Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Segurtasuna eta ongizatea bermatzeko neurriak ezartzeko lantalde edo batzorde iraunkor bat sortzea eskatu du Errenteriako EAJk
Herritarrek, beren kabuz, mahai gainean jarri duten arazo honi erantzuna emateko elkarlanerako eta erantzukizunerako deia egin dute jeltzaleek. EAJ-PNVren ustez, arazoa erreala da eta ez du positibotzat jotzen berau minimizatu nahi izatea, baina bere neurrian aztertzea eta gehiegizko alarmarik ez sortzeko arduraz jokatzea eta gaia lehia politikotik kanpo uztea ere beharrezkoa dela uste dute jeltzaleek.
EAJ-PNVren iritziz, guztion bistakoa da, azken egunotan, herritarrek, beren kabuz, sortutako mugimenduak, delituzko ekintzen eraginez gure herriak pairatzen duen segurtasun eta bizikidetza arazoa mahai gainean jarri duela. Ez da sortu berri den arazo bat, baina gure herriko gizonezko batek jasandako eraso bortitzak, gatazka eztandarazi zuela esan daiteke.
Udal talde bezala, bere erantzukizunari muzin egingo ez diotela adierazi dute jeltzaleek “Ez diogu uko egin nahi ezta egingo ere gure erantzukizunari, horregatik, gure lana behar den bezala egiteko beharrezkoa iruditzen zaigun lantalde edo batzorde iraunkor baten sorrera eskatu dugu” adierazi dute jeltzaleek. EAJ-PNVk bi arrazoirengatik eskatu du aipatu lantaldearen sorrera. Batetik, segurtasun arazoaren inguruan informazio urria duelako, oposizioko taldeak ez baitaude gai horiek lantzen dituzten foroetara deituak. Bestetik, elkarlanean eta guztiok bat eginda, arazoari irtenbidea ematea errazagoa eta posibleagoa izango dela uste duelako.
Izan ere, jeltzaleek diotenez, arazoa erreala dela bistan da eta EAJ-PNVren ustez ez du mesederik egiten arazoa minimizatzen saiatzeak, baina ezta kontrakoak ere, hau da, gehiegizko alarma sortzeak. “Borroka politikotik aldendu beharreko gaia dela uste dugu eta gure aldetik etekin politikorik ateratzeko ez erabiltzeko konpromisoa hartzen dugu. Izan ere, kolore politiko guztietako herritarrak batu dira egoera salatzeko eta guztiei zor diegu talde politikoak ere elkarlanean arazo honi konponbidea ematea. Arazoa begi-bistakoa da, ezin dugu ukatu ezta minimizatu ere, baina ez dugu gure herria estigmatizatzea nahi eta arazoa bere neurrian eta gehiegizko alarmarik gabe, erantzukizunez tratatzea ere beharrezkoa dela uste dugu. Gure aldetik egin beharreko ahalegina egiteko eta soluzioari gure ekarpena egin ahal izateko, orain arte izan ez ditugun bi gauza behar ditugu, batetik, informazio eta, bestetik, neurriak ezartzeko erabakiak hartzen diren foroetan parte hartu ahal izatea. Hori dela eta, egun dauden foroekin koordinatuta lan egingo lukeen batzorde iraunkor bat sortzeko eskaera aurkeztu dugu Udalean” amaitu dute jeltzaleek.
_______________________________________________________________
Eskaera
EAJ-PNVren udal taldeak, azken delituzko ekintzen eta horiek gure herriko bizikidetzan izaten ari diren eraginaren aurrean, ondorengoa eskatzen du:
Lan talde edo batzorde iraunkor bat sortzea, delituzko ekintzek gure herrian sortzen dituzten arazoei aurre egiteko eta errenteriarren segurtasuna eta ongizatea bermatzeko neurriak ezartzeko. Lantalde horretarako, honako metodologia proposatzen dugu:
Gure aburuz, lantaldean hamabostean behin bildu beharko luke eta funtzionamendu egokia bermatzeko, udal gobernuak, beharrezkoa den informazioa helarazi beharko lieke partaideei.
Lantalde hori honakoek osatu beharko lukete: Alkatea, udal talde bakoitzeko ordezkari bat, Udaltzaingoaren ordezkari bat, Ertzaintzaren ordezkari bat, bizilagun elkarte bakoitzeko ordezkari bat eta hezkuntza alorreko ordezkari bat.Lantaldeak, egun gaia lantzeko dauden foroekin koordinatuta lan egingo luke.
Premiazko bozeramaileen batzorde bat deitzea eskatzen dugu, aipatu batzorde iraunkor edo lantaldearen sorrera eta funtzionamendua adosteko, osatuko dutenak, biltzeko maiztasuna, lan metodologia eta abar.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


