Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2017/04/26

Getariako EAJk emendakinak aurkeztu dizkio EH Bilduk onartutako aurrekontuari

Guztira 14 gai txertatzea eta beste hainbat aldaketa gauzatzea proposatu du EAJren Udal taldeak
Getariako EAJk emendakinak aurkeztu dizkio EH Bilduk onartutako aurrekontuari

Funtsean, proposamenak herriaren oinarrizko beharrizanak duintasunez, eta etorkizuna anbizioz hartzeko garatuak izan direla adierazi du Aitor Urresti EAJko zinegotziak: “gure ustez Udal Gobernuak gauzatu duen aurrekontuak ez du iparrorratzik, hutsune gutxi batzuk estaltzera bideratua dago soilik, eta ez ditu herritarrak, ezta herriaren etorkizuna ere, aintzakotzat hartzen. Guk herria bere osotasunean eta ahaztuak izan diren sektore eta ardatz estrategikoak proiektuz josi nahi ditugu, jada erregistratuak izan diren proposamen hauekin”.

EAJk oraina eta etorkizuna du “jomuga” Urrestiren esanetan: “gure proposamenak herritarrek zuzenki egin dizkiguten eskarietan daude oinarrituak. Herriaren ahots guztiak eta banakook sortzen dugun aniztasuna isladatzeko gaude egunero lanean, eta batera aurrera eginaz eta adostasunak bilatuz, Getaria eta getariarrok gara irabazle” gehitu du zinegotzi jeltzaleak.

Puntuz puntu, honakoak dira Getariako EAJk lehenetsi dituen alor nagusiak:

Herria garbi
Jeltzaleen ustetan, herria “oso zikina” dago eta esfortzu berezi bat beharko litzateke egin herria txukun mantentzeko. Urrestik azaldu duenez, duela bi hilabete martxan jarritako Arreta Zerbitzuaren bitartez hainbat herritarrek herria “zikinkeriaz josita” dagoela adierazi diete: “arratoiak ere ikusi ditugu jende gehien ibiltzen den puntuetan. Eta zer esan zaborrontziek botatzen duten kiratsaz, edo kaleetan sortzen den zikinkeriaz”. Udalak ez du herriak behar duen garbiketa zerbitzua eskaintzen, ezta esfortzurik egiten ere berau egokitzeko zinegotzi jeltzalearen ustetan; ondorioz, ordenantza egoki aplikatu eta hobetzeko proposamenak egin dituzte.

Inbertsioak
Aurtengo aurrekontuetan dagoen inbertsioak kualitatiboki eskasak eta kuantitatiboki urriak direla dio EAJk: “aurrekontuaren %10 erabiliko da inbertsioetarako. Nahiz eta EH Bilduk Gipuzkoako inbertsio handienetariakoa dugun herria garela esan, gezurretan dabiltza. Inguruari soilik erreparatuz, Aian esaterako, inbertsioak aurrekontu osoaren %22,73 dira, Aizarnazabalen %20,25… Beraz, Getariako EH Bilduren Udal Gobernua gezurretan ari da” adierazi du Urrestik. Gaineratu du herrian behar handiak daudela, bai eraikinen mantenuan, eta baita azpiegituretan ere. Egoki aztertutako eta herritarrekin batera aurrera eramandako inbertsioek, herritarren bizi kalitatearen onura dakartela deritzo zinegotziak, “esfortzu handiagoa egin behar dela deritzogu”.

Gaztedia
“Udalak ez du gazteentzako proiektu bakar bat ere, eta proiekturik ezean, ezta dirurik bideratuko ere. Gazteok, beraz, Udalaren partetik zeharo utziak daudela deritzogu” azpimarratu du zinegotziak. “Getariarren etorkizuna bultzatu nahi bada, has gaitezen pentsatzen, non biziko gara? Non egingo dugu lan? Zein eskaintza garatuko dugu?... Une honetan ez dugu ezer eta Udal Gobernuak ezer egiteko asmorik ere ez du isladatu aurrekontuan” berretsi du Getariako jeltzaleen bozeramaleak.

Gizarte Ongizatea
%14,64 jeitsi du EH Bilduk getariarron ongizatea bermatzera bideratutako diru partida aurten. Jeltzaleen iritziz, ulertezina da urtetik urtera alor honetan murrizketak egotea, behar sozialak “gero eta gehiago” diren unean: “honela ezin dugu bermatu herritar guztiek bizi kalitate duin bat izango dutenik”. Laguntzak mantendu (etxez-etxekoak, adin nagusikoei begirakoak, etorkinen integraziora bideratuak...) eta herriaren gizadiagnostiko bat gauzatzeko proposamena luzatu dute jeltzaleek.

Sustapen ekonomikoa
EAJak merkataritzarekin, ostalaritzarekin eta elkarteekin amankomunean lanketak gauzatu eta estrategia bateratu bat garatzeko garaia badela uste du: “Getarian turismoaren eraginez gero eta komertzio gehiago zabaltzen ari dira, eta horietako asko eta asko, autonomoak eta gazteak dira, eta orain hasi berriak direnean laguntzen ez badiegu, noiz? Ekintzaileei ahalik eta erraztasun gehien jarri behar dizkiegu” adierazi du Urrestik. Gaineratu du herri “bizi” bat nahi dutela mantendu eta herritarrek bultzatzen dituzten ekimenekin bat, zerbitzuen sektorea dela herri biziaren “traktore”. Beraz, jeltzaleentzat oinarrizkoa eta beharrezkoa da eragile ekonomikoekin hitz egitea (Babexa, GetaBat, Getariako Txakolina, Arrandegiak, Gozotegiak, Kofradia...). Urrestiren esanetan herri proiektuaren “parte” dira: “zer hoberik talde hauekin sinergiak, espazioa komunak bultzatea, lanpostuak eta garapena sortu ditzaten”.

Turismoa
Turismoa gero eta indar handiagoa hartzen ari den sektorea da eta plangintza ezak gero eta okerragora darama herria Getariako jeltzaleen iritziz: “aparkaleku faltak, turismo masiboak, mollako saltoki ibiltariak, higigarri arazoak, zerbitzu gabeziak… arazo dira jada egun. Planifikazio bat beharrezkoa dela argi dago herritarron bizikidetzan arazoak sor ez daitezen”.Horrez gain turismo bulegoak oraindik informazio puntua izaten jarraitzen duela salatu dute:“dituzten baliabideekin askotan zerbitzua ematea ere kosta egiten zaie langileei. 40.000 bisitari jasotzen dituen herri txiki honek beharrezko ditu horiei guztiei informazioa egoki emateko toki eta baliabideak” adierazi du zinegotziak.

“Beharrezko den eran Elkanoren Lehorreratzearen 500.urteurrena”. Jeltzaleen iritziz, proiektuak “ihes” egin dio Udal Gobernuari borondate “faltagatik”: “herriari onura handia egin liezaiokeen proiektua da. Baina 2009an idatzi zena oraindik kaxoi batean du gordea EH Bilduren Udal Gobernuak. 2 urte besterik ez dira falta urteurren ospakizunak hasteko eta hemen ahalegin gehiago jarri ezean, aukera galdu bat izango da” berretsi du Urrestik.

Aipatutakoez gain, beste zenbait proposamen ere sartu ditu EAJak: polikiroldegiak eskaintzen duen zerbitzua hobetzearen ingurukoa, Euskeraren baitakoa, Memoria hurbila eta historikoari buruzkoa, edota Herriko elkarteen laguntzena esaterako. Ostegun honetako Osoko Bilkuran, apirilak 27, eztabaidatuak izango dira EAJak aurkeztutako proposamenak.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...