Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/11/02

Kataluniako Gobernuaren kartzelaratzea arbuiatu du Foru Aldundiak

Espainiako Auzitegi Nazionalak Generalitaten Gobernuko zortzi kide fidantzarik gabe espetxeratzeko emandako agindua irmoki gaitzetsi du Markel Olano diputatu nagusiak, argudiatuz erabaki honek “zuzenean” egiten diela eraso “demokraziari eta oinarrizko askatasun eta eskubideei”.
Kataluniako Gobernuaren kartzelaratzea arbuiatu du Foru Aldundiak

“Erabateko arbuioa” erakutsi du Olanok aginduaren aurrean: “Azken ekintza hauek ez dute lekurik XXI. mendean estatu demokratiko batean. Atzera eginarazten gaituzte denboran, atea ixten diote elkarrizketan eta akordioan oinarritutako konponbideari, eta larritu egiten dute soilik konponbide politikoen bitartez eta kataluniarren borondatea errespetatuz gainditu ahal izango den gatazka”.

Diputatu Nagusiak erabateko eta baldintzarik gabeko babesa berretsi du Generalitaten Gobernuarekiko, azpimarratuz Gipuzkoak “inoiz baino gertuago” jarraitzen duela Kataluniako herriarengangik. “Europaren bihotzean, estatu batek zilegizko gobernu bateko kideak espetxeratzea, hauteskundeetan aukeratutakoak, soliki herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzen saiatzeagatik, oso gertaera larria da, eta Europako erakunde eta ordezkarien gogoeta piztu beharko luke. Politikaren judizializazioarekin tematzeak, Kataluniako gizartearen zati handi baten eskariei entzungor eginda, ez du arazo hau desagertaraziko; aldiz, okerrera egingo du”.

Halaber, Olanok adierazi du Espainiak Kataluniako aferari aurre egiteko aukeratutako moduak agerian uzten du trantsizioak ekarritako sistema politiko-instituzionala agortuta dagoela, eta ez duela gaitasunik “estaturik gabeko nazioen nahiei” erantzuna emateko, ohartaraziz Espainiak hasitako “atzerakada demokratikoak” ondorioak edukiko dituela Euskadin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...