Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/04/27

Hastear dira Nafarroa etorbidea birmoldatzeko lanak

Proiektua sei hilabetetan gauzatuko dela aurreikusi da, 1.273.570,25 euroko aurrekontuarekin; xedea da irisgarritasuna eta oinezkoen mugikortasuna bermatzea, eta merkataritza-jarduera erraztuko duten guneak sortzea
Hastear dira Nafarroa etorbidea birmoldatzeko lanak

Maiatzaren 3a, data hori finkatu da Nafarroa etorbidea birmoldatzeko lanei ekiteko, kale hori irisgarriagoa, erosoagoa eta oinezko trafikoarentzat egokiagoa bihurtzeko. Merkataritza Biziberritzeko 2012ko Plan Berezia dago proiektuaren oinarrian, eta birmoldaketa Tolosako Udalaren inbertsio nagusia izango da 2017rako.

Udalaren asmoa da tolosarrentzat eremu zabalagoa, txukunagoa eta atseginagoa sortzea, herritarrei, merkatariei eta ostalariei eguneroko bizimodua errazteko.

Faseak

Obraren faseen azterketa zehatza egin da, eta lanek iraungo duten denbora gehienean hiru lerro nagusi hauek mantentzea planteatu da: zirkulaziorako errai bat, aparkalekuen ilara bat eta obrarako eremu bat. Ibilgailu trafikoaren etenaldi bakarra aurreikusten da: obren azken 3 egunetan eta gauez.

Beste kale batzuetatik bideratuko da trafikoa 3 gau horietan.

  • I. Eremua: Zubiberri-Foruen etorbidea: 8 aste (5 maiatzean + 3 ekainean)
  • II. Eremua: Foruen etorbidea-Samaniego kalea: 12 aste (1 ekaina + 4 uztaila + 5 abuztua + 2 iraila)
  • III. Eremua: Samaniego kalea-Oria kalea: 8 aste (1 abuztua + 4 iraila + 3 urria)
  • Errepidearen geruza, lorategiak eta azken erremateak: obra amaitu aurrekoa. 2 aste (2 urria)


Birmoldaketaren xehetasunak

Oro har, gaur egungo zirkulazioaren norabideak mantendu egingo dira, eta batez ere aparkalekuak eta beste kale batzuetarako sarbideak aldatuko dira; eta, era berean, oinezkoentzako baldintzak hobetuko dira.

Zirkulazioko erraien zabalera murriztu egingo da, gutxi gorabehera 3 metroraino, eta horrela, ibilgailuen abiadura murriztea ere lortuko da. Zirkulazioaren norabide bakarra mantenduko da, aparkaleku ilara bakar batekin (lerroan), iparraldeko espaloiaren ondoan (Posta bulegoa), etorbidearen zati luzeenean. Foruen etorbideko bidegurutzearen ondoren, berriz, zirkulazioaren bi noranzkoak mantenduko dira: lehen zatian zama-lanetarako gune bat izango da hegoaldeko espaloiaren ondoan, eta hurrengo zatian, zirkulazioko bi errai izango dira, zubiranzko noranzkoan.

Modu horretara, oro har, aparkalekuak zirkulazio-erraiaren ipar aurpegian geratuko dira; alde horretan ez dago ez pasabiderik ez plaza-kopurua murriztuko duen bestelako etenik.

Beste kale batzuekiko loturak eta bidegurutzeak espaloien bidez (ibilgailuek norantz biratu beharko duten adieraziko dute) eta seinale horizontal berri eta argiagoen bidez ordenatuko dira. Kale osoa maila berean geratuko da: bidearen eremua asfaltozkoa izango da, 30 cm-ko arekekin, eta espaloiak, berriz, baldosa hidraulikozkoak bi aldeetara, baina irtengunerik eta zintarririk gabe. Espaloiak, hala, askoz zabalagoak geratuko dira; beti ere 4,5 metrotik gora.

Kaleko altzariei dagokienez, gaur egun eremu honetan dauden elementu batzuk mantendu egingo dira: postontzia, loteriako kioskoa eta TAOko makinak. Bidearen bi aldeetara, aparkalekuetan nahiz errepidean, zuhaitzak jarriko dira, kalearen itxura orokorra leuntzeko eta hobetzeko, eta txorkoak eta zuhaitzen enborren babesak gehituko dira. Horretarako, udaberrian ikusgarri loratzen den neurri txikiko espezie bat aukeratu da.

Horrez gain, jasangarritasunaren bidean, kaleko argiak berrituko dira, led sistema ezarriz, oinezkoen segurtasun-baldintzak hobetzeko eta ingurumena babesteko; era berean, ur zikinak eta euri-urak bereizteko sistema bat ezarriko da.

Banaketa horren bidez, elementuak ordenatzea, etorbidearen itxura orokorra garbiagoa izatea eta oinezkoen eremuak zabaltzea lortuko da, era horretara kalearen funtzionamendua arinagoa eta erosoagoa izan dadin.

Eraberritzeak Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso du Hirigune programaren bitartez.

Alondegiko aparkalekuarekin akordioa, lanek irauten duten aldirako

Nafarroa etorbideko bizilagunek aukera izango dute hileroko gaueko txartel bat ateratzeko (20:00- 08:00), hilean 30 euroren truke, edo gau bakoitzeko txartel bat hartzeko prezio berezian (1,5€ gaueko, 20:00-08:00). Eskabideak Udaltzaingoan egin beharko dituzte, maiatzaren 2tik aurrera.

Nafarroa etorbideko saltokietako eta zerbitzu-enpresetako bezeroek doan aparkatu ahal izango dute lehen 30 minutuetan. Txartelak Tolosa&Co elkartearen egoitzan (Oriaburu etxea. Pedro Tolosa, 2) eskuratu beharko dituzte, maiatzaren 2tik 12ra, honako ordutegian: astelehenetik ostegunera 9:00etatik 10:30era eta 13:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 9:00etatik 10:30era eta 13:00etatik 15:00etara.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...