Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/29

Eskualdeko Udalek harrera egin diete uda pasatzera etorritako haur sahararrei

41 urte igaro dira saharar herria ezohizko egoera batean bizitzera behartu zutela. 41 urte saharar biztanleria 3 eremuetan banaturik bizi dela. Eremu horietariko bat Tindoufen ( Argelian ) kokatzen da eta bertan, 120.000 lagun errefuxiatu-kanpamentuetan bizitzera behartuak izan dira.
Eskualdeko Udalek harrera egin diete uda pasatzera etorritako haur sahararrei

Bertako baldintzak oso gogorrak dira: elikadura eta ur eskasia, udan 60otik gorako tenperatura... Bertatik datoz, hain zuzen, saharar haurrak Euskal Herrira OPORRAK BAKEAN programaren baitan.

Bi hilabetez egongo dira gure artean eta basamortuko beroa alde batera utzi eta beste herrialde, kultura eta paisaia ezagutzeko aukeraz gain, Olatz Peon Ormazabal Tolosako alkateak adierazi duen eran, osasuna “berreskuratzen” dute eta saharar herriak bizi duen egoera salatzeko “enbaxadore egokienak” bihurtzen dira. Egonaldiaren bidez, otordu orekatuak izateko eta mediku errebisioetan gaixotasunak sendatzeko aukera dute.

Tolosaldera 21 haur datoz, hoietako 10 harrera familietan egongo dira (6 Tolosan, 3 Anoetan eta 1 Villabonan) eta beste 11 haur Tolosako Udalak utzi duen etxe batean, aterpetxe gisa egokitua izan dena.

Lehen egunetan medikuen azterketekin (pediatrak, dentista...) eta igeriketako ikastaroekin hasten dira. Gero, irteerak: herriko festetara, piraguetan ibiltzera Oria ibaira, Anoetako ludotekako haurrekin jolastera, saharar haurrentzat antolatzen diren saharar festeetera, igerilekura... eta amaieran Tolosan ospatzen dute urteroko agur festa. Ekintza batzuk guztiek batera egiten dituzte eta beste batzuk ez, dinamika ezberdinak daramatzate eta.

Olatz Peon Ormazabalek harrera baliatu du familiei zein aterpetxeko boluntarioi eskerrak emateko: “Guztira 10 harrera familik hartu duzue parte ekimenean eta bidean gure babesa eta laguntza izango duzue. Aterpetxeko boluntarioek berriz, lan handia egin duzue etxea egokitzen, guztia solidarioki eta haur hauen ongizatea buruan izanik. Mila esker guztiei, haur hauei eskainiko diezuen denbora, eta ziur naiz, maitasunagatik” adierazi du.

“Oso esperientzi aberatsa izan ohi da eta bi herrialdeen loturak sendotzeaz gain, Saharar herriari gure elkartasuna adierazteko modu polit bat da” nabarmendu du Tolosako alkateak. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...