Gipuzko Buru Batzarra
Berriak
Joseba Egibar: “Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunek errespetutik elkarlanean aritu behar dugu, elkarrekin etorkizuna eraikitzeko”
Gaur, EAJko zerrenda burua Hendaian egon da, Iparraldeko arduradun jeltzaleekin –Urruñeko alkateordea, Jean Tellechea, alegia- eta beste hautagai gipuzkoar batzuekin. Joseba Egibarrek Iparraldean bizi eta hauteskunde hauetan -“euskal hauteskundeetan, gureetan”- bozkatuko duten pertsonak gonbidatu ditu “gure etorkizuna eraikitzen parte hartzeko”.
Hendaian, Egibarrek agerian utzi du konbentzituta dagoela “Iparraldek eta Hegoaldek errespetutik elkarrekin eraiki beharreko etorkizuna daukagula”. Eta horren harira, gogoratu du EAJk proposatzen duen estatus juridiko-politiko berria –hauteskunde-egitasmoan jasota dagoena- honako hau ezartzen duela: “Euskal autogobernuaren eguneratzeak eskubideak aitortu behar ditu, lotura politikoak eta barruko harremanak ezartzeko udalerrietan eta lurraldeetan, baldin eta lotura horiek egokitzat hartzen badira hiritarren garapenerako, eta haien ongizate sozial, ekonomiko eta kulturalerako. Horretarako muga bakarrak izango dira hiritarren borondatea bera eta haien erakunde ordezkatzaileen erabakiak”.
“Herri anitza eta plurala eraikitzen ari gara; Hegoalde eta Iparralde ezin gara bizi bizkarra emanda, aurrez aurre begiratu behar dugu, elkarrekin lan egin, proposatu eta, baita ere, arriskatu behar dugu, partekatzeko etorkizuna baitugu”, adierazi du. “Harreman hori errespetutik bultzatu behar da beti, euskaldun guztien onuraren alde”, gaineratu du.
EAJko legebiltzar-bozeramailearentzat, “harreman hori erakundeen arteko elkarlanean oinarritu behar da”. Eta ikuspuntu horretatik, “aurrerapauso” gisa hartu du Iparraldeko herrialdeek laster edukiko duten konfigurazio politiko-administratibo berria, Euskal Herriko Elkargoa delakoa –egoitza Baionan izango duen konurbazio bakarrak 158 udalerri batuko ditu eta hainbat eremuko “halabeharrezko eskumenak” bere gain hartuko ditu-. “Sortuko diren erakunde berriek hegoaldekoekin batera jardun eta lan egin behar dute, guztion artean ibilbide-orri amankomuna idazteko”, esan du.
Denok herri berekoak garela nabarmendu ondoren, Egibarrek azpimarratu du Iparraldeko eta Hegoaldeko euskaldunak euskarak batzen gaituela. “Iparraldeko euskaldunek, gutxienez, bi hizkuntza hitz egiten dituzte, euskara eta frantsesa; eta Hegoaldera –Hondarribia, Irun edo Pasaia- begiratzen badugu, gutxienez, bi hizkuntz hitz egiten ditugu ere, euskara eta gaztelania”, adierazi du. “Komunean ditugun euskarak eta hainbeste elementu kultural, sozial eta politikoek guztiz funtsezkoa egiten dute elkarrekin lan egitea etorkizuna irabazteko”, bukatu du.
Nabarmenak...
LAZKAO
2026/04/13
Gipuzkoa
2026/03/30
Berri ikusiagoak...
EBB
2019/04/12
EBB
2019/04/21
Gipuzkoa
2019/04/20
EBB
2019/04/11
EBB
2019/04/13


Harremanetarako
WWW.EAJ-PNV.EUS


