Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
EAJ-PNVk aurreko legealdian kale-izendegi parekideago baten alde garatutako parte-hartze eredua aldarrikatu du
EAJ-PNVk atzoko osoko bilkuran balioan jarri nahi izan zuen aurreko legealdian emakumeen presentzia kale-izendegian handitzeko egindako lanketa, Emeki Elkartearen ekimenez abiatu eta auzo-elkarte, herritar eta gizarte-eragileekin elkarlanean garatutako benetako parte-hartze eredu baten bidez gauzatu zena.
Eztabaida, 1611n Hondarribian sorginkeriaz akusatutako emakumeetako baten omenez, parrokiaren ondoan dagoen espazioari “Maria Garro plaza” izena jartzeko proposamenaren harira sortu zen.
EAJ-PNVk argi adierazi zuen proposamenaren funtsarekin bat datorrela eta beharrezkoa dela emakumeek Hondarribiko kale-izendegian presentzia handiagoa izaten jarraitzea. Izan ere, aurreko legealdian egindako lanketari esker sortu ziren Martxoak 8 plaza, Agustiña Genua Saralegi plaza, Petra Laborda Zuzuarregui plaza, Sare Konpontzaileen plaza, Anttoni Etxeberria Mendizabal plaza eta Bienvenida Emazabel Susperregi plaza bezalako espazioak.
Hala ere, jeltzaleek kritikatu zuten oraingo honetan jarraitutako prozesuan parte-hartze falta egon dela, eta salatu zuten Abotsanitzen eredua oso urrun dagoela publikoki aldarrikatzen duen herritarren parte-hartze diskurtsotik.
“Aurreko legealdian, proposamen bakoitza auzoekin, auzo-elkarteekin, kolektiboekin eta eragile ezberdinekin lantzen zen zuzenean. Iritziak entzuten ziren, adostasunak bilatzen ziren eta izendapen bakoitzaren memoria eta esanahia herriarekin partekatzeko espazioak sortzen ziren”, azaldu zuten EAJ-PNVtik.
Zentzu horretan, gogorarazi zuten izendapen bakoitza aprobetxatzen zela herritarrekin jardunaldiak eta topaketak antolatzeko, omendutako emakumeen historia eta ekarpena balioan jartzeko helburuarekin.
Adibide gisa, EAJ-PNVk Mendeluko kasua gogorarazi zuen. Bertan, hasierako proposamenetako batek ez zuen auzo elkartearen eta alderdi politiko batzuen adostasunik lortu. “Erabakia inposatu beharrean, denon artean beste proposamen baten inguruan lan egin zen adostasun handiagoa lortzeko. Hori da, hain zuzen ere, benetako parte-hartzearen esanahia”, adierazi zuten.
Horren aurrean, kritikatu zuten oraingo honetan prozesua elkarte baten eskaera jaso, berdintasun teknikariaren txostenarekin kontrastatu eta zuzenean osoko bilkurara eramatera mugatu dela, ondoren bizilagunei eta eragileei informazioa emanez baina benetako lanketa partekaturik garatu gabe.
Hala ere, EAJ-PNVk argi utzi nahi izan zuen emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko eta espazio publikoan ikusgarritasun handiagoa emateko helburua partekatzen duela. Horregatik, taldeak proposatu zuen “Maria Garro plaza” izendapena 1611ko gertakariak eta erreparazio sinboliko honen esanahia azaltzeko jardunaldi edo ekintza dibulgatibo batekin osatzea.
Era berean, EAJ-PNVk eskatu zuen hemendik aurrera kale-izendegiaren inguruko lanketa modu parte-hartzaileago batean egitea, alderdi politikoek ekarpenak egiteko aukera izan dezaten eta bestelako elkarte eta eragileak ere kontuan har daitezen. “Uste dugu hori dela benetako parte-hartzearen bidea”, azpimarratu zuten.
Azkenik, EAJ-PNVk jakinarazi zuen abstentzioa emango zuela bozketan, proposamenaren funtsarekin ados egon arren, jarraitutako prozedura Hondarribiak merezi duen benetako parte-hartze eredutik urrun egon dela iritzita.
Nabarmenak...
Debagoiena
2026/05/14
DONOSTIA
2026/05/11
ERRENTERIA
2026/05/28
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


