Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2025/09/21

“Gure ahotsa altxatu dugu biktimekin modu aktiboan enpatizatzeko, giza eskubideak aldarrikatzeko, eta Putini eta Netanyahuri Ukrainako eta Gazako sarraskien amaiera exijitzeko”, nabarmendu du Euge Arrizabalagak

Gazako eta Ukrainako sarraskien amaiera eskatzeko elkarretaratzean, PNV-EAJk Munduan Bidezko Bakea lortzeko Euskal Konpromisoaren Manifestua aurkeztu du
“Gure ahotsa altxatu dugu biktimekin modu aktiboan enpatizatzeko, giza eskubideak aldarrikatzeko, eta Putini eta Netanyahuri Ukrainako eta Gazako sarraskien amaiera exijitzeko”, nabarmendu du Euge Arrizabalagak

Argazkiak...

Gaur ospatzen da Nazio Batuen Bakearen, indarkeriarik ezaren eta su-etenaren Nazioarteko Eguna. Konpromiso eta aldarrikapen egun honetan, Gipuzkoako Eusko Alderdi Jeltzaleak elkarretaratzea deitu du Gaza eta Ukrainako sarraskien amaiera eskatzeko eta Munduan Bidezko Bakea lortzeko Euskal Konpromisoaren Manifestua aurkezteko. Ekitaldia Donostiako Pasealeku Berrian egin da.

Ekitaldia hainbat minutuko isilunearekin  hasi da, eta tartean Aita Donostiaren pieza musikal bat entzun da. 

Salam Gaza elkarteko Ola Arafat Arafatek azaldu du «gaur Gazan jartzen dela fokua, eta bi milioi pertsona baino gehiagok bizi duten basakerian. Gizateria bera ari dira suntsitzen, eta haren aurpegi mingarriena umeena eta emakumeena da. Gerra eta goseteak hiri bat ezabatzen ari dira», Arafaten hitzetan.

Zalantzarik gabe esan du «gertatzen ari dena genozidioaren eskuliburua dela, ez gerra bat, eta ezin dugu axolagabe jarraitu gizateria Gazan desagertzen ari den bitartean».

Haren hitzetan, «guztiok dugu ahotsa altxatzeko gaitasuna, gizateria osoaren oinazea delako hau. Gizateriarekin dugun konpromiso bat da».

Amaitzeko, ez ahazteko deia egin du: «ez dezagun utzi ahanzturak hiltzen jarrai dezan. Gazak ez ahanztea behar du. Itxaropenaren zubia zutik mantendu behar dugu».

Bestalde, Ukrania-Euskadi elkarteko Valentyna Zaichenkok gogorarazi du «gerrak modurik krudel eta bidegabeenean jarraitzen duela Ukrainan. Mingarria da ikustea munduan beste errealitate lazgarri batzuk sortzen diren bitartean Ukrainak albiste izateari utzi diola, Europan bertan eta XXI. mendean oraindik ere hilketak gertatzen ari direnean. Egunero, ehunka misil eta dron ari dira jendea hiltzen inolako helburu militarrik gabe, beldurra zabaltzea beste xederik ez dutenak. Munduak ezin du beste alde batera begira jarraitu».

Bere esanetan, «zigorrik gabe diharduen erasotzailea gero eta lotsagabeago bihurtzen ari da, eta Errusiaren krudeltasuna areagotu egin da ekintzarik gabeko diplomaziaren aurrean».

Zaichenkok azpimarratu du bere herrialdearen defentsa “legitimoa” dela. “Bakea ez da etorriko amore ematearekin. Ukrainak bake justua nahi du, ez hilerriko isiltasunaren bakea, ez eta borreroarena ere. Ez amore ematerik, ez genozidiorik”.

 

Azkenik, ohartarazi du «Europa osoaren segurtasuna dagoela jokoan. Ukrainak galtzen badu, hurrengoak beste herrialde batzuk izango baitira».

 

Euge Arrizabalaga Gipuzko Buru Batzarreko presidenteak bere hitzaldiari ekin dio “nuklearrean” oinarrituta: biktimak. “Gerta daiteke zarata eta polemiken artean nuklear eta lehentasunezkoa zer den ahaztea, hau da, inbasio, sarraski eta genozidioen biktima guztiekiko enpatia sentitzea: gizonak, emakumeak, haurrak, horiek guztiek, guk askatasunean eta duintasunez bizitzeko dugun eskubide bera baitute”, gogorarazi du. “Horregatik gaude gaur hemen, gure ahotsa altxatzeko, berriro ere Putini eta Netanyahuri sarraskia eta genozidioa bertan behera uzteko eskatuz, eta biktimekiko elkartasuna eta enpatia aktiboa adierazteko”, azpimarratu du.

