaur EAJk Mutrikun. Egungo Gipuzkoako diputatu nagusi eta datorren legealdirako hautagaiak, Markel Olanok, hartu du parte ekitaldian eta EAJk historian zehar eta gaur egun “oinarri-oinarrian” izan dituen balioak aldarrikatu ditu, bertaratutako alderdikideen aurrean egindako hitzaldian. “Mundu guztian desberdinkeria zabaltzen ari diren garai hauetan, Euzko Alderdi Jeltzalearen balio abertzale eta sozialak dira gure herrian populismoa zabaldu ez dadin tresna eraginkorrena”, adierazi du.

    Gaur eguerdian ehun lagun inguru elkartu dira Mutrikuko batzokiaren atarian, urteroko San Inazio egunean ikurriñari egiten zaion omenaldian parte hartzeko. Bertan izan dira, Olanoz gain, Batzar Nagusietako lehendakaria, Eider Mendoza, eta Deba bailarako hainbat alkate eta zinegotzi, tartean Mutrikuko alkatea, Joxe Anjel Lizardi, besteak beste. Mutrikuko bi alderdikide beteranok, Petra Azpiazuk eta Garbiñe Zumalabek, altxatu dute ikurriña, ohorezko aurreskuaren ondoren.

    Ekitaldi politikoan eskainitako hitzaldian legealdiaren balantzea egin du Markel Olanok eta, gogorarazi duenez, gidatzen duen foru gobernuak gipuzkoarrei “emandako hitza bete” du. “Gipuzkoan polemika izugarriak jasan ditugu azken urteotan eta, horren eraginez sortutako paralisiari aurre egin ahal izateko, iraganeko debateak itxi behar izan ditugu. Deskargako obra berrabiarazi eta konponbidean jarri dugu, peajeen AT sistema martxan jarri dugu eta hondakinen arazoari konponbidea topatu diogu. Hori egin dugu oinarri politiko sendoa izan dugulako, lan talde egokiekin asmatu dugulako eta lan gogorra egiten ari garelako. Iraganeko eztabaidak itxi izanak eman digu aukera etorkizuneko proiektuei  heltzeko”, adierazi du Olanok.

    Diputatu nagusiak azaldu duenez, Gipuzkoa etorkizuneko apustuak egiten ari da, lurraldea “sektore berrien” abangoardian kokatzeko: zahartzaro osasuntsua eta biozientziak, zibersegurtasuna, elektromugikortasuna, gastronomiaren digitalizazioa, ikus-entzunezkoak, kasu. “Desafio horiei, gainera, enpresekin eta gizarte eragileekin elkarlanean ari gara aurre egiten –gogorarazi du—eta horixe da bidea”. “Horrela Gipuzkoa indartzen ari gara alor ekonomikoan, etorkizuneko sektore ekonomikoak diren horietan. Eta eremu horiek aukeratzen ditugu, horietan onak garelako. Eta Gipuzkoa indartuz, Euskal Herria bere osotasunean ari gara indartzen”, gaineratu du.  

    Xenofobia eta populismoen “mamua”

    Olanok, baita ere, azpimarratu ditu Euzko Alderdi Jeltzaleak oinarri-oinarrian dituen “balio abertzale eta sozialak” gaur egungo gizarte eztabaidei aurre egiteko.  Ildo horretan, adibide bezala azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak bere aurrekontuaren erdia gizarte politiketara bideratzen duela. Horrez gain, berretsi du “desberdinkeriari aurre egiteko” beharra, mundu osoan pertsonen arteko berdintasun eza are eta nabarmenagoa denean. “Harrotasunez esan dezakegu gizarte desberdintasunak gurean Suezia eta Dinamarkaren mailan kokatzen direla. Eta Gipuzkoa desberdinkeria gutxien duen lurraldea izateko lanean dihardugu. Eztabaida horretan inork ezin digu leziorik eman: alderdi gisa ditugun balio abertzaleak eta elkartasun balioak dira tresna eraginkorrena gure herrian jarrera xenofobo eta populistei aurre egiteko. Mamu politiko horiei aurre egin behar diegu”, berretsi du.

    Amaitzeko, diputatu nagusiak euskararen alorrean kokatu du Euskal Herriak bizi duen desafio nagusietako bat. Izan ere, bere esanetan, euskararen ezagutza asko hedatu bada ere, “erabileraren ikuspegitik” ez da maila bereko aurrerabiderik izan. “Orain bidegurutzean gaude eta EAJko alderdikideok testuinguru honetan ere euskararen aldeko bide horretan sakondu eta gure ekarpena egin behar dugu”, aipatu du.