Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Hiri Ekonomia indartzeko Plan Estrategikoa aurkeztu du Tolosako Udalak
Tolosako Udalak eta Tolosa&Co merkatari elkarteak Hiri Ekonomia indartzeko Plan bat garatzea adostu zuten 2015 urtean eta plana prentsaurrean aurkeztu dute gaur
Oriaburu eraikinean burutu den aurkezpenean hitz hartu dute: Olatz Peon Tolosako alkateak, Nerea Letamendia Merkataritza zinegotziak eta Plana gauzatu duen Ikertalde enpresako Iñigo Artechek.
Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso duen plan hau 2012ko Merkataritza Indartzeko Plan Berezitik (MIPB) haratago doala adierazi du Olatz Peon Ormazabalek: “merkataritzaz gain, plan honek Hiri Ekonomia osatzen duten gainontzeko agenteak (turismoa, kultura, azokak...) uztartzen ditu”.
Alkateak planaren garrantzia azpimarratu du: “eragile guztien norabidea zuzenduko duen tresna bat sortzea izan da helburua, behar bati erantzunaz. Aldaketa sakonak eman dira azken urteetan testuinguru sozioekonomikoan, baita hirugarren sektorean ere, bai eskaintzaren aldetik eta baita eskariaren ikuspuntutik ere.
Tolosako Udal Gobernuak eszenatoki berri hau aztertzeari ekin ziola gaineratu du: “azterketa horren ondorioak baloratu eta etorkizunera begirako plan hau osatu dugu, Hiri Ekonomiaren Plan Estrategikoa. Aztertu eta gauzatu, oinarri sendoen gainean”. Herriaren garapen ekonomikoa Tolosako Udalaren lan ildo estrategikoa dela gehitu du eta Merkataritza, Turismoa eta Azokekiko apustu berezia egin dela legealdi honetan: “merkataritzak garrantzia berezia du Tolosan: 386 saltoki, Barne Produktu Gordinaren %15, 20,3 denda 1000 biztanleko (EAE-n %13 denean). Datuez gain, merkataritzak herriari egiten dion ekarpena berebizikoa da: herriaren dinamismoa, sozializazioan, segurtasunean, herria bera egituratzen du...”
Turismo ikuspunturik, Euskal Herria geroz eta erakargarriagoa da, eta turismoak geroz eta garrantzia eta pisu ekonomiko handiagoa du alkatearen iritziz “herri bezala hazten jarraitzeko”: “Tolosara jendea erakarri nahi dugu, eta zentzu horretan pausuak ematen ari gara, udalerria suspertzeko apustu sendoa egiten dugu, esaterako jaiak, azoka bereziak, kultur ekintzak edo ekipamenduak”.
Larunbateko azokak zein azoka bereziek betidanik bete izan dute eta betetzen dute funtsezko papera Tolosan. EHUk duela gutxi ikerketa bat gauzatu zuen, eta alkateak nabarmendu duenez, azokak herrian “inpaktu ekonomiko oso positiboa” du.
Partehartze prozesu zabala
Hiri Ekonomiaren parte diren eta zeresana daukaten eragile guztien elkarlanean gauzatutako proiektua dela azpimarratu du Olatz Peon Ormazabalek. Partehartze prozesu zabala izan du planaren garapenak: 305 inkesta saltoki eta ostalarien eskutik; 10 sakoneko elkarrizketa eragileekin; 5 taldekako lan saio; eta sektoreari eta herritarrei irekitako web atala egon da zabalik, inkesta betetzeko aukera emateaz gain, informazioa jaso eta ekarpenak egiteko aukera eman duena.
Nabarmendu behar da Hiri Ekonomiaren Plan Estrategiko hau Tolosatzen prozesuarekin bat datorrela eta bertan txertatuko dela.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


