Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Pasaitarrei bertan lan egiteko aukera eskaintzea EAJren lehentasun nagusia
Nahikari Otermin alkategai jeltzaleak maiatzeko udal hauteskundeetarako garatu duen programaren lehen ardatza, ekonomia eta enpleguari lotutakoa, aurkeztu du gaur. Proiektu esanguratsuenen artean azpimarratu ditu: Adinberri, enpresa parkea, turismo jasangarria, merkataritza sustatzeko programa eta Enplegu Plana
EAJ-PNVk datozen udal hauteskundeetarako programaren lan ildo eta proiektu nagusiak zehaztuak eta garatuak ditu jada, eta horien berri emateko aurkezpenak egiteari ekin dio Pasaiako alkatetzarako hautagai jeltzaleak, Nahikari Oterminek.
Azaldu duenez, “gure programa 4 ardatz nagusitan dago banatuta: pasaitarrei bertan lan egiteko aukera eskaintzea eta tokiko ekonomia sustatzea; pertsonen ongizatea bermatu eta gizarte babesa sustatzea; tokiko nortasuna indartu eta babestea, kulturari eta euskarari lotuta eta biziberritzearen aldeko urratsak egiten jarraitzea”. “Hori guztia noski, gobernu ona eta kudeaketa eraginkorra oinarri hartuta eta herritarrekiko komunikazioa areagotuz, partaidetzari bidea emanez eta gertutasunetik eta gardentasunetik lan eginez” esan du.
Gaurkoan beraz, alor ekonomikoari loturiko programaren atala aurkeztu dute jeltzaleek. “Ekonomia, pertsonen ongizateari erabat lotua dago, ekonomia da, pertsonen ongizatearen bermerik nagusiena, lanak pertsona duintzen du, autonomia ematen dio eta sustapen ekonomikorik gabe, baliabiderik sortu gabe, ezin dira zerbitzuak eta laguntzak bermatu” aitortu du. “Horregatik, tokiko ekonomia indartzea eta lan aukera berriak sortzea, pasaitarrei bertan lan egiteko aukera bermatzeko, lehentasunezkoa izango da guretzat” adierazi du Oterminek.
Adinberri, enpresa parkea eta turismo jasangarria, kalitatezko enplegua sustatzeko:
Nahikari Oterminek azaldu duenez, “Adinberri adineko pertsonei lotutako zentro bat ez ezik, ikerketari, industriari eta unibertsitateari lotutako poloa ere izango da. Hau da, Adinberrik bere horretan sortuko dituen lanpostuetatik haratago, helburua da zahartzaro osasuntsuari, berrikuntzari eta ikerketari lotutako enpresak bertan kokatu daitezen sustatzea eta unibertsitateei lotuta ere zahartzaroari eta adineko pertsonen zaintzari lotutako ikasketa zehatzak bertan garatzeko aukera sortzea, campus berri bat bertan kokatuz, adibidez”. “Bestalde, enpresa parkean jarduera ezberdinetako enpresak koka daitezen bultzatuko dugu, herritarrei aukera desberdinak eta berriak eskaintzeko. Eta lan hori Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean egingo dugu biziberritzearekin lotutako proiektu guztiak, orain arte bezala, elkarrekin eta elkarlanean garatu eta sustatuko ditugulako. Gure helburu eta egiteko nagusia izango da, orain arte bezala, pasaitarren beharrak eta nahiak proiektu horietan jaso daitezen bermatzea” adierazi du Oterminek.
Halaber, tokiko jarduera indartu eta enplegua sortzeko kalitatezko turismo jasangarria sustatuko du Pasaiako EAJ-PNVk ekimen berriak bultzatuz horiek tokiko merkataritzan eta ostalaritzan eragina izan dezaten. “Pasaiak badu xarma berezia, asko dira gure herria ezagutzera gerturatzen direnak eta Pasaian ez dago hotelik eta hori aukera bat izan liteke gure herriarentzat. Hotel bat eraikitzeko aukera aztertu eta bultzatuko dugu taberna eta jatetxe berrien sorrera ahalbidetzeko”. Bestalde, “tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko ere, programa ezberdinak aztertu eta beste herrietan arrakasta izan duten egitasmoak gurera ekarriko ditugu”.
Azkenik, Enplegu Plana babestu eta sustatzeko konpromisoa ere hartu du alkategai jeltzaleak, “langabezian dauden pertsonei formazio eta lan aukera berriak eskaintzeko, Garapen Agentziarekin elkarlanean Enplegu Plana sustatuko dugu urtero-urtero. Halaber, ekintzailetza bultzatzeko coworking gune edota enpresa inkubategia sortzeko aukera ere aztertuko dugu” adierazi du Nahikari Oterminek.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


