Gipuzko Buru Batzarra

Berriak

Ezagutzera eman
2016/12/19

Errenteriako EAJ-PNV udal taldeak, gizarte politiken aurrekontua indartzea proposatzen du

Adinduentzako apartamentu tutelatuak eta gizarte baztertze arriskuan dauden pertsonen arreta bezalako gaietan aurrera egiten jarraitzeko neurriekin batera etxebizitzaren arazoari azkartasunez erantzutera bideratutako irtenbideak proposatzen ditu, babestutako alokairua bultzatuz
Errenteria

Gobernu taldeak datorren urteari begira aurkeztutako aurrekontuak aztertu ondoren, EAJ-PNVren udal taldeak bere ekarpenak egin eta Ogasun batzordean aurkeztu ditu, onartuak izan eta hasierako aurrekontu proposamena hobetze aldera. Jeltzaleek adierazi dutenez, aurkeztu dituzten proposamenen ardatzak gizarte politikak indartzea, etxebizitzarako sarbidea erraztea eta herriko mugikortasuna, oinezkoa nahiz ibilgailuena, hobetzea dituzte ardatz nagusi, baina herriko merkataritzan kontsumo osasungarria bultzatzeko proposamen bat ere egin dute.

Gizarte zerbitzuak

Udal talde jeltzaleak, udalerriaren behar nabariak kontutan hartuta, gizarte zerbitzuen eskura baliabide ekonomiko gehiago jartzeko beharra ikusten du. “Adinduentzako apartamentu tutelatuak edo gizarte baztertze arriskuan dauden pertsonen arreta bezalako gaietan aurrera jarraitu behar dugula pentsatzen dugu” adierazi dute jeltzaleek “hau guztia posible izateko, beharrezkoa deritzogu gizarte zerbitzuen eskura baliabide gehiago jartzea” amaitu dute. 

El grupo municipal jeltzale, ante las necesidades palpables del municipio,  ve la necesidad de dotar de más recursos económicos al área de servicios sociales. “Creemos necesario seguir avanzando en cuestiones como apartamentos tutelados para personas mayores, o atención a personas en riesgo de exclusión social” han manifestado los jeltzales, “para que esto sea posible, es necesario poner más recursos a disposición de los servicios sociales” concluyen.

Aurten ere, lehengo urtean egin zuen bezala, EAJ-PNVren udal taldeak zahartze aktibo baterako plan integral baterako diru partida bat eskatu du, adinduen ongizatea bermatu eta berauen autonomia bultzatu eta ohitura osasungarriak bultzatze aldera. “Gure gizarteak bizi duen aldaketa ikusita, egungo eta etorkizuneko beharrak identifikatu eta erantzuna eman behar diegu, adinekoek bizitza oso bat izaten jarraitu ahal izateko, baita zahartzaroan ere” adierazi dute jeltzaleek.

Alde horretatik, jeltzaleek beharrezkoak ikusten dituzte baita laguntza teknikoak ere, adinak sortutako edo ezintasunen batek sortutako beharrak dituzten errenteriarrek beren autonomia pertsonala mantendu ahal izateko. Beharrezkoa da Udalak pertsona horiek beren ingurua moldatzeko duten beharrei erantzutea.

Etxebizitzarako sarbidea

Jeltzaleek adierazi dutenez, udal gobernuak aurkeztutako aurrekontuan jasotzen den gazteentzako zuzkidurako etxebizitzen proiektuak ez dio etxebizitzarako sarbidearen arazoari bere osotasunean eta era azkarrean erantzuten. “Errenteriarrek etxebizitzaren arazoari erantzun azkar eta globalagoa ematea behar dute” diote jeltzaleek. Horiek horrela, jeltzaleek beraien hauteskunde programan aurkeztu moduan eta 2016ko aurrekontuan eskatzen zuten bezala, 2017ko aurrekonturako etxebizitza hutsak mobilizatu eta alokairu soziala bultzatzera bideratutako partida bat eskatu dute, horrela, arazo gehien dituzten herritarrei etxebizitzarako sarbidea errazteko. “Errenteriarrek maiz helarazi dizkigute errenta baxuenak dituzten pertsonek etxebizitza bat alokatzeko dituzten arazoak, izan ere, Errenterian, oro har, alokairuak oso altuak dira, dagoen eskaria eta eskaintzaren arteko diferentziarengatik. Horregatik, Alokabiderekin hitzarmen bat sinatzeak eta gainera hitzarmen horren baitan baliabide ekonomiko batzuk jartzeak, etxebizitza hutsak mobilizatzen eta ondorioz alokairu eskaintza handitzen lagunduko luke. Irtenbide hau, azkarragoa izango litzateke eta errenteriarrengan oro har izango luke eragina, ez gazteengan bakarrik”.

