Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/06/08

Eibarko EAJ-PNVk Jardiñetako igogailuaren proiektua defendatu du

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak proiektua ezagutzera eman du eta lehen 317 sinadurak aurkeztu dituzte, aurten martxan jartzea exijitzeko. Jeltzaleen zuzenketa baten ondorioz enkargatu du Udalak proiektua
Eibar

Eibarko EAJ-PNV udal taldeak Julian Etxeberria eta Aldatze kaleen arteko igogailuaren proiektua aurkeztu du. Eibarko Udalak ingenieritza zibileko enpresa bati eskatutako proiektua da, Eibarko EAJ-PNVk udal aurrekontuari aurkeztutako zuzenketa baten ondorioz. Igogailua Julian Etxeberria kaletik, egiten du gora, Aldatze kalera iritsi arte, Telefónicaren eraikinaren alboan. Infografian ikus daiteke du nola geratuko den igogailua. Proiektu garrantzitsua da auzoa eta erdigunea konektatzeko. Hainbat aldiz agindu ondoren, Eibarko EAJ-PNVk proiektua idaztea lortu du, 2017an eraikitzeko konpromisoaz. “Ez dugu lanak atzeratzerik nahi. Aurrekontua indarrean dago eta, hortaz, Udalak betebehar morala dauka esleipena behingoz egiteko”, ohartarazi du Josu Mendicute bozeramaile jeltzaleak.

Proiektua Obra Batzordean aurkeztu da eta esleipenerako prest dago. Infografia horiek auzotarrei erakustea eskatu dute jeltzaleek. “Pozik gaude egindako lanarekin. Iazko aurrekontuetan adostutako zuzenketaren ondorioz, proiektua prest dago. Akordio garrantzitsua lortu genuen Eibarren enplegua sortzeko eta hiri-birgaitzea bultzatzeko, irisgarritasun proiektuak tarteko”, adierazi du zinegotzi jeltzaleak.

Datorren astean bilera bat deitu dute Jardiñetako auzokideekin, proiektua egin ala ez erabakitzeko. Izan ere, Udalak beste proposamen bat ere badauka: Errebaleko lanak amaitu arte itxarotea (Merkatu Plaza berria eraikitzen ari dira) eta, bertatik, igoera bi zatitan banatzea. Bigarren aukera horrek atzerapenak ekarriko lituzke, kasurik onenean 2018an ekingo liokete eta. EAJ-PNVk Julian Etxeberria eta Aldatze arteko igogailuaren alde egiten du, eta iragan astelehenean 317 sinadura jaso zituen auzoan, proiektu horren defentsan, eta astelehen hontan erregistratu dituzte Udaletxean. “Auzo lagunen eskaera argia da: igogailua berehala nahi dute. Udala ez litzateke aldrebeskerietan aritu beharko. Agindutakoa betetzeko ordua da”, ondorioztatu du bozeramaile jelkideak, eta eskatu du “ez dezatela giroa gehiago nahastu. Atzerapen handia daramate. Hamarkada bat baino gehiago hitza bete gabe”.

Sinadurak jasotzeko erabilitako testua honako hau da: “Julian Etxeberria-Aldatze igogailuak 2017 amaitu aurretik funtzionatzea”. Hori dela eta, EAJ-PNVk proiektua esleitzea exijitu du, auzo-bilera egin bezain pronto. “Bilera horretan babes zabala agerian geratzen bada, ez dugu nahi udal gobernuak egun bakar bat ere galtzea. Esleipenerako baldintzak ahal bezain laster onartu eta lanak egin ditzatela, aurten bertan igogailua erabili ahal izateko”, amaitu dute.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...