Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/12/22

Tamalgarri deritzogu, Errenteriako udal gobernuak, aurrekontuak hobetzeko gainerako udal taldeekin lan egiteko erakutsitako benetako borondate faltari

Herritarrek helarazitako eskaerei erantzun ematera bideratuta aurkeztu genituen proposamenak, onargarriak ziren, bai eduki eta bai kopuru aldetik
Maite Peña

Asteartean ospatu zen osoko bilkuraren ostean, EAJ-PNVren udal taldeak, udal gobernuak aurkeztutako 2017ko aurrekontu proiektua hobetze aldera aurkeztutako proposamenak onartzeko borondaterik ez izana tamalgarritzat jo du. Talde jeltzaleak, halaber, adierazi du, gobernu taldeak osoko bilkuran aurkeztutako proposamena itxura kontua besterik ez zela izan. Maite Peña bozeramaile jeltzalearen hitzetan “EH Bilduk eta Errenteria Irabazizek osatutako gobernu taldeak osoko bilkuran bere emendakina aurkezteko prozedura, harrigarria eta gainerako taldeekiko errespeturik gabekoa iruditzen zaigu. Emendakina osoko bilkuran bertan aurkeztu zuten, in voce, inongo txosten teknikorik gabe, eta oposizioko taldeei eskatutako prozedura eta epeak bete gabe. Emendakinari transakzional izena jarri nahi izan zioten, hau da, beste taldeekin adostutakoan esaten zaiona, beste taldeei ezagutarazi ere egin gabe”. Baina formetatik haratago, jeltzaleek, batez ere, edukiarekin azaldu dute beren desadostasuna, honek, oposizioko taldeen 3 ekarpen baino ez baititu jasotzen, Errenteriako 60 milioietako aurrekontua, guztien artean 100.000 euro suposatzen dutelarik. “Kontutan izanik, adibidez, soilik Atlantikaldia ordaintzeko partidaren kopurua 250.000 eurokoa dela, proposamena, akordio batetara iristeko baino, akordioa bilatzearen itxurak egiteko aurkeztua dela iruditzen zaigu” azaldu du Maite Peñak.  

Jeltzaleek aurkeztu zituzten proposamenen ardatzak, gizarte zerbitzuak, etxebizitzarako sarbidea, mugikortasuna eta herriko merkataritza ziren eta proposamenak, bere osotasunean, 1.200.000 eurotan eragiten zion aurrekontuari, hau da, aurrekontu osoaren %2. “Jarrera eraikitzailearekin lanean aritu gara, bai kopuru eta bai eduki aldetik onargarriak diren proposamenak egiteko eta akordioetara iristeko, baina aurrekontuaren %2ri eragiten zioten gure proposamenen %10 besterik ez onartu izanak, ez dio lan horri merezi duen erantzuna eman” adierazi dute jeltzaleek. “Nahiz eta gobernu taldeak bere emendakinean gure proposamenei ia espaziorik utzi ez dien, bertan jasotako etxebizitza plana eta trafikoaren azterketa ahalik eta egokien aurrera eraman eta herritarren arazoetan ahal bezain eraginkorren izan daitezen lan egiteko konpromisoa hartu dugu” jarraitu dute jeltzaleek.

EAJ-PNVren udal taldearen aburuz, aurkeztu zituzten proposamenak aurrekontuetan txertatzeak, errenteriarren bizi kalitatea hobetzeko balio zezaketen. “onartu ez diren hainbat proposamen oso garrantzitsutzat ditugu, hala nola, Galtzarabordako igogailua, Iztietako  autobus geltokiaren handitzea, herriko merkataritzari bultzada ematea edo gizarte zerbitzuetako hainbat partida, adineko zein ezinduen autonomia bermatzeko ekintzak edo eta baztertze arriskuan dauden pertsonentzako laguntzen areagotzea; horregatik, ez dugu gure helburua bertan behera utziko eta errenteriarren benetako beharrei erantzuna emateko lanean jarraituko dugu” adierazi du Maite Peñak.

Azkenik, EAJ-PNVk azaldu du, nahiz eta gobernu taldeak elkarlanerako borondate eskasa adierazi duen orain arte, proposamenak lantzen eta udaletxean aurkezten jarraituko dutela. “Herritarren beharrei arretaz entzuten jarraituko dugu, horretarako eragileekin nahiz norbanakoekin hasitako bilerekin jarraituko dugu, guztien eskaerak entzun eta erantzun bat emate aldera, eta gogora arazi nahi diegu herritar guztiei, beraien ahotsari bide emateko gure udaletxeko bulegoa zabalik dutela eta Zure Errenteria ekimenean zabaldutako  kanalek, zabalik jarraitzen dutela, guztien iradokizunen zain” amaitu dute. 

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...