Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Urnietako Udalak Gobernantzaren alorreko bikaintasuneko Europako Zigilua (ELOGE) lortu du, Europako Kontseiluaren aitorpen gorena
Urnietako Udalak, Basauri, Leioa, Ermua, eta Irungoekin batera Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzaren alorreko Bikaintasuneko Europako Zigilua (ELoGE) lortu du. Zigilua emateko, gobernantza onaren 12 printzipioetan oinarritu dira: gardentasuna, herritarren parte-hartzea, portaera etikoa, eraginkortasuna eta efizientzia, finantza-kudeaketa osasungarria, berrikuntza, berdintasuna, giza eskubideak eta aniztasuna, besteak beste.
Modu horretan, Urnieta aipatutako bereizgarria duten Europa osoko 200 udaleko talde txiki batera batu da, eta horrek adierazten du posizio bikain batean dagoela, gobernantza onari eta kalitate demokratikoari dagokienez. Mikel Pagola alkateak poza adierazi zuen jasotako sariagatik eta esker oneko hitzak izan zituen bai EUDEL-entzat eta baita Europako Kontseiluarentzat ere emaniko aukerarengatik: “zigiluak Udaletxean eginiko lan bikaina aitortzen du, baina gainera, hobekuntza eremuak identifikatzeko balio izan digu, eta azken finean hori da interesatzen zaiguna, gure helburua herritarrei gero eta zerbitzu publiko hobeagoak eskaintzea da eta”. Udaleko langileek buruturiko lana eta esfortzua ere goraipatu zuen Pagolak.
Europako Zigiluak zerbitzu publikoak hobetzea bilatzen du, eta tokiko gobernuak aitortzen ditu, kudeaketa politikoan euren praktikek duten kalitateagatik eta udalen kudeaketagatik, kanpo harremanei dagokienez, eta bereziki, herritarrekin dituztenekin. Zigilua Gipuzkoako eta Bizkaiko 9 udaletan sustatutako proiektu pilotu baten amaierako aitorpena da, aipatutako bost udalez gain, Beasainen, Elgoibarren, Galdakaon eta Mungian. Denek, euren borondatez, 97 adierazleren (Benchmark) baitan haien gobernuaren “heldutasun maila” neurtu dute 12 printzipioetako bakoitzean eta zigilua lortzeko printzipio guztietan 3 puntu edo gehiago lortu behar zituzten. Halaber, galdeketatan oinarritutako autoebaluazio prozesu zorrotz gauzatu dute gobernuko eta oposizioko zinegotziekin eta herritarrekin.
Donostiako Koldo Mitxelena aretoan izan zen atzo, 2017ko ELoGE Zigilua emateko ekitaldia: kristalezko dodekaedro bat eman zieten kalifikaziorik altuena lortu duten bost Udaletako alkateei: Mikel Pagola (Urnieta), Jose Antonio Santano (Irun), Andoni Busquet (Basauri), Maria del Carmen Urbieta (Leioa) eta Carlos Totorika (Ermua).
Ekitaldia EUDELeko elkarteburu den Imanol Landak eta Europako Kontseiluko ordezkari Alina Tatarenkok gidatu zuten, eta proiektu pilotuko eta proiektuan interesa duten beste hainbat udaletako ordezkari tekniko eta politiko ugari bertaratu ziren. Han izan ziren baita, Peru Bazako, Erakunde Harremanetarako Sailburuordeak, eta Foru Aldundietako ordezkariak ere.
Europako Zigiluaren xedea “tokiko eragileen ekintzak mobilizatu eta suspertzea” da, “herritarrek gobernantza on eta demokratiko batez goza dezaten, zerbitzu publikoak etengabe hobetuz, herritarren parte-hartzearekin eta espero bezalako ordezkari politikoekin”. (Helburu hau Europako Kontseiluaren 2007ko Valentziako Adierazpenean dago adierazita, eta 2010ean zigiluaren abiapuntu izan zen).
Zentzu horretan, esaterako, iruzurrari aurre egiteko neurriak ebaluatzen ditu hainbat arlotan –kode etikoen edo jokabide kodeen bitartez–: kontratazio publikoa, baimenak eta lizentziak ematea, gardentasuna eta udaleko informazioaren eskuragarritasuna sustatzea, kontuak ematera bideratutako baliabideak, edota inklusio eta kohesio sozialaren garapen maila. Alderdi horiek guztiek tokiko gobernuen heldutasun maila adierazten dute, bai eta aipatutako helburuak betetzeko bertako ordezkari politikoek duten konpromisoa ere.
Zigilua aitorpenerako eta etengabeko hobekuntzarako tresna da. 2 urteko denbora-tarte mugaturako emango da. Behin iraungita, Udalak ziurtagiria modu errazean berriztu ahal izango du, adierazleak modu egokiagoan betetzeko hobekuntza planak ezarriz.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


