Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Nahikari Oterminek Adinberri proiektuan parte hartzera animatu ditu herritarrak
EAJ-PNVk erakunde guztietan babestu eta sustatu du Pasaiako Badia Biziberritzeko Plana eta datorren urtean, 2019an, hastekoak diren zaharren egoitza berria eraikitzeko lanak, hain zuzen ere, plan horren baitan kokatuak daude. Oterminek gogorarazi du zahartze aktiboa etorkizuneko erronkarik nagusienetarikoa dela eta baieztatu du jada EAJ-PNV proiektu eta ekimen ezberdinak sustatzen eta lantzen ari dela, herri zein lurralde mailan, etorkizuneko erronka honi aurre egiteko herritarren beharrei erantzunez
Datozen udal hauteskundeetarako EAJ-PNVko alkategaia den eta egun Pasaiako Udalean hirigintza zinegotzia eta Pasaiako Biziberritze Proiektuaren arduraduna den Nahikari Oterminek berriki Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri proiektuari buruz martxan jarritako kanpainan parte hartzera animatu ditu pasaitarrak. Izan ere, “Adinberriren muina Pasaian kokatuko da eta hori dela eta garrantzitsua da pasaitarrek kanpaina parte hartzea eta beren proposamen eta iradokizunak egitea: uste dut guztiok dugula zer esana gai honetan eta guztiok egin ditzakegula ekarpenak norberaren ikuspegi eta esperientziatik abiatuta” gaineratu du Oterminek.
Halaber, Nahikari Otermin alkategaiak gogorarazi du zaharren egoitza eta zahartzeari buruzko ikerketa zentroa, Aldundiak ADINBERRI izendatu duena, Pasaia Biziberritzeko Planaren baitan kokatua dagoela. “Adinberriri esker Pasaia zahartze aktiboan erreferente izango da eta lanpostu berriak ere sortuko dira” gehitu du. Oterminen esanetan “anbizio handiko eta hektarea asko hartzen dituen proiektu zabal honetan beste urrats bat gehiago litzateke aipatu Adinberri egitasmoa. Dagoeneko Ondartxoko lanak amaituak daude, urtea amaitu aurretik Trintxerpe eta Euskotreneko geltokia lotuko dituen oinezko eta txirrinduentzako bidea eraikitzeko lanak ere bukatuta egongo dira eta 2019an ekingo zaie lurrazpiko aparkalekua eta Adinberri eraikitzeko lanei. Zaharren egoitzak guztira 120 plaza izango ditu, 25 apartamentu, eguneko zentro bat eta ikerketa eta berrikuntzarako gunea. Obrak aurten esleituko dira 2019 has daitezen eta aurreikuspena da instalazioak 2022 urterako amaituak izatea” azaldu du Nahikari Oterminek.
FUTURENI kanpainak etorkizunera begirako hausnarketa sustatu nahi du herritarrek zer nahiko luketen pentsa dezaten, adineko pertsonen lekuan jarriz eta etorkizuneko NI horretan kokatuz norberak bere burua. “Martxan jarritako futureNi.eus webgunearen bitartez pasaitarrek zahartzeari lotutako nahiak, proposamenak eta iradokizunak azaldu ahal izango dituzte. Herritar guztiak parte hartzera animatu eta hausnarketa egitera gonbidatu nahi nituzke ekarpenak egin ditzaten; gizartearen zahartzeak guztioi eragiten digun kontua delako eta uste dut modu aktiboan parte hartu behar dugula adineko pertsonen ongizate eta bizi kalitatearen etengabeko hobekuntza horretan” aitortu du Oterminek.
“Zahartze aktibo eta osasungarria etorkizuneko erronkarik nagusienetarikoa da, horregatik, EAJ-PNVtik eta ordezkaritza dugun erakunde guztietatik jada erronka horri aurre egiteko ekimen eta proiektu ezberdinak martxan jarri eta berriak ere lantzen ari gara, Adinberri kasu, herri zein eskualde mailan, herritarren egungo zein etorkizuneko beharrei erantzuteko” adierazi du.
Amaitzeko Pasaiako EAJ-PNVko alkategaiak berriz ere baieztatu eta berretsi du bere eta bere Alderdiaren Pasaiarekiko konpromisoa erabatekoa dela eta Biziberritze Planaren baitan jasoak dauden eta enplegua sortuko duten, zahartzek aktiboa sustatuko duten eta pasaitarrei aukera berriak eskainiko dizkieten proiektuak garatzen eta sustatzen jarraituko dutela horrek guztiak zuzenean herritarren ongizate eta bizi kalitatearen hobekuntzan eragin zuzena duelako.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