Mugikortasuna

Mugikortasunari dagokionez, jeltzaleen iritziz, oinezko naiz ibilgailuentzako mugikortasun arazoak konpontzeko bideak jarri behar dira. Oinezkoen mugikortasunaren kasuan, gure udalerriaren orografia kontutan izanik, goialdeko auzoetako irisgarritasuna bermatze aldera, igogailuak beharrezkoak direla adierazi dute jeltzaleek. “Udal gobernuak egin zuen lehenengo aurrekontu proposamenean, Galtzarabordan igogailu berri bat aurreikusten zen, baina bigarren proposamenean, hau da, aurkeztutako behin-betiko proposamenean, igogailua alde batera utzi da eta horretan, gure iritziz, udal gobernua erratu egin da”. Horiek horrela, eta irisgarritasunean aurrera pausoak ematen jarraitzeko, udal talde jeltzaleak, partida hori mantendu dadila eskatu du. 

Ibilgailuen mugikortasunari dagokionez, jeltzaleek adierazi dute herritar ugariren kexak jaso dituztela trafiko eta aparkaleku arazoengatik. “Ibilgailuentzako zirkulazioak egunetik egunera labirinto itxura gehiago du eta pilatze puntuak sortu dira, gidari nahiz bizilagunei eragozpenak sortuz” diote jeltzaleek. “Herriko trafikoa oro har, ikuspegi global batekin aztertuko duen azterketa baten beharra ikusten dugu, trafiko eta aparkaleku arazoei konponbidea emateko” jarraitu dute jeltzaleek. EAJ-PNVren udal taldeak orain hilabete batzuk puntu hauetako baten inguruko proposamen bat egin zuen hain zuzen ere, Nafarroa etorbidean kokatutako semaforo bat leku aldatzea eskatzen zuten, Iztietatik ibilgailuen irteera errazte aldera, eta honekin batera, bertako autobus geltokia handitzea eskatzen zuten, autobus bat baino gehiago dauden momentuan espazio faltagatik sortzen diren arazoak saihesteko. “Pozten gaitu semaforoaren inguruan egin genuen eskaera kontutan hartu eta gauzatu izanak, horrek herritarrei, eta bereziki Iztietako bizilagunei, onurak ekarriko dizkiela ziur gaudelako, baina, gure proposamenaren bigarren zatia ere kontutan hartzea beharrezko ikusten dugu; horregatik, Nafarroa etorbideko autobus geltokiaren inguruko urbanizazio proiektu bat egiteko partida bat proposatu dugu, geltokia handitu ahal izateko” jarraitu dute jeltzaleek.

Herriko elikagai merkataritzaren eta elikadura osasungarriaren sustapena

Amaitzeko, helburu bikoitza duen partida bat proposatzen dute jeltzaleek, herriko elikagai merkataritza indartzea eta elikadura osasungarria sustatzea. Jeltzaleen iritziz, belaunaldi berriek, bizimodu aldaketaren eraginez, erosteko eta elikatzerako orduan ohitura berriak dituzte. “Badakigu halabeharrezkoa dela soziologiaren aldaketa kontutan izanik ohiturak aldatzen joatea, baina beharrezkoa iruditzen zaigu Udalak belaunaldi berriengan herriko merkataritzan produktu fresko eta osasungarrien kontsumoa  sustatzea”. “Udalaren eta herriko merkataritzaren elkarlanaren aldeko apustua egiten dugu, kanpainen bidez,  gazteak betiko elikagai merkataritzara, harategietara, arrandegietara, frutategietara, Udal Merkatura… gerturatu eta herriko ekonomia eta elikadura osasungarria bultzatzeko” jarraitu dute. “Esan daiteke Errenteriak tradizionalki inguruko herrietako pertsona asko erakarri dituela mota honetako merkataritza, Udal Merkatura adibidez, eta hori gure nortasunaren zati bat dela; babestu eta bultzatu behar den gure nortasunaren zati bat hain zuzen ere”.

Ezagutzera eman

Nabarmenak...

Berri ikusiagoak...