Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Iñigo Barandiaranek kritikatu egin du Enplegu Ministerioak Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ostean egindako kudeaketa, Prepara Plana dela-eta
“Edozein konponbide autonomia erkidegoekin adostu behar da, eta diru sarrerak bermatzeko errentarekin bateragarria izan behar du”, ohartarazi dio diputatu jeltzaleak Báñez ministroari
Iñigo Barandiaranek, Eusko Legebiltzarreko EAJ-PNV taldearen enplegu gaietarako bozeramaileak, kritikatu egin du Espainiako Gobernua “gai ez izatea” Prepara planaren inguruan sortutako arazoari erantzun “eraginkorra eta egokia” emateko. Joan den uztailaren 20an Konstituzio Auzitegiak deusez deklaratu ditu plan hori arautzen duen errege lege-dekretuaren artikuluetako batzuk.
Enpleguko eta Gizarte Segurantzako ministroak gai horren gaineko informazioa emateko egin duen agerraldia dela eta, diputatu jeltzaleak honako hau ohartarazi dio Fátima Báñezi, gainera: “edozein konponbide lehenik autonomia-erkidegoekin adostu behar da, eta Euskadiren kasuan aurreikusi behar du laguntza horiek bateragarriak izatea Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez ematen dituen laguntzekin”.
Barandiaranen esanetan, Konstituzio Auzitegiaren epaiak, 1/2013 Errege Lege Dekretuaren 1. artikulua eta bigarren xedapen gehigarria deuseztatu dituenak, “okerreko hanka aurreratuta harrapatu du Espainiako Gobernua”, eta ministerioak “ez du jakin une egokian erantzun egokia ematen”. Hain zuzen ere, Barandiaranek azpimarratu duenez, Espainiako Gobernuak adierazi zuen arren elkarrizketa prozesuari ekingo ziola solaskide sozialekin eta autonomia erkidegoekin batera, “ez da inolako konponbiderik eman eta harreman labur bat baino ez da izan Eusko Jaurlaritzako arlo horretako arduradunekin, albora uzten badugu ministerioak gaur bertan autonomia erkidegoei bidali omen dien testua, ministroak bere agerraldian aipatu duen hori.
“Egin behar duguna da konponbide bat ematea oso egoera behartsuan dauden eta abuztuaren 16tik hutsune bat daukaten pertsonei”, esan du Barandiaranek.
Halaber, Barandiaranek erantsi du epaiak berak zehatz mugatzen dituela “esku hartzeko tarteak, epaia eman denetik Estatuak lan egiteko eduki dituenak”. Dena dela, “edozein konponbide lehenik autonomia erkidegoekin adostu” behar dela ohartarazi du Barandiaranek. Eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, “aurreikusi behar da Prepara planeko laguntzak bateragarriak izatea Eusko Jaurlaritzak diru sarrerak bermatzeko errentaren bitartez ematen dituenekin, bera baita neurriaren ondoriozko betebehar materialei aurre egiten ari dena”. “Programaren bideragarritasuna onartzeko prest gaude arrazoi humanitarioengatik eta elkartasunagatik, lankidetza eskaintzen dugu”, baieztatu du Barandiaranek, “baina Espainiako Gobernuarengandik beste horrenbeste espero dugu arazo honen tratamenduan”.
Azkenik, diputatu jeltzaleak Báñez ministroaren azalpenak kritikatu ditu “Gobernua bere burua bigun tratatzen ari delako, darabilen enplegu politikari dagokionez”, eta Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ondoren “axolagabe” hartu duelako Prepara planaren auzia. “Unean unekoa izan arren, arazoak ez zuen merezi jaso duen trataera, kritikarik zorrotzena egin behar zaio trataera horri”, baieztatu du diputatu jeltzalea.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