Burukide jeltzaleak ere aldarrikatu du Europak munduan bake justua defendatzeko izan duen zeregina. “Agerian geratzen da Europaren ahultasuna, baina munduan ez dago alternatiba hoberik”, ohartarazi du. “Europa gure ahuleziaren irudi da, baina, aldi berean, gure itxaropena da; horregatik, Europari ausardia eskatzen diogu Ukrainan jarduteko, Gazan bezala; Europa gure ahuleziaren eta frustrazioaren irudi izatetik gure indarra eta itxaropena izatera igaro dadila”, eskatu du. 

Halaber, ziur agertu da “nazioarteko ekitaldiak ezin direla izan gobernu genozidak zuritzeko tresnak”. “Horregatik, Ukrainaren inbasioa eta Gazako genozidioa berehala amaitzea eskatzen duten mobilizazio eta ekintza baketsuak defendatzen ditugu; eta Israel, Errusia bezala, nazioarteko kultura- edo kirol-ekitaldietatik kanpo utzi behar dela uste dugu”, adierazi du.

“Mobilizazioetan parte hartzen duten pertsona gehienek modu baketsuan egiten dutela, eta gutxi batzuk direla indarkeriazko ekintzak inposatzen dituztenak” gogorarazi ondoren, azpimarratu du “ez zaiola indarkeriari zirrikiturik ireki behar, ezta hutsaldu ere”. “Eta hori esaten dugu, hemen horretaz nahikoa dakigulako”, gaineratu du.

Arrizabalagak Manifestuaren mezu nagusiarekin amaitu du bere hitzaldia: “Bakearen Nazioarteko Egun honetan gure ahotsa altxatzen dugu biktimekin modu aktiboan enpatizatzeko, giza eskubideak aldarrikatzeko eta Putini eta Netanyahuri Ukrainako eta Gazako sarraskien amaiera eskatzeko”.

 

EGIko kide Itxaso Agirrek eta Eneko Rosadok manifestua irakurtzean azpimarratu dute altxatzen duten ahotsa "gerran dauden herrialde eta lurraldeetan bakearen aldekoa" dela, eta "nazioarteko diplomaziaren ekintza eskatzen dugu, baita elkarrizketa eta negoziazioari ateak irekitzeko bere bitartekaritza ere». 

Zentzu horretan, eskatu dute «herri guztien errespetua, konpromisoa eta aitortza, Gazak eta Ukrainak zuzenean interpelatzen gaituztelako europar gisa». Eta gehitu dute beti egongo direla «biktimekin, haien sufrimenduarekiko elkartasunean».

Agirrek eta Rosadok neurri zehatzak eskatu dituzte: «Netanyahuri eskatzen diogu sarraskia gelditzea eta berehalako laguntza humanitarioaren sarbidea berma dezala Gazan; Hamasi bahituak askatzea eta Errusiari inbasioa amaitzea. Nazioarteko zuzenbidearen eta giza eskubideen errespetuak negoziaezina izan behar du». 

Horregatik, nazioarteko komunitateari ere egin diote deia: «Europar Batasunari eta Nazio Batuen Erakundeari eskatzen diegu neurri irmoak har ditzatela eta bitartekaritza gauza dezatela».

Azkenik, adierazi dute «Euskal Herritik konpromisoa hartzen dugula memoria kritikoa sustatzeko eta bakearen eta biktimekin elkartasunaren kultura defendatzeko».

Gaurko kontzentrazioan parte hartu dute Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikideek, kideek, sinpatizatzaileek, barne-kargudunek eta kargu publikodunek, besteak beste, Gipuzkoako diputatu nagusi Eider Mendozak, Donostiako alkate Eneko Goiak, Eusko Legebiltzarreko lehendakari Bakartxo Tejeriak, Euzkadi Buru Batzarreko eta Gipuzko Buru Batzarreko kideek, Diputatuen Kongresuan Euzko Alderdi Jeltzalearen bozeramaile Maribel Vaquerok, baita batzarkide, legebiltzarkide eta zinegotzi ugarik ere lurraldeko ordezkaritza zabal baten bidez.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1981ean ezarri zuen Bakearen Nazioarteko Eguna. Bi hamarkada geroago, 2001ean, Batzar Nagusiak aho batez erabaki zuen indarkeriarik gabeko eguna eta su-eten eguna izendatzea.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...