Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2018/03/15

Behin betikoz onartu den Plan Bereziarekin pozarren azaldu da Nahikari Otermin

Pasaiako EAJ-PNVk azpimarratu du Pasaia Biziberritzearen alde ematen ari diren urrats guztiak, hein handi batean, alderdiak eta, batez ere, bozeramale den Nahikari Oterminek aurretik egindako lanari esker direla, baita EAJ-PNVk erakunde guztietan Pasaiarekiko hartu duen konpromisoari esker ere
Nahikari Otermin

Gipuzkoako Foru Aldundiak berriki behin-betiko onartu duen Plan Bereziaren haritik, Pasaiako EAJ-PNV eta bereziki udal taldeko bozeramale den Nahikari Otermin, zeinak proiektu honetan lanean daraman 2015eko hauteskundeen aurretik eta Udaleko hirigintza zinegotzi denez egun lanean jarraitzen duen, pozarren eta zoriontsu azaldu dira dokumentua onartu izanagatik. Jeltzaleak adierazi duenez, “denbora luzez eta irrikaz behin betiko onespenaren zain izan gara eta azkenean heldu da berri ona, badiaren biziberritze integralerako bidean aurrera pauso handia baita”.

Izan ere, Plan Berezia behin-betiko onartzeak biziberritze proiektu integralaren baitan aurreikusita eta planifikatuta dauden beste eremu batzuetan aurrera egitea eta urratsak ematea ahalbidetzen du, hala nola; Hospitalillon, Trintxerpeko moilan edo Herrera Norten. “Denbora luze honetan, aldi berean landu ditugu aipatu eremuei lotutako egitasmo eta proiektuak, baina Plan Bereziaren behin-betiko onarpena beharrezkoa zen aurrera pausoak eman ahal izateko. Argi utzi nahi dut, itxaropen faltsuak sortu ez daitezen, horrek ez duela esan nahi berehalakoan hasiko garenik eremu horietan lanak egiten, izan ere, nabarmendu nahi dut proiektua oso oso zabala dela eta bertan jasota daudela, besteak beste, honakoak eraikitzea: pasealekua moilan, anfiteatroa eta aparkalekua Hospitalillon edo enpresa-parkea Herrera Norten. Hau da, Planak 11 hektareatan esku hartzea aurreikusten du eta, hori dela eta, obren garrantzia benetan handia da”, adierazi du. Halaber, Foru Aldundiak Gipuzkoan eraikiko duen hurrengo zaharren egoitza Pasaian kokatzeko konpromisoa hartua duela gehitu du Nahikari Oterminek, alderdi jeltzalearen bozeramale, hirigintza arloko zinegotzi arduradun eta bere departamentuaren bitartez badiaren biziberritze proiektuaren udal arduradunak: “Proposamen hori, gainera, Batzar Nagusietan onartua izan da eta orain Gizarte Politiketako diputatua den Maite Peñarekin ari gara proiektua lantzen”.

“Beraz, garrantzia handiko proiektu eta obrak dira eta denbora behar da horiek martxan jarri eta egikaritzeko. Hori horrela dela ikusi dugu biziberritze proiektu honen barnean dauden eta Trintxerpeko hiri-eremua eta Euskotren geltokia lotuko dituzten oinezkoentzako eta txirrindularientzako pasabidea eraikitzeko obrekin”, adierazi du. Oterminek nabarmendu du obrak berriro ekin zirenetik aurreikusi bezala doazela eta, beraz, 2018. urte amaiera alderako amaituta egotea aurreikusten dela. Pasabidea bukatzean pasaitarrek espazio publiko atsegin eta adeitsuagoaz gozatu ahal izango dute eta horrela, beharrezko lotura arazoei irtenbidea emateaz gain, berdegunez josita izango den ibilbide segurua sortuko da.

Amaitzeko, Pasaiako EAJ-PNVk nabarmendu du Pasaiaren biziberritzearen alde emandako aurrera pauso guztiak, hein handi batean, alderdiak eta Nahikari Otermin bozeramaleak aurreko legealdian eta baita oraingoan ere Hirigintza Sailaren buru izanik egindako lanari esker eman direla. “Gauzak aurrera doaz, poliki baina txukuntasunez, izan ere, konpromisoa, koordinazioa, borondatea eta elkarlana dago eta EAJ-PNV proiektua erakunde guztietan babesten eta sustatzen ari da”, amaitu du jeltzaleak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...