Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/05/07

Herritarren botoaren indarra funtsezkoa izango da Euskadiren etorkizun politikoa erabakitzeko

Aldundiaren bozeramaileak Gure Esku Dago zoriondu du lortu duelako “pentsaera eta ibilbide politiko askotako pertsonak elkartzea”, “gizartearen oinarri demokratikoak sendotu eta gure herriaren bizikidetza sozial eta politikoa hobetzen duen prozesu batean”
Imanol Lasa

Imanol Lasa, Gipuzkoako Aldundiko bozeramaile eta Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak Zarautzen hartu du parte gaur Gure Esku Dago-k Gipuzkoan eta Euskadiko hainbat udalerritan antolatutako galdeketan.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduak deitutako kontsultetan gipuzkoarrak parte hartzera gonbidatuz, Batzar Nagusiek berriki onartu dute ebazpen-proposamena. Hura aintzat hartuz, erakundeko hainbat arduradun politikok gaurko galdeketetan hartu dute parte.

Imanol Lasak eguerdian eman du bere botoa Zarautz jaioterrian, udaletxe aurrean kokatu duten puntuan. Han bertan, txalotu egin du Gure Esku Dago-k eginiko lana, hain zuzen, “lortu dutelako pentsaera eta ibilbide politiko askotako pertsonak elkartzea, zehazteko Euskadiren etorkizun politikoak zein izan behar ote duen”.

Era berean, nabarmendu du “gaurkoa bezalako partaidetza prozesuek euskal gizartearen oinarri demokratikoak sendotzeko” balio dutela eta, gainera, baliagarriak direla “euskaldunen arteko bizikidetza hobetzen jarraitzeko”. Foru bozeramailearen esanetan, “azken hilabeteetan Gure Esku Dago-k antolatutako hitzaldi eta topaketetan, lortu egin dute desberdin pentsatzen duen jendea batzea”. Azaldu duenez, datozen urteetan Euskadiren egitura sozial eta politikoa definitu nahi duen prozesu batean leku egin zaio ideia, proiektu eta pertsona orori”. 

Elkarbizitza hizpide, azken egunetan alderdi politikoen egoitzetan egindako eraso eta pintaketak aipatu ditu Lasak. “Halako ekintzak sobera” daudela esan du eta ez dutela lekurik egungo testuinguruan. Hala, amaitu du azalduz “elkarrizketa eta errespetu gehiago” behar direla eta partaidetza prozesu eta kontsulta gehiago egitea”, “soilik horrela lortuko baitugu guztiok elkarrekin Euskadiren etorkizuna eraikitzea, elkar errespetatuz”. Lasak honela, zoriondu egin du Gure Esku Dago eginiko lanarengatik, “asmatu baitute ideologia eta pentsaera askotako jendea batzea, Euskadiren etorkizuna erabakitzeko kontsulta baten bitartez.

Amaitzeko, zera adierazi du: “Gaurko emaitza edozein delarik ere, hauxe urrats bat gehiago izan da, urrats berria eta garrantzitsua. Gaur berriz ere euskal gizarteak argi utzi du etorkizuna herri gisa modu demokratiko eta askean erabaki nahi duela, botoaren bidez. Uste dut euskal gizartea oso jabetuta dagoela herritarrek gure botoarekin dugun botereaz. Boto bakoitzak du bere balioa erabaki, aldarazi eta hobetzeko. Jada inork ez du zalantzan jartzen herri gisa dugun erabakitzeko eskubidea eta gaur gauzatu egin dugu”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...