Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Tolosarrek politika publikoetan parte-hartze zuzena izango dute aurrerantzean
Gobernantza eredu berria martxan jartzeko Udalak badu bere tresna: “Plangintza Partekatua 2017-2027”. Gardentasunaren printzipioa bere eginik, Udalak 10 urtera begira duen plangintza eskura eta uneoro ekimenen jarraipena egiteko aukera izango dute herritarrek.
Azken Osoko Bilkuran onartu zen Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027. 3 eremutan aurrera eramandako parte-hartze jardunaren emaitza da: Talde Sustatzaileko kideak eta Mahai Sektorialak (herritarrez osatuak); Lankidetza Mahaia (udal teknikariz osatua); eta Jarraipen Batzordea (alderdi ezberdinetako ordezkariz osatua). Olatz Peon Ormazabal alkateak azpimarratu du interes ezberdinak dituzten herritar, talde, eragile, teknikari edota alderdik “bat egin eta adostasunera” iritsi direla.
Tolosako Plangintza Partekatua. 2017-2027 Tolosako Udalak abian jarri duen hausnarketa estrategikoaren eremuaren bigarren fasean kokatzen da (Plangintza Fasea), zeinak, behin Tolosako argazki partekatua osatu eta ondorio nagusiak zehaztu eta gero (Diagnostiko Fasea. “Tolosaren 2016ko Argazki Partekatua” dokumentua), adostasunetik etorkizuneko Tolosaren norabideak zehaztu (ildoak), berauek burutzeko ekintza multzo nagusiak antolatu (programak) eta lehen ekintzak eta erreferentziazko jarduerak definitzen dituen.
Duela urte bete eta lau hilabete jarri zen abian Tolosatzen. Guztira 10 bilera gauzatu dira herritarrekin. Joseba Ormazabal Herritarrekiko Harremanak, Partaidetza eta Informazioaren Gizartea zinegotziak nabarmendu du 100 herritar banako baino gehiagok hartu dutela parte: “horien
%55 emakumeak izan dira eta 50 ekarte eta eragile baino gehiago ordezkatu dituzte bertaratu direnek”. Udaleko 11 teknikari proiektuan zeharkakotasunez lanean aritu dira 'lankidetza mahaian'. Zinegotziak 2016ko azaroaren 8an eta 15ean burututako Mahai Sektorialak nabarmendu ditu: “2017ko aurrekontuetan txertatutako ekintzak definitu ziren bertan. Herritarren parte-hartze maila handia bezain aberatsa izan zen”. 2017ko aurrekontuan Tolosatzeneko kideek proposatutako 40 proiektu txertatu ziren, 400.000 euro baino gehiagoko inbertsioarekin.
Tolosatzenen 3 faseak, 10 urtera begirako 4 ildo eta 24 programetan antolatutako 73 ekintza
1.Fasea: Diseinua eta Argazkia. 2016
Egungo tolosaren argazkia osatu zen herritar, herri eragile, udal teknikari eta ordezkari politikoen ekarpenekin. Alorrez alorreko diagnostiko bat eta ondorio nagusiak zehaztu ziren. 2016ko Argazki Partekatua liburua argitaratu zen.
2.Fasea: Estrategia eta Plana. 2016-2017
Fase honen emaitza da Tolosako Plangintza Partekatua 2017-2027. Behin Tolosako argazki partekatua osatu eta ondorio nagusiak zehaztu eta gero, adostasunetik etorkizuneko Tolosaren norabideak zehaztu, horiek burutzeko ekintza nagusiak antolatu eta lehen jarduerak definitzen ditu
10 urtera begirako 4 Ildo eta 24 programetan antolatutako 73 ekintzez osatutako Plangintza Partekatua. Aurreko fasean bexalaxe, fase honetan ere genero ikuspegia eta euskara modu zeharkakoan txertatuta geratu dira.
3.Fasea: Jarraipena. 2017-2027
Olatz Peon Ormazabalek adierazi du fase hau dela gainerako parte hartze prozesuetatik berezi egiten duena Tolosatzen: “Plangintza Partekatuaren jarraipena, ebaluaketa eta etengabeko elikatzea jarriko da martxan orain. Ekimen bakoitza zein puntutan dagoen jarraitzeko aukera izango dute herritarrek”. Aurreratu du gutxi barru publiko egingo den www.tolosa.eus web orri berrian lerro batek markatuko duela zein puntutan dagoen proiektu bakoitzaren gauzatze maila: “hori Tolosatzen gobernantza-ereduaren udal politikan txertatzearen ondorio da. Plangintza partekatu honek herritarren eta eragileen parte hartzea sistematizatzeko tresna bat eskainiko du eta udal sail desberdinen arteko komunikazioa eta elkarlana erraztu” gaineratu du. Plangintza partekatu honek Gardentasun Legea betetzea ahalbidetuko du.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


