Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/10/31

«Tamalez, gure ekarpenekin udal gobernuaren ordenantza fiskaletarako proposamena orekatzeko aukera galdu da» dio Errenteriako EAJ-PNVk

"Udal gobernuarekin negoziatzeko saiakera egon bazen ere, tasetan %1eko igoerak zailtasun ekonomiko gehien dituzten familiei eragitea ekiditeko proposamenak izan dira gure marra gorria” diote jeltzaleek. EAJ-PNVk ez du ulertzen Bizigune programan sartzen diren etxebizitzen hobariak izatearekin ados egon arren, udal gobernuak kontra bozkatu izana.
«Tamalez, gure ekarpenekin udal gobernuaren ordenantza fiskaletarako proposamena orekatzeko aukera galdu da» dio Errenteriako EAJ-PNVk

Atzoko Osoko Bilkuran, beste zenbait gairen artean, 2019rako Ordenantza Fiskalak eztabaidatu eta onartu ziren. EAJ-PNVk, 5 emendakin aurkeztu zizkion udal gobernuaren proposamenari eta atzoko egunean bertan egindako ekarpenak oinarri hartuta negoziatzeko eskaintza jaso bazuen ere gobernu taldearen aldetik, azkenean ezinezkoa izan zen akordio batetara iristea.

Jeltzaleek 3 emendakin aurkeztu zituzten zergen inguruan eta beste bi tasen inguruan. EAJ-PNVk aurretik ere azaldu duen bezala, emendakin horiek hainbat helbururen baitan aurkeztu ziren, etxebizitza hutsak alokairu babestuaren parkean sartzeko helburuz, ingurumenaren zaintza bultzatzeko helburuz edota %1eko igoera izango duten zerga eta tasek diru-sarrera gutxien dituzten familien ekonomian izango duen eragina ekiditeko helburuz, esaterako.

Azken puntu hori izan zen jeltzaleek mahai gainean jarri zuten marra gorria, hau da, uraren eta hondakinen tasetan diru-sarrera baxuak dituzten familientzako salbuespenak. Zergetan egindako emendakinetan akordio bat lortu bazen ere, udal gobernuak eskatutako aldaketa batzuekin, tasen inguruan EH Bildu eta Errenteria Irabazizek ezinbestekotzat jo zuten diru-sarrera urriak dituzten familientzako jeltzaleek eskatutako salbuespenak erretiratzea. Puntu horretan bukatu ziren negoziaketak eta jeltzaleek beren bost emendakinak mantendu zituztenez, bostak banan banan bozkatu ziren. 5 emendakin horietan udal gobernuak aurka bozkatu zuenez, ez ziren aipatu emendakinak aurrera atera.

EAJ-PNVk ez du ulertzen, batetik, egoera larrienean dauden familiei laguntzeko proposamenak izatea adostasun batera iristeko puntu gaindiezina eta, bestetik, Bizigune programan sartzeko hobariak ondo ikusten zituztela esan arren, EH Bildu eta Errenteria Irabazizeko kideek emendakin horren aurka bozkatu izana.

“Tamalez, aukera bat galdu da, baina ezin genuen gure marra gorria gainditu eta %1eko igoerak egoera larrienean dauden familiengan izango duen eragina ekiditeko aurkeztu genituen emendakinak atzera bota. Proposamenak egingarriak eta eraikitzaileak ziren, baita negoziaketarako gure borondatea ere, baina gobernu taldearen dena ala ezer ez jarrera horrekin ez da posible izan akordio batetara iristea” amaitu dute jeltzaleek.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...