Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2026/04/29

EAJ-PNVk Abotsanitzen kudeaketaren inkoherentzia salatu du: “Lehen exageratu egiten zuten; orain kritikatzen zutena normalizatzen dute”

EAJ-PNVk %72ko exekuzioa, ordaindu gabeko gastuaren hazkundea eta gobernuaren kudeaketan dagoen inkoherentzia nabarmendu ditu
EAJ-PNVk Abotsanitzen kudeaketaren inkoherentzia salatu du: “Lehen exageratu egiten zuten; orain kritikatzen zutena normalizatzen dute”

EAJ-PNV udal taldeak osteguneko osoko bilkuran aztertuko diren gai nagusien balorazioa egin du, Abotsanitz gobernuaren kudeaketa ekonomikoan eta kontratazioan koherentzia falta dagoela salatuz.

2025eko aurrekontuaren likidazioari dagokionez, EAJ-PNVk gogorarazi du gobernuak aurrekontua guztiz gauzagarria zela defendatu zuela. Hala ere, exekuzioa %72,08an geratu da, eta horrek agerian uzten du oraindik ere arazoak daudela, bereziki inbertsioen gauzatzean, urtez urte errepikatzen direnak.

Gainera, aitortutako obligazioen ordainketa-portzentajea %94tik %88ra jaitsi da, eta horrek esan nahi du gastuaren zati handiago bat geratzen dela ordaindu gabe ekitaldiaren amaieran. Datu horien atzean ez daude soilik zenbakiak, baizik eta Udalari zerbitzua ematen dioten hornitzaileak, enpresa txikiak eta autonomoak, eta horientzat ordainketa-epeak funtsezkoak dira.

2025eko finantza-kontrolaren txostenak ere kezka horiek berresten ditu: 41 kontu- hartzailetza-eragozpen, kontraturik gabe jarraitzen duten zerbitzuak, kontratazioaren plangintzan gabeziak eta dirulaguntzen kudeaketan hobetu beharreko alderdiak agerian uzten ditu. EAJ-PNVk azpimarratu du txosten horiek kudeaketa hobetzeko direla, eta ez titularrak sortzeko, baina bertan jasotzen denak argi erakusten du badirela zuzendu beharreko arloak.

Testuinguru honetan, EAJ-PNVk datu esanguratsu bat azpimarratu du: Hondarribiko alkate Igor Enparanek 2025ean 70 faktura-zerrenda baimendu ditu kontu- hartzailearen kontrako txostenarekin, guztira 12,8 milioi euroko balioarekin. EAJ-PNVk adierazi du ez duela datu horien inguruko irakurketa sinplistarik egingo, administrazioaren funtzionamendua eta dituen mugak ezagutzen dituelako, baina bai nabarmendu duela koherentzia falta.

Gogorarazi dute oposizioan zeudenean Abotsanitzek txosten horiek erabili zituela nahasmen irudi bat sortzeko eta aurreko kudeaketa zalantzan jartzeko. “Lehen exageratu egiten zuten; orain kritikatzen zutena normalizatzen dute”, ondorioztatu dute.

Bestalde, informatika zerbitzuaren barneratzeari dagokionez, EAJ-PNVk kontrako botoa emango du gaur egungo baldintzetan, espedienteak ez dituelako beharrezko bermeak betetzen. Taldeak adierazi du proposamena aurreikuspen ekonomiko ez errealista baten gainean eraikita dagoela, eta Kontu-hartzailetzak berak ohartarazi duela benetako kostua nabarmen handiagoa izan daitekeela.

Horrez gain, udal langileekin egin beharreko lanketa falta ere kritikatu dute. Osoko bilkuraren aurreko batzordean, langileen batzordeak ezin izan zuen iritzirik eman informaziorik ez zuelako. Eta ondoren alkatearekin eta pertsonal arduradunarekin egindako bileran ere, gai hau ez zen jorratu.

“Osoko bilkurara eramaten gaituzte erabaki garrantzitsu bat hartzera, langileen ordezkarien iritzia izan gabe eta inplikatutako pertsonekin behar bezala hitz egin gabe. Ez da serioa”, adierazi dute.

EAJ-PNVk argi utzi du ez dagoela printzipioz zerbitzuen kudeaketa zuzenaren aurka, baina kasu honetan ez dela frogatu aukera hau eraginkorragoa edo jasangarriagoa denik, eta ez direla beharrezko datu eta berme guztiak aurkeztu.

Horregatik, hiru alternatiba proposatzen ditu: zerbitzua lizitazio berri baten bidez arautzea, espediente oso eta bermedun bat prestatzea, edo beharrezko lanpostu estrukturalak sortzea indarreko araudiaren arabera.

Azkenik, EAJ-PNVk azpimarratu du udal bat kudeatzeak koherentzia, zorrotztasuna eta instituzio-sena eskatzen dituela, eta ezin dela oposizioan diskurtso bat eduki eta gobernuan bestelako jokabidea izan. Alderdiak berretsi du kudeaketa serio, planifikatu eta juridikoki segurua defendatzen jarraituko duela, herritarren zerbitzura.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...