Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/11/25

Errenteriako EAJ-PNVk udal aurrekontuei zuzenketak aurkeztu ditu

UDAL Aurrekontuei aurkeztutako zuzenketa proposamenek, ekonomia eta kontratazioari bultzada, etxebizitzarako sarbidea erraztea, gizarte politikak eta euskara dituzte ardatz
Errenteriako EAJ-PNVk udal aurrekontuei zuzenketak aurkeztu ditu

Udal gobernuak aurkeztutako aurrekontu proposamena aztertu ondoren eta errenteriarrek helarazitako kezka eta iradokizunak entzunda, EAJ-PNVren udal taldeak aurrekontu proposamenari zuzenketak aurkeztu dizkio, aipatu aurrekontuak hobetze aldera akordioetara heltzeko asmoz. Jeltzaleek adierazi dutenez, proposamen hauek ekonomia eta kontratazioari bultzada, etxebizitzarako sarbidea erraztea, gizarte politikak eta euskara dituzte ardatz. Gainera, Errenteriako erdigunean haurrentzako jolas parke bat estaltzea ere proposatzen dute.

Ekonomia eta kontratazioari bultzada ematea

Joan den urtean egin zuten bezala, aurten ere, herriko merkataritzan kontsumitzea sustatzeko kontu sail bat proposatu dute jeltzaleek. 2017an proposatutakoak elikagai merkataritza eta elikadura ohitura osasungarriak sustatzea helburu bazuen ere, aurtengoan helburu zabalagoa proposatzen dute jeltzaleek eta herriko merkataritza oro har sustatzeko proposatzen dute kontu-saila. Jeltzaleek diotenez, belaunaldi berriak, bizimoldeen aldaketaren eraginez, kontsumo eta elikadura ohitura desberdinak hartzen ari dira eta EAJ-PNVk beharrezko ikusten du Udalak, azalera handien aurrean, herriko merkataritza txikia bultzatzeko esfortzu bat egitea, merkataritza mota honek ematen baitio bizitza gure herriko kale eta auzoei. “sarritan esan dugun bezala, badakigu soziologia aldatu dela eta eraldaketa ekidin ezina dela, baina Udalak gazteak herriko merkataritzan kontsumitzearen garrantziaz ohartarazteko esfortzu bat egin behar duela uste dugu. Herriko merkataritzan kontsumitzeak onurak dakarzkigu guztioi, herriak bizia izan dezan laguntzeaz gain, ontziratutako produktuak alde batera uzteak eta produktu freskoak kontsumitzeak osasun eta ingurumen ikuspegitik ere onurak ekartzen baitizkigu”. Horregatik, diote jeltzaleek “Udalaren eta herriko merkatarien arteko elkarlanaren aldeko apustua egiten dugu, bereziki gazteak herriko elikagai merkataritzara, harategiak, arrandegiak, frutategiak, udal merkatua… nahiz beste merkataritza motatara erakartzeko kanpainak bultzatzeko eta gure herriko kale eta auzoak merkataritza bizia eta ez lokal itxiak izan ditzaten".

Baina, bultzada honetaz aparte, jeltzaleek berriz ere beren hauteskunde programak jasotako proposamen bat egin dute, merkataritzan eta ostalaritzan kontratazioak egiteko diru-laguntzak, alegia. Izan ere, ekintza honen bidez, merkataritza eta ostalaritza indartzeaz gain, diru laguntza horiek kontratazioari loturikoak izanik, enplegua ere sortuko bailitzateke jeltzaleen aburuz.

Ekonomiaren sustapenaren lerro honi jarraituz, landa garapenari zuzendutako proposamen bat ere aurkeztu du EAJ-PNVk. “Nekazaritza eta abeltzaintza ez daude aspaldiko urteetan sasoirik hoberenean gure herrian, baina gure izaeraren parte izanik, horiek sustatzea eta belaunaldi erreleboa bermatzea garrantzitsua dela uste dugu” diote jeltzaleek.  “Gainera, nekazaritza eta abeltzaintza, neurri batean, gazteentzako beste lan irtenbide bat izan daiteke, belaunaldi erreleboa baliatuz eta beste modu batera desagertzeko bidean dagoen sektore hau gure herrian mantenduz”. EAJ-PNVk, lehen sektoren dauden edo sartzeko interesa daukaten pertsonak laguntzera eta aholkatzera bideratutako kontu-sail bat proposatzen du, kudeaketa era berrien inguruan, teknologia berrien inguruan, kontsumo taldeen dinamiketan, zuzeneko salerosketan edota nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoan, esaterako.

