Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/09/13

Gizartearen zahartzearen erronkak ekonomia berri bat sortuko duten produktu eta enpresak sustatzera eraman behar gaitu

Danimarka eta Suedian adineko pertsonen arretaren inguruko berrikuntza esperientziei buruz izandako hartu-emanaren balantze positiboa egin du Foru Aldundiak
Gizartearen zahartzearen erronkak ekonomia berri bat sortuko duten produktu eta enpresak sustatzera eraman behar gaitu

Ainhoa Aizpuru Sustapen Ekonomikoko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak azken hiru egun hauetan Suediako eta Danimarkako hainbat hiritan egindako bileren balantze “oso positiboa” egin du; bidaia honetan, Gipuzkoako ordezkaritza batek adineko pertsonen eta mendekoen arretaren inguruan lanean ari diren berrikuntza eta ekintzailetasun gune batzuk bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du.

Kopenhageko Welfare Tech enpresaren egoitzan gaur goizean azken bilera izan ondoren, Aizpuruk azpimarratu duenez, bidaia honek Pasaian zahartzearen inguruko erreferentzia zentroa sortzeko proiektuaren “egokitasuna eta beharra berretsi du”. “Gizarte aurreratuek, Suediakoak eta Danimarkakoak, besteak beste, denbora asko daramate garapen demografikoak aurkezten dituen erronkei erantzun berritzaile bat ematen saiatzen, irtenbide berriak sustatuz, alde batetik, gaur egun dauden laguntza sistemak hobetzeko, eta, bestetik, jarduera ekonomiko berriak sortzeko”, azaldu du.

“Gizartearen zahartzearen erronkak adineko pertsonen eta mendekotasunaren esparruan berrikuntza eta ekintzailetasuna sustatzera, eta produktu eta enpresa berrien sorrera bultzatzera eraman behar gaitu, horiek, era berean, lanpostu berriak sortzeko”, laburbildu du diputatuak.

Azken egunotan Suediako eta Danimarkako hainbat hiritan egindako bilera eta bisitak amaitzeko, Gipuzkoako ordezkaritza Kopenhageko Welfare Tech enpresa ikusten izan da gaur, berrikuntza eta enpresa garapeneko zentroa, osasunari, etxeko laguntzari eta gizarte zerbitzuei zuzendua. Kluster hori adineko pertsonei zuzendutako ekonomiaren alorrean nazioarteko erreferentzia da.

Atzo, Malmo hirian, Oresund eskualdean –Kopenhagen eta inguruan- egin diren klusterizazio esperientzia berritzaileak ezagutu zituzten, esate baterako, Packagebridge eta Medicon Valley. Azken horrek mugaz gaindiko kluster bat bezala funtzionatzen du; 200 enpresa, elkarte eta erakunde baino gehiago hartzen ditu, berrikuntza sustatzeko eta osasunaren eta biozientzien esparrura inbertsioak erakartzeko. Eskualde hori ahalegin handiak egiten ari da espezializazio esparru horretan, eta horri esker, aukera eta jarduera ekonomiko ugari sortzen ari da bertan.

Beste alde batetik, Lund hirian, Gipuzkoako ordezkaritzak, foru diputatua buru dela, Medicon Village osasunarekin eta biozientziekin zerikusia duten hainbat eragile –akademia, gizartea eta enpresak- bateratzen dituen berrikuntza gunearen instalazioak ikusi zituen. 2012an jarri zen abian eta dagoeneko 1.600 langile eta 120 erakunde kide ditu bizitza hobea eta osasungarriagoa izatera xedatutako produktuak eta zerbitzuak sortzera zuzendutako benetako berrikuntza ekosistema den enpresa horrek.

Gipuzkoako Foru Aldundia zentro berri bat ari da diseinatzen, Pasaian eraikitzekoa dena, zahartzearen eta mendekotasunaren arreta aurreratuan erreferentzia izan dadin. Era berean, teknologiako eta ikerketako gune ireki eta elkarlanekoa izan nahi du, gai izango dena  zahartzearen, osasunaren eta ongizatearen alorrean laguntza jarduera, jakintzaren kudeaketa eta garapen teknologikoa eta industriala bateratzeko. Suedian eta Danimarkan ezagutu diren esperientzia aurreratuei esker, Pasaiako zentroak izango duen Berrikuntza Unitatea aberastu eta osatu nahi da.

Era berean, Gipuzkoako ordezkaritzak izandako hartu-emanek, non BIC Gipuzkoa, Biodonostia, Matia Fundazioa eta Tecnaliako ordezkariek ere parte hartu duten, nazioarteko harreman sarea ehuntzen jarraitzeko aukera emango dute, horrela, Pasaian egitekoa den zentroa nazioartean erreferentzia diren beste ekimen eta erakunde batzuekin harremanetan egon dadin.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...