Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/05/12

Zerga sistemari buruzko eztabaida “trankil eta lasai” nahi du Gipuzkoak, “alarmismorik gabea”

Imanol Lasa foru bozeramaileak euskal zerga sistema hobetuko duten doikuntzak txertatzearen alde egin du, baina betiere “era harmonizatuan”
Imanol Lasa

Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko foru diputatuak, Imanol Lasak, zerga sistemari buruzko eztabaida “trankil eta lasaia” aldeztu du, “alarmismo eta maximalismoetatik urrun”. Onda Vasca irratian egindako elkarrizketaren baitan, “sistema krisian ez dagoela” gogoratu du foru arduradunak, “aurtengoa, aurreikuspenak betez gero, inoizko zerga bilketarik handiena izango baita”. Hori dela eta, lasaitasunera dei egin du. Zentzu honetan, adierazi du foru ogasunak lanean ari direla euskal zerga sistema eraginkorragoa nola egin zehazteko. “Batez ere ariketa teknikoa da, eta tentuz ibili behar dugu. Helburua bada zerga bilketa handitzea, baina honek ezin du gure lurraldearen lehiakortasuna kaltetu”, nabarmendu du.

Foru bozeramailearen iritziz, funtsezkoa da baita ere Euskal Autonomia Erkidegoko erakundeen lankidetza esparru honetan. “Lehiakorra izan nahi duen herrialdea gara, bizi kalitatea mantentzeko inbertsioak egiten jarraitzeko adina baliabide dituena. Baina, horretarako, garrantzitsua da herrialde txiki honetan denok zerga politika berdina izatea”, adierazi du. Hau guztia dela eta, Lasak azpimarratu du berebiziko garrantzia duela harmonizazioaren gaiak Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat, “mahai gainean jarri behar den kontua” baita eta beronen gainean lan egitera dei eginez.

Zentzu honetan, foru erakundeko bozeramaileak gogoratu du euskal erakundeek oraintsu amaitu berri dutela 2013ko zerga erreformaren analisia, eta ondorioak positiboak izan direla. “Funtzionatu du”, babestu du Lasak, adibide gisa jarriz erreforma ostean Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) urteko bildu diren 50 milioi euro gehigarriak. Foru arduradunaren hitzetan, oinarri honetatik abiatzen da euskal zerga sistema hobetzeko martxan dagoen hausnarketa. “Horregatik lasaitasun gehiago behar dugu eztabaidan, zorroztasunez aritu behar dugu beti”, defendatu du.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...