Etxebizitzarako sarbidea erraztea

Etxebizitzaren arazoa, errenteriarek EAJ-PNVri helarazi dioten kezkarik nabarmenenetakoa izan da. Arazo hau, gainera, larriagoa da diru sarrera urrienak dituztenen kasuan, etxebizitza bat erosteko aukerarik ez eta oso garesti dauden alokairuak ordaintzera, beren diru sarreren zati handi bat bideratu beharrean aurkitzen direlarik.  Horregatik aldarrikatzen dute jeltzaleek beste behin ere, etxe bizitza hutsak alokairu sozialerako mobilizatzera bideratutako kontu-sail baten beharra, behar gehien dituzten herritarrek beren neurriko alokairuak izan ditzaten. “Lehen esan izan dugun bezala, Alokabiderekin hitzarmena sinatzearen aldekoak gara eta hitzarmen horri, gure herriko etxebizitza babestuen parkea handitzeko helburuarekin, kontu-sail bat atxikitzea beharrezkoa dela uste dugu. Bizigune alokairu babestuko bigarren eskuko etxebizitzen programa sustatuz, gure herrian Etxebiden izena emanda dauden alokairuzko etxebizitzen eskatzaileek, aukera gehiago izango lituzkete beren neurriko alokairuko etxebizitza bat eskuratzeko. Programa honetan sartzeko, etxebizitzen eskakizun batzuk bete behar dituzte eta sarri, hutsik egon diren etxebizitzen egokitzapen batzuk behar izaten dituzte, instalazio aldetik, esaterako. Egokitzapen horiek diruz laguntzeak, etxe bizitza huts ugari merkatu honetara ateratzea sustatuko lukeela iruditzen zaigu” azaltzen du EAJ-PNVk.

Baina, gazteen kolektiboa arazo hau bereziki jasaten dutenetako bat izanik, jeltzaleek neurri bereziak proposatzen dituzte hauentzat, gazteentzako alokairurako bekak, hain zuzen ere. “Maiz gazteei egozten diegu etxetik ateratzearen eta urte luzeetan gurasoekin geratzearen errua, baina pentsatu behar dugu beren lan egoera ezegonkorrak eta diru sarrera mailak askotan hipoteka baterako sarbidea ukatzen diela eta alokairuen merkatu garestira ezin iritsirik ibiltzen direla. Horri behin behineko irtenbide bat emate aldera, gazteentzako alokairurako bekak sortzea eskatzen dugu, 18-30 urte bitarteko diru sarrera mugatuko gazteek etxetik ateratzeko aukera izan dezaten”.

Gizarte politikak

Joan den urtean proposatu bezala, aurten ere gizarte zerbitzuetako eskubide subjetiboen karterari kontu-saila bideratzea proposatu du EAJ-PNVk, Udalaren eskumen diren zerbitzuei aurre egin ahal izateko: pertsona helduentzako tutoretzapeko apartamentuak, gizarte bazterkeria arriskuan dauden pertsoneri arreta… “Hori dena posible izan dadin bitarteko gehiago jarri beharra dago gizarte zerbitzuen eskura” diote jeltzaleek.

Zahartze aktibo baterako politiken beharra ere txertatu dute jeltzaleek beren proposamenetan, udal hauteskundeetako programan jaso zuten bezala. “Gero eta zaharragoa den gizarte honetan, ezinbestekoa da helduenak autonomo eta aktibo izaten laguntzea. Ildo horretan proposatzen duten kontu-sailak ekintza desberdinak diruz hornitzeko balioko luke, Euskadi Lagunkoia programan parte hartuz herri lagunkoiago bat sustatzeko, hirugarren adinekoengan ariketa fisikoa bultzatzeko programak sustatzeko edota bakarrik bizi diren adinekoen etxeetan ke detektagailuak jarriaz, adinekoen eta hauen bizilagunen segurtasuna bermatzeko , esaterako” azaldu du EAJ-PNVk.

Euskara merkataritzan eta ostalaritzan

Ekimen ugari egin dira eta egiten dira merkataritzan euskararen erabilera sustatze aldera eta jeltzaleen iritziz, ekimen horiek onuragarriak ez ezik, beharrezkoak ere badira. Baina jeltzaleek pauso bata haratago joatearen beharra azaldu dute. “Sarritan, arreta egiten diguten pertsonek ez dakite euskaraz edota ez daukate nahikoa ziurtasunik beren lanean euskaraz aritzeko. Horregatik ikusten dugu beharrezko, pertsona horiei espezifikoki, baina baita lanbide horiei espresuki zuzendutako euskara ikastaroak abiatzeko kontu-sail baten sorrera. Gure ustez, laguntza honekin, asko eta askorentzat euskaraz arreta egiteko pauso hori ematea errazagoa izango litzateke.”

Estalitako jolas parkea

EAJ-PNVk beharrezko ikusten du, baita ere, erdiguneko jolas parke bat estaltzea, jada bere hauteskunde programan adierazi bezala. “Erdigunea, auzo desberdinetako errenteriarren bilgunea da” diote jeltzaleek “guraso asko etortzen dira herriko puntu desberdinetatik erdigunera erosketak edota izapideak egitera eta garrantzitsua deritzogu erdigunean haurrentzako jolas parke estali bat edukitzeari”.

EAJ-PNVren udal taldeak zuzenketa hauek aurkeztu dizkio aurrekontu proposamenari, betiere, elkarlanean errenteriarren eskaera eta beharrei ahalik eta erantzunik egokiena emateko helburuarekin. Ziurrenik asteartean onartuko den 2018ko aurrekontuan, ekarpen hauek txertatzeko itxaropena dute jeltzaleek eta akordioetara heltzeko borondatea erakutsi dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